Urtebeteko argi-ilunak

Ilusioa galdu gabe, aurrera egin du Maialen Zelaia Realeko aurrelari gazteak. Belauneko lesioa tarteko, geldirik egon da hamalau hilabetez. Taldekideen babesean, jokalari sentitzen hasi da berriz.

Maialen Zelaia, realeko aurrelaria, irribarretsu, aste honetan, Zubietako instalazioetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Olaia Juaristi.
Donostia
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Futbolari lotuta hazitako gaztea da Maialen Zelaia (Donostia, 1988). Hondarretan eman zizkion lehen kolpeak baloiari, Donostiako Santo Tomas Lizeoko taldearekin. Gerora, lau urtez jokatu zuen Añorgan, eta bere ametsetako klubean dabil 2007tik: Realean. Futbola pasioa du aurrelariak, buru-hausterik gehienak ere horrexek berak eragin izan dizkion arren. Talde txuri-urdinean bost urte ilusioaren aparretan pasatu ondoren, eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen iaz, entrenamendu batean. Ilusioa, irria, gozamena, zoramena... Sentimendu horiek guztiak bizi ondoren, negar, tristura, pena, min, amorru eta inpotentzia batuketa jasangaitzak eman zion kolpea, bat-batean.

Denentzat izaten da oso iluna halako lesio baten ondorena, baina Lehen Mailako jokalari batentzat are zailagoa. «Inoiz ez duzu uste zuri gertatuko zaizunik, baina iristen denean, aurrera egin behar duzu, ez dago besterik». Filosofia horri helduta, itxuratzen hasi zaio egoera. Hamalau hilabete luzeren ondoren, beldurrak eta sufrimenduak uxatu, eta berrindartzen hasia da dagoeneko donostiarra. Sufrimenduaren ondoren, argi dauka zein den gertuko helburua: pasio duen horrekin gozatzea.

Lotailu gurutzatua hautsitakoan, sei-zortzi hilabeteren buruan osatzea izaten da ohikoena, medikuen arabera. Zelaiaren kasuan, ordea, bikoitza izan da errekuperazio epea: «Zaila izan da; oso motela», azaldu du. Hiru ebakuntza egin behar izan dizkiote, eta badirudi hirugarrena erabakigarria izango dela. «Ondo ari zait osatzen belauna; ondo ari zait erantzuten», hasi du azalpena. «Oraindik, ez nago bete-betean, erritmo falta dudalako, baina laster lortuko dut sasoi betean egotea». Giharra indartzeko «lan gehiago» egin beharko du. «Baina, gainontzean, nire taldekideekin batera ari naiz entrenatzen. Entrenatze hutsa pozgarria da. Gogo eta ilusio handiagoarekin ekin diot lanari».

Ikasketak ez ditu albo batera laga futbolean aritu den urteetan. Gizarte Hezkuntza eta Gorputz eta Kirol Ekintzak heziketa zikloa ikasi zituen, eta, orain, Pedagogia ikasketekin ari da buru-belarri. «Errehabilitazioan nenbilen bitartean, ikasteko aprobetxatu ditut azken hilabeteak. Burua beste zerbaitetan izateak ere laguntzen du». Hala ere, Zelaiak garbi dauka, orain, futbola dela bere lehentasuna: «Burugogorra naiz, eta ez nuke nahi nire kirol ibilbidea horrela bukatzerik. Gainera, gertatu zaidanagatik, are gogo handiagoarekin borrokatuko dut futbolean jarraitzeko. Gutxienez beste bi urtez, behintzat, honetan segi nahiko nuke».

Garai txar asko pasatu dituela onartu du, lesioa ez zitzaiola ari osatzen ikusten zuenean, batez ere. «Gogorra da jokatu ezinik egotea. Taldekideak ikustera etortzen nintzen Zubietara, eta haiei begira inbidia edukitzen banuen ere, azkenerako ohitu egin nintzen».

«Modu inozoan» lesionatu zela onartu du. «Jokalari lehiakorra naiz, eta baloia galdu nuen batean, atzetik hanka sartu nion nire taldekide bati, hura berreskuratzeko asmoz. Majo damutu nintzen, baina beranduegi zen jada». Ordutik, otsailaren 12a egun seinalatua da Zelaiarentzat. «Urtemuga balitz bezala gogoratuko dut beti. Baita lehen ebakuntza egin zidaten eguna ere». Belaunak beti du lekutxo bat donostiarraren buruan: «Goizero, esnatzean, belaunari begiratzen diot, ea zerbait aldatu den ikusteko», azaldu du, belaunari begiratuz.

Hurrengo erronka: Kopa

Gauza txar ia denek bezala, lesioak ere balio izan dio gauza onez konturatzeko. «Pena izugarria ematen dit, badakidalako urtebetean asko galdu dudala, baina, aldi berean, asko irabazi dut: benetan nire ondoan zein dagoen jabetu naiz». Joan den astean Levanteren aurka azken sei minutuak jokatu ondoren, erabat osatu eta taldearekin «zerbait» irabaztea da aurrelariaren nahia. Taldeak etzi ekingo dio hurrengo erronkari: Espainiako Kopari. Bartzelona handia egokitu zaie aurkari. «Liderrak dira, baina ez gaindiezinak. Talde zail baten aurka jokatzea desafio polita da. Indartsu, ilusioz gainezka eta gogotsu gaude. Eta ea jende asko gerturatzen den Zubietara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.