Albistea entzun

Katalunia. Burujabetzaren bidean (IV). Vicent Partal. Vilaweb atariko zuzendaria

«Madrilek badaki itxikeria utzi eta hitz egin beharko duela»

Alderdi politikoen dialektika barneratuta, askok ahaztu egin dute Kataluniako benetako protagonista herria dela. Horixe azpimarratu du Vicent Partal kazetariak. Garrantzia kendu die alderdi politikoek prozesua urardotzeko izan dezaketen tentaldiei.
DANI CODINA

Ion Orzaiz - Berriemaile berezia

2013ko irailak 10 - Bartzelona

Hurbiletik ezagutu ditu Vicent Partal kazetari eta Vilaweb-eko zuzendariak Ekialdeko Europako herrialdeen independentzia prozesuak. Eta burujabetzaren bidean atzera egitea ezinezkoa dela uste du. Kataluniako independentismoaren arrakasta herri mugimenduarengatik dela dio .

Une erabakigarrian daude Kataluniako herritarrek. Honen parekorik ezagutu al duzu?

Katalunian, ez. Aurrekorik gabeko egoera da. Atzerrian, bai. Antzekotasunak topa ditzakegu Eskozian, adibidez. Bertan, argi daukate nazio bat direla, eta estatu propioa izatea praktikotasun kontua da: komeni zaigu estatu propioa izatea ala ez? Hemen ere, Kataluniako herritar gehienek badaki nazio bat garela, eta hori lortzeko tresna egokiena bilatzen ari gara orain.

Mariano Rajoy ez da David Cameron, ordea...

Ez. Cameron izan balitz, agian independentismoa ez litzateke horren indartsua izanen Katalunian, baina Espainiak itxikeriaz jokatu du beti Kataluniarekin, eta hori da egungo egoeraren arrazoietako bat. Agintariak horren ustelak izan ez balira, hizkuntza eta kultura katalanari eraso egin ez baliote eta eskumen gutxi batzuk eman izan balituzte, egoera oso bestelakoa zatekeen, baina gaur egun atzerako biderik ez dago. Duintasun kontua da.

Baina gehiengoak independentzia eskatu arren Madrilek ezezkoa ematen badu, egoera ez al da blokeatuko?

Ekialdeko Europako herrialde askoren independentzia prozesuak zuzenean ikusteko aukera izan dut, eta Espainiako unionismoak erabiltzen dituen argudio horietako asko entzunak ditut. Finean, independentzia lortu nahi baduzu, bi gauza egin behar dituzu: alde batetik, independentzia aldarrikapena egin eta Hagako auzitegira jo, balioetsi dezaten; eta, bestetik, zure herrialdea kontrolpean mantendu, hau da, herrialdeko legezko gobernu legia zeu zarela frogatu. Halaxe egin zuten Lituanian, Eslovenian, Kosovon...

Aldi horretara heldu baino lehen, ordea, herritarrei galdetuko zaie. Plebiszitua 2016ra atzeratzeko aukera aipatu zuen berriki Artur Masek. Zer pentsatzen duzu horren inguruan?

Nire ustez, hanka sartu zuen. Eta berak badaki hori. Segur aski, ez zuen esandakoa jendeak ulertu zuen moduan ulertzerik nahi. Keinu bat egin nahi izan zuen, baina sute bat piztu zuten haren hitzek.

Keinua, nori?

Agerikoa da Espainiako Gobernua eta Artur Mas negoziatzen ari direla. Antza denez, independentzia hitza aipatzen ez duen erreferendum urardotu bat onartzeko prest legoke Rajoy. Testuinguru horretan egin zituen Masek adierazpenok.

Negoziaziorik izan dela ukatu egin du orain, ordea...

Negoziazio formalik izan dela ukatu du, baina hitz egin dutela aitortu du, eta horrek esan nahi du Madrilen itxikeria fasea amaitu dela, eta Espainiari berdintasunez hitz egitea beste erremediorik ez zaiola gelditzen. Segur aski, Europako Batasunak zeresan handia izan du horretan. Presioa egin dio Rajoyri, itxikeria albora dezan.

