Trenaren azken geltokia ote?

23 urteko ibilbide luzearen ondoren, Oskar Astarloak «hasierako ilusio berarekin» jarraitzen du. 38 urterekin Gernikan ari da, eta gaur Challenge Kopako partida jokatuko du Rovigoren aurka.

Oskar Astarloa Gernikako Urbieta errugbi zelaiko kanpoko hesian, entrenamendu saio bat hasi aurretik. JON HERANEZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
E rrugbiko zakur zaharra da Oskar Astarloa. 15 urterekin hasi zuen errugbian ibilbidea, eta gaur egun arte ez du etenaldirik eduki; geltoki desberdinetan gelditzen den tren baten antzera ibili da: Elorrio, Getxo, Baiona, Donibane Lohitzune, Ordizia, Bera-Bera eta Gernika. Gaur Europako Challengeko partida jokatuko du Rovigoren aurka, etxean (16:00). 38 urterekin, trenak azken geltokia Gernikan egin duela pentsatu daiteke baina jokalariak dena hasi zen taldean esan nahi dio agur errugbiari: «Erretiroa nire taldean hartzea gustatuko litzaidake. Elorrion hasi zen guztia eta bertan amaitzea oso polita izango litzateke», adierazi du Astarloak.

15 urteko gazte hura Elorrion hasi zen errugbian jokatzen. Non hobeto, bere herrian baino. Mutiko gaztea zen, oraindik ikasteko gehiegi zuena: «Jokalari gaztea nintzen, oso gogotsua baina esperientziarik gabekoa». Kirol gogorra da errugbia, eta hasierako urteetan gorputz gihartsu bat falta zuela gogoratu du Astarloak: «80 kilo bakarrik pisatzen nituen eta osatu gabeko mutikoa nintzen. Aitarekin mendira joaten nintzen gorputza lantzera, aizkorarekin ere aritzen nintzen... Gorputza lantzea zen nire helburua». Aitarekin emandako aizkorakadak eta Elorrioko mendietatik zehar eginiko ibilaldiak bere fruituak ematen hasi ziren. Izan ere, 19 urterekin, garaiko talderik garrantzitsuenak eskaintza egin zion: Getxok. «Hasieran ez nuen sinesten. Elorrion seniorretan jokatzen nuenean, Getxoren partidak ikustera joaten nintzen eta sekulako taldea zuten. Bertatik dei bat jasotzea izugarria izan zen».

1998an Anoetan Euskarians eta Ipar Irