Nazioarteko laguntzen argi-ilunak

Libiako matxinoak nazioarteko hamaika gobernuz kanpoko erakunderen laguntzaz baliatzen ari dira; Tunisiarekiko mugan nabarmena da kontrolik eza, eta nekez bereiz daiteke laguntza hutsa dena eta logistika militarra.

Nalutekoa da mendebaldeko fronteko elikagaien biltegi nagusia. KARLOS ZURUTUZA.
Tatauin
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Egun lau bezero mota dauzkagu», dio Sahaabek, Tatauineko (Tunisia) supermerkatu handienaren jabeak. «Muammar Gaddafiren jarraitzaileak batetik, eta gehiengoa diren matxinoak bestetik. Aldi berean, Tatauinen dauden errefuxiatu libiarrak etortzen dira gurera, bai eta bertako jende arrunta, jakina». Horrela, Sahaabek ezin du ukatu negozioetarako oso sasoi oparoak direla hauek. Gainera, baliteke aipatu «lau bezero mota» horiek baino gehiago izatea. Hiri kanpoaldeko bere biltegi nagusian, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria etiketa duten pakete ugari ere ikus daitezke, ehunka.

«Nazio Batuen kontratua lortu dut honako hauek bildu eta banatzeko. Bai, denok dakigu hauetako batzuk gerlariengana iritsiko direla, baina nik haiek esandako tokira bidaltzen dut, ez besterik. Ez dut galderarik egiten», argitu du Sahaabek, urduri. Informazio gehiago nahi izatekotan, UNHCRko arduradun Kamel Deritxengana jotzeko gomendatu du.

Iragan apirilean, matxinoek Tripolitik 300 kilometrora dagoen mugako pasabidea erasotu eta mendean hartu zuten. Hurrengo hilabetean 60.000 errefuxiatu baino gehiagok jo zuten handik Tunisiara. Hasieran, iheslari kopuru erraldoiek turismoa uxatu zuen, Tunisiako diru sarrera handienetako bat agortuz. Egun, baina, errefuxiatuak biktima nahiz bezero gisa hartzen dituzte.

Errefuxiatuak etxeetan

«Musulman ororen betekizuna da hau. Lagundu nahi dugu eta, aldi berean, lagundu behar dugu», dio Ehmansuva Nauifelek, Tatauineko merkataritza saileko bulegarietako batek. Hango beste askok bezala, Nauifelek ere familia libiar bat hartu du etxean. Izan ere, hala daude eskualdera bertaratu diren libiar gehienak. Tunisiarren abegikortasunari esker, 3.000 lagun baino ez daude hiriko hiru errefuxiatu guneetan.

«Astebete edo bi asteko kontua izango zelakoan geunden denok hasieran; hilabete, asko jota», dio Hamad Auamek, Bengazitik (Libia ekialdetik) iritsitako laguntzaile boluntarioak. «Dagoeneko bost hilabete pasa dira. Iraultza bukatzen denean, mugako igarobide hura kendu beharko genukeela uste dut».

Otsailean gerra piztu zenetik, agian hau da aldaketarik nabarmena: hasieran gerlariek errefuxiatuei laguntzen zieten, baina gaur egun kontrakoa gertatzen da. Egia da armak ez daudela agerian Tatauineko kaleetan, eta, aldi berean, urriak direla oso mugaren beste aldean. Edonola ere, mendebaldeko fronteko elikagai eta erregaien hornitzaile nagusi bilakatu da Tatauin; zalantzarik gabe.

Nalut da, hain juxtu, Zetaren bide txiki horren helmuga, jada Libiako mendietan. Muammar Gaddafiren GRAD suzirien erasopean egunero izan arren, lehergailuek ez dituzte oraindik jo Naluteko bi biltegi preziatuenak: gasolinarena bata, eta elikagaiena bestea. Tatauinetik iritsitako guztia Nafusa mendikatean matxinoen esku dauden beste hamahiru herrietara bidaltzen da handik.

«Tunisiatik dator hau guztia», dio Mohamed Omarrek, errepide nagusiaren alboko biltegiaren arduradunak. «Bulego bat daukagu Tatauinen; hari eskatu eta egun gutxiren buruan iristen zaigu».

Mugako miaketak

Pasta eta arroza pakete gehienek etiketarik eduki ez arren, batzuk bistan dituzte emaileen izenak:Islamic Relief, USAID, MEP Munduko Elikadura Programa, Europako Batzordea… Matxinoek NBE Nazio Batuen Erakundeko laguntza ere jasotzen ari ote diren ez dago argi. «Guk errefuxiatuei besterik ez diegu laguntzen, eta, inondik ere gerlariei», erantzun dio BERRIAri UNHCRko arduradun Kamel Deritxek, Tatauinen. Nazioarteko erakundeko buruzagiak gaineratu duenez, «600.000 dolarreko aurrekontua du UNHRCk Tatauin eskualdean soilik dauden errefuxiatuei laguntzeko». Deritxek argi utzi du: «Mugaz gaindiko edozein operaziotik at dago gure erakundearen lan esparrua».

Bere baieztapena indartzearren, Deritxek dio muga pasabideko miaketak oso zorrotzak direla. Baina berta-bertako mugan zazpi orduko egonaldi baten ostean bestela pentsa daiteke: tunisiar soldaduek euren lurraldean sartzen den ibilgailu oro ikuskatzen dute, eta ez, ordea, Libiarantz doazenak. Bat ere ez. Nafusa mendikaterantz doazen kamioilariek euren pasaportea erakutsi besterik ez dute egin behar Tunisiako aldean; Libiakoan, euren izena ordenagailuan jasotzea nahikoa dute matxinoek. Miaketarik ez, bi aldeen erdian UNHCRko bost langile badaude ere. «Jendearen joan-etorria neurtzea» ei dute betekizun.

«Hiru egun eman ditut Tatauinen nire familiarekin. Orain Libiara noa berriz», dio Malek Emhaded 18 urteko gerlariak muga igarobidean. Bere alboan, koltxoiek gainditutako kamioi bat zain dago, ilaran. Aurrekoak gasolina darama, eta atzekoak, botilatutako ura —Libiako mendietan edan daiteken bakarra—.

Arroz tona urri batzuek ez dute esan nahi hainbat nazioarteko erakunde matxinoen hornitzaile eta babesle bilakatu direnik. Praktikan, baina, Tunisian nekez bereiz daitezke errefuxiatuentzako laguntza hutsa dena eta logistika militarra. «Non ikusten duzu desberdintasuna? Egun ez dago zibil eta gerlarien arteko desberdintasunik Libian», dio mugatik Nader Aiusefek, Iowan (AEB) unibertsitate ikasketak egindako matxinoen bozeramaileak. «Gerlari guztiak zibilak ziren gerra hasi aurretik; irakasleak, autobus gidariak, administrariak… soldaduari ala zibilari laguntzea ez dio axola, pertsona bera dira eta».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.