Pedalkada bat gehiago beti

Michela Fanini Italiako taldearen eskaintza onartuta, profesionaletan beste pauso bat ematea erabaki du aurten Mireia Epeldek. Irakasle lanarekin uztartuko du bizikleta gainekoa.

unai zubeldia
Zornotza
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Azpeitia, Bilbo eta Lucca. Euskal Herria eta Italia. Eta erdi-erdian, Mireia Epelde (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985). Irakasle-txirrindularia. Edo txirrindulari-irakaslea. Nondik begiratzen den. Ezin bakarra eta osorik izan. «Iraun daiteke txirrindularitzarekin, baina...». Horixe. Iraun. Askoz gehiago ez... emakumezkoen kasuan. Azpeitiarra lanaldi herenarekin dabil irakasle lanetan, Bilbon. Lanaldi osoa dauka, berriz, bizikleta gainean, eta geroz eta pedalkada sendoagoak ematen ari da profesionaletan, Euskal Herria eta Italia lotuz. Etxeko epelean aritu da egurrean orain arte. Eta Michela Fanini Italiako taldearen eskaintza onartu du aurten. «Gainerako irakasleekin saiatuko naiz egutegia egokitzen, lasterketetara joan ahal izateko». Tamalez, gizonezkoek baino pedalkada bat gehiago eman behar izaten dute beti emakumezkoek.

Etxeko inor «bereziki kirolzalea» ez zen arren, umetatik erakarri zuen kirolak Epelde. «Futbolean, pilotan, korrika, sokatiran, lokotx biltzen, boleibolean... Aukeran neukan guztia egiten nuen umetan». Peña Elorza Txirrindulari Elkarteko ordezkariak galdezka inguratu zitzaizkion arte. «Betidanik ikusi izan ditut lasterketa asko etxean; Giroa, Tourra... Baina askorik pentsatu gabe hasi nintzen pedalei eragiten». Joane Somarriba Italia aldera joan zen garaia zen hura. «Alfa Lumen garaia. 13-14 urte geneuzkan guk; etapa batzuk ikustera joan ginen, eta horrela sartu ginen bizikletaren munduan, ia oharkabean».

Eskolartean, Sabecorekin «eta zeuden babesle guztiekin» aritu ostean, Bizkaian (2007-2009) eta Lointek-en (2010-2012) gorpuztu zen ametsa. Aurten esan dio baietz Italiako abenturari. «Baina iaz ere deitu zidaten», aitortu du. «Bitxia izan zen egoera. Toscanako Itzuliko azken etapa zen. Taldeko presidentea da lasterketa horretako antolatzailea, eta deika hasi zitzaidan etapa hasi aurretik batera egiten ditugun kilometro horietan». Han hasi zen gorpuzten bien arteko lotura. «Aurretik, taldeen aurkezpenean ere, gero nirekin hitz egin nahi zutela esan zidan aurkezleak. Denen aurrean italieraz hizketan ez nindutela jarriko esan nion, erdi beldurtuta». Telefonoa eskatu zioten. «Eta berehala deitu zidan presidenteak, bizitzera hara joateko eskatuz».

Iazko kontuak dira horiek. Gizonezkoetan inor gutxi geratuko zen zalantzan eskaintza jasota. «Baina lan kontuak nola dauden ikusita, ezezkoa eman nien». Ezezko txiki bat izan zen, ordea. «Iaz, denboraldia amaitutakoan, berriz deitu zidaten». Ezezkoak ez zeukan lekurik jada. Italia aldean galtzeko askorik ez daukalako azpeitiarrak. «Gauzak nahi bezala irteten ez badira, etxera itzuli eta kito». Ilusio handiegia dago barru horretan apustua okerra izateko.