Masen eta Rajoyren arteko akordio batek independentzia prozesua kamustuko duela esan nahi al du horrek?

Ez. Askok ahaztu egiten dute aferaren oinarrian ez dagoela Mas, ezta CiU ere. Prozesuak aurrera eginen du Masekin edo bera gabe. Horren erakusgarri da ANC Biltzar Nazional Katalanak hartutako jarrera irmoa. Katalunian gertatzen ari dena ezin da ulertu alderdien ikuspuntutik, eta hori izan da Masen eta gainontzeko agintarien oker nagusia. Izan ere, egoera berri honek badu ezaugarri bereizgarri bat: inork kontrolatzen ez duen herri mugimendu bat, ANC izenekoa. Hortaz, alderdien arteko ohiko harremanak, trikimainak edo tratuak ezin dira erabili.

Zergatik egin du eztanda orain?

Berez, urte askoko bidea izan da. Trantsizio garaian, lan handia egin zuen Kataluniako Biltzarrak, baina prozesua amaitu aurretik desegin zen, eta herritarrek eskatzen zuten hartatik oso urrun gelditu zen onartutako autonomia. Oraingo aldarrikapenek garai hartan dute oinarria, eta, bide horretan, lan eskerga egin du independentismoak: Terra Lliure, La Crida, ezker marxistak, intelektualak... Horiek guztiek erein zuten gaur egungo errealitatearen hazia. Bestalde, Espainiarekin hitzarmen bat lortzeko azken ahalegina Pasqual Maragallek egin zuen: estatutuaren erreforma, eta interpretazio okerra egin zuen Madrilek. Ahaleginak porrot egitearekin batera, Espainiaren barruan jarraitzeko aukera oro desagertu zen. Independentziaren aldarrikapena gero eta ozenago hasi zen entzuten 2009ko kontsulta sortaren bitartez, eta horrek guztiak gora egin du orain.

Bihar: Carme Forcadell

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jende andana Eskoziako trans legearen proiektuaren aldeko protestan, joan den astean, Londresen. ©ANDY RAIN / EFE

«Blokeoaren atzean asmo politikoak daude»

Maddi Iztueta Olano

Erresuma Batuko Gobernuak trans legea blokeatzeak hautsak harrotu ditu Eskozian. Florence Oulds ekintzailearen arabera, prozesu demokratiko bat eten dute. Uste du trans komunitatea ez ezik beste herritarrak ere «oso haserre eta minduta» daudela.

Israelgo soldaduak atzo erasoa izan zen sinagogaren kanpoaldean. / ©ABIR SULTAN, EFE

Israelek 42 pertsona atxilotu ditu Jerusalemgo ustezko erasotzailearen etxean eta inguruetan

Jon Ordoñez Garmendia

Besteak beste, Jaire Alkam gazte palestinarraren gurasoak atxilotu ditu. Guztiak horren bizikideak edo bizilagunak dira. Israelek 13 urteko haur palestinar bat hil dute bi israeldarrek, ustez horrek beste bi zauritu ostean.

Tyro Nichols, Poliziak hil aurretik, bart zabaldu den bideoaren irudi batean. / ©Memphisko Udala

Memphisko bost poliziak afro-amerikar bat hil arte jipoitu dute eta protestan atera da jendea berriro kalera

Jon Ordoñez Garmendia

Memphisko bost poliziak urtarrilaren 10ean hil zuten Tyre Nichols, eta bart zabaldu dituzte jipoiaren irudiak.

Israelgo larrialdi zerbitzuetako langileak eta Polizia, atzo, erasoa gertatu zen lekuan, Jerusalem ekialdeko sinagoga batetik gertu. ©ATEF SAFADI / EFE

Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Jerusalemgo sinagoga batean

Mikel O. Iribar Mikel Elkoroberezibar Beloki

Israelgo armadak ustezko egilea hil du, eta erasoa «terroristatzat» jo. Hamasek ekintza goratu du, bere gain hartu gabe. Palestinak bost suziri jaurti ditu Gazatik Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...