Neguko Olinpiar Jokoak Sotxin. Imanol Rojo

Domina bakarra nahi du: gozamenarena

Ioseba anaiaren babesik gabe, tristura puntu batekin, baina «umetako ametsa» betetzeko irrikan dago Imanol Rojo. Gaurtik hilaren 23ra, lau diziplinatan parte hartuko du tolosarrak.

Imanol Rojo, Donostian, eskiak eta makilak ondoan dituela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Bai, bai, ametsa da». Hizketarako moduarekin ere nabari zaio Imanol Rojori (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) umetan irudikatu zuen argazkian agertuko dela gaur bertan. Neguko Olinpiar Jokoetan. Munduko espezialista onenen artean. Munstro itxurako lehiaketa batean. Hantxe. Erdi-erdian, Tolosako eskiatzaile gazte-gaztea. 23 urte besterik ez daukalako Rojo anaietan gazteenak. Arantza txiki bat geratu zaio barruraino sartuta: «Ioseba anaia Sotxitik kanpo geratu izana». Gogorretik joan da hautaketa proba. Hiru ziren lehian sailkatze proba horietan, eta bik igaro dute langa: Imanol Rojok eta Javier Gutierrezek.

«Bilakaera baten ondorioa izan da Olinpiar Jokoetan sartzea, eta oso momentu onean iritsi naiz». Europako Kopan 13. postua lortuta, «itxaropentsu» dago Rojo. Hori bai, behin jokoetan ariko zela baieztatu ziotenetik, «eromena» izan da tolosarrarentzat. «Ez nago ohituta hainbeste elkarrizketa eta prentsaurreko ematera, baina merezi izan du». «Gozatzea» bakarrik dauka buruan. «Horretarako aukeratu nuen kirol hau umetan. Orain arte ez dut eduki diru iturririk, eta gozatzearekin nahikoa eta gehiegi izango da».

Hala ere, ezinezkoa da jokoetara lehiakor izan gabe iristea, eta tolosarrak jarri dio erronka txiki bat bere buruari: «Izugarria litzateke lau probetakoren batean lehen 30en artean sartzea». Gaurkoa dauka begiz jota, lau lehiaketetan lehenengoa: eskiathloia. Hamabost kilometro estilo klasikoan eta beste hamabost estilo librean. «Material egokiarekin eta zorte pixka batekin, nahiko aurrean ibil naitekeela uste dut». Ondoren iritsiko dira esprinta, hamabost kilometroko proba eta 50 kilometrokoa. Estreinako jokoak izateko, egur handi samarra hartuko du tolosarraren gorputzak.

Lau proba gogor-gogor dauzka zain Rojo anaietan gazteenak Sotxin. «Eta ahal den bezala kontrolatu beharko dugu burua». Neke fisikoari buruarena gehitu behar izaten zaiolako horrelakoetan. «Hurrengo lasterketetako presioa ahazten saiatu beharko dugu proba bakoitza hasi aurretik». Aralarren ikasten hasitakoa, eta Candanchun findutakoa, den-dena Sotxin erakusteko aukera dauka orain Rojok. «Umetan gurasoekin joaten ginen elurretara, pixkanaka pausoak emanez joan gara, Espainiako selekzioan sartu gintuzten, eta sari ederra da hau». Batere presiorik gabe, onartu du «urrun» daukala podiumerako borroka. «Baina zergatik ez!», apal batekin erantzun du, barre txikia ezkutatu ezinik. «Talde guztiak asko egin du hobera, eta orain arteko mailarik onenean nago».

Haritz Zunzunegiri begira

Gimnasioa, mendia, korrika, roll eski-a, bizikleta... Lan handia dago Sotxiren atzean. «Kirol hau besterik ez dugu edukitzen urte guztian buruan. Pertsona normalak garela iruditzen zaigu guri, baina jende gehienaren erabat bestelako bizimodua da gurea». Harro dago, hala ere, tolosarra. «Haritz Zunzunegi izan da, bereziki, gure erreferentzia. 2002an Salt Lake Cityko jokoetan parte hartu zuenean —1998an ere joan zen Olinpiar Jokoetara, Naganora (Japonia)—, telebistari begira egon ginen, herritarra animatuz». Eta berari begira egongo dira orain tolosarrak.

Ez daki Sotxin zerekin topo egingo duen. «Aurreko denboraldian ezin izan nintzen joan Munduko Kopako sailkapen probara, baina ez dauka garrantzi handiegirik ere. Eskiak jantzi eta sufritzea da sekretu bakarra». Bere buruarekin gustura geratu izanaren pozarekin itzuli nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.