Ekainean, Italiara bizitzera

Ekain erdialdera arte Azpeitia eta Bilbo artean egingo ditu kilometroak Epeldek. «Lan kontuak tarteko». Ekainaren bukaeratik sasoia amaitu arte, berriz, Italiara joango da bizitzera. «Taldearen etxe batera». Atzerritar dezente daude taldean. «Bielorrusiako bat, Estoniako bi, Italiako beste hainbat, Tailandiako bat... Elkarrekin egongo gara gehienak». Italieraz «gutxieneko aginduak» ulertzen ditu jada. Eta ingelesak estaliko ditu italierazko ezinak.

Egutegi gogorra dauka parez pare. «Martxotik irailera arte bete-betean aritu beharko dugu». Baina sufrimenduarekin gozatzen ikasi du Epeldek. «Horregatik, daukadan guztia emango dut proba bakoitzean». Lehendik ere Giroarekin maiteminduta dago azpeitiarra. «Lasterketagatik, mendateengatik, giroagatik... Zorionez, laugarrenez parte hartzeko aukera izango dut aurten».

Taldea aldatuta, egutegia ere seriotu egingo zaio. «Bai lasterketen mailari dagokionez, baita gogortasunari dagokionez ere». Denboraldi amaierara erabat hustuta ez iristea izango da erronka. «Edwige Pitel frantziarra hor dago, Grete Treier estoniarra ere bai... Beste exijentzia maila bat da, beste diziplina bat». Entrenamendua, atsedena... une oro dena kontrolpean eduki beharko du.

Profesionalizazio bidean «beste pauso bat» emateko aukera eman dio Michela Faninik. «Lehen egonaldian jada nabaritu nuen hori. Pisua eta gainerakoak zaindu, mezu elektronikoak bidali, hegaldiak, ordutegiak, analisiak... Dena prest zeukaten». Ondorioa? Taldeak ere «dena» eskatuko dio azpeitiarrari. «Irabazteko, lan egiteko eta urtea lehertuta amaitzeko fitxatu naute. Eta, tira, ahal dudan guztietan, Pitel, Treier... horien ondoan aurrean ibiltzeko». Prestaketa ona eskatzen du horrek. «Eta hasieratik galdetu zidaten prestatzailea jartzea nahi ote nuen». Loli Sansano orain arteko prestatzailearekin «oso gustura» dabilela erantzun zien. «Eta, proposamen txiki batzuk gorabehera, ez zidaten jarri inolako trabarik».

Berezia da taldea. «Txirrindularia zen presidentearen alaba, eta entrenatzen ari zela hil zen, istripuz. Haren omenez jarri zion izena taldeari, eta Toscanan lasterketa bat ere antolatzen da haren izenarekin». Hilerritik abiatzen da etapa bat, eta alabaren omenez jarritako oroigarri batera joaten dira denak. «Azken egonaldian ere hara eraman gintuen. Nabari da harro dagoela alabarekin, eta sentimendu hori transmititu nahi digu». Errepidean sufritzen jarraitzeko beste arrazoi bat da hori.

Pentsamolde jakin bat barneratu dute txirrindulariek. «Bakoitzak zeregin bat dauka taldean, eta lan hori egin ezean, ondorio bat izango dugu». Presioa eta diziplina bai; baina seriotasuna ere bai. Hori bai, Italiara joanda ere «Emakumeen Bira» dauka Epeldek begiz jota. «Urtero zorte txarra izaten dut etxeko proban, eta horregatik, behingoz, maila ona eman nahiko nuke bertan». Giroko gozamena ahaztu gabe, noski. «Hobe da eraso, lehiatu eta bidean geratzea, helmugara 50eko taldean ezkutuan iristea baino». Filosofia lehiakorra dauka azpeitiarrak. Badaki ez dela itzuli handiak irabazteko txirrindularia. «Baina etapen lehian sartu nahiko nuke, betidanik izugarri gustatzen zaidalako lasterketetako eraso-kontraeraso joko hori». Sufrimenduaren bidetik, pedalkada bat gehiago emateko prest egoten delako beti Mireia Epelde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.