Mikel Orbañanos. Hondarribiko entrenatzailea

«Ondo ibili ginen denboraldietan bezala ari gara sentitzen»

Lau egunean bi bandera irabazi ditu bere taldeak: San Miguel ligakoa igandean, eta Gipuzkoako Txapelketa asteazkenean. Garai egokia da arduradun teknikoarekin jarduteko.

GARI GARAILDE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Asteazken iluntzean, bere arraunlariak pozarren zeudenean Gipuzkoako Txapelketako bandera Ama Guadalupekoa traineruan sartu berritan, alboko txalupa batean zegoen Mikel Orbañanos (Orio, Gipuzkoa, 1973). Irribarre gozoak margotu zion aurpegia. Pozaren irribarrea zen, baina askoz gehiago ere bai: lan ona egiten ari denaren barru-barruko poza, eta bere agindupean dauden kirolariak gustura ikustean pozten denarena.

Denboraldia hasi zela ez da denbora asko pasatu, eta, dagoeneko, bi bandera irabazi dituzue. Ez dago hobeto hasterik.

Bagenekien ondo ibiliko ginela, entrenamenduetan eta denboraldi-aurreko estropadetan ikusten genuelako lan ona ari ginela egiten. Hala ere, gauza bat da irabazteko aukerak edukitzea, eta bestea irabaztea, oso zaila delako aurrena izatea.

Hain hasiera ona espero al zenuten?

Hain ona ez. Guk gauzak oso ondo egin ditugu bi banderak irabazteko, baina gero, gure alde atera dira beste gauza batzuk.

Zergatik irabazi ditu bi bandera Hondarribiak?

Moañan (Galizia) oso estropada ona egin genuen, eta gero, eguraldiaren baldintzak gure aldekoak izan ziren; lagundu egin zigun aldaketa horrek. Hala ere, egin genuen estropada egin eta gero, ontzi denentzat baldintza berak izan balira, aurreneko hiruretan sartuko ginateke. Bueno, gehiago zehaztuz, uste dut bigarren egingo genuela, Astilleroren atzetik.

Eta Gipuzkoako Txapelketa?

Oso itsaso mugitua zegoen Donostian. Guk ondo egin genituen gure lanak. Egia da San Juanek ura hartu zuela, eta sekulako kaltea egin ziola horrek, baina estropada baldintza onetan joan izan balitz ere, aurrean ibiliko ginen.

Hain ondo ibiltzearen sekretua arraunketa egokia erabiltzea dela ari zarete esaten, baina ez al dauka eragin handiagoa arraunketa horretara egokitzen diren arraunlariak dituzula?

Lan handia egin dugu arraunketa lantzen. Garrantzi handia eman diogu, eta lana ere proportzio berean joan da. Azkeneko denboraldietan galduta geneuzkan sentsazioak ari gara sentitzen berriro. Ondo ibili ginenean bezala ari gara sentitzen.

Irabaztea beti da berezia, baina Moañakoa eta Gipuzkoako Txapelketa berezitasun apartekoarekin hartu al dituzue?

Bai, hala izan da. TKE ligan irabazi genuen azkeneko bandera 2007an irabazi genuen. Hiru denboralditan egon gara batere irabazi gabe, nahiz eta iaz, Zarauzko Estropadetako bigarren egunean azkarrenak izan; baina garaipen hura ez da inon azaltzen, bi egunetako denborak hartzen direlako kontuan. Horregatik, berriz ere ligan bandera irabaztea berezia izan da guretzat. Gipuzkoako Txapelketan aurrena izatea ere polita da, herrialdeko txapelketa delako. Helburutzat geneukan jarria denboraldiko plangintzan, eta hasierako asmoa gauzatzea ere ederra izaten da. Bi banderak izan dira bereziak, bai.

Denboraldia hasi aurretik, talde guztien jarduna aztertzeko orduan, Hondarribia ez zen hautagaia banderak irabazteko. Orain, ordea, faboritoen zerrendan sartu zarete bi banderak irabazi eta gero. Entrenatzaile gisa aldatu egingo al zaizu arraunlariekin psikologikoki egin beharreko lana?

Ez, ez zait ezer aldatuko. Orain arteko bide beretik segitu behar dugu. Gure lana da gauzak ondo egiten jarraitzea, horixe dago gure esku, eta hori egin behar dugu. Kontuan eduki behar da beste traineru batzuk gu baino indartsuagoak direla, gu baino potentzial handiagoa dutela, eta, ondorioz, guk baino aukera gehiago izango dituzte banderak irabazteko. Bi banderak irabazi izanak ez digu aldatu behar orain arteko pentsamoldea. Badakigu non gauden eta besteak non dauden.

Ligako estropadetan hainbat komeria izan da orain arte, eta eguraldiak nahiz itsasaldiek asko baldintzatu dituzte arraunlarien lanak. Gaur eta bihar ere eremu bereziak izango dituzue. Zer gerta daiteke?

Gaurko, eguraldi aldaketa dago iragarrita, eta justu arratsaldetik aurrera dago emanda aldaketa hori. Txarrerako joera hartuko duela diote iragarpenetan. Hala bada, eta estropadaren erdian gertatzen bada eguraldi aldaketa, ezberdintasunak egongo dira txanda batetik bestera. Biharko estropadari dagokionez, itsaso zabalean da, Santanderren (Espainia), eta oso txarra dago iragarrita.

Itsaso txarra eta Hondarribia ondo konpontzen direla ikusita, bihar ere aintzat hartu beharko zaituztegu?

Ondo moldatzen garela egia da, eta nahi izaten dugu itsaso txarra. Baina ez zait gustatzen inor edo ezer arriskuan jartzea. Gainera, ezbeharra norberari ere gerta dakioke. Eskatzen dudana da arraunean ondo egiteko itsasoa egotea, eta bakoitzak ahalik eta ondoen egin dezala.

Arraunean egin behar al duzu denboraldi honetan?

Oso ondo ari naiz entrenatzen, sasoi onean nago, baina une egokia da trainerua kanpotik ikusteko. Gazteak ederki ari dira, eta lekua utzi behar zaie. Seinale ona da, ni ez nagoela, trainerua ondo ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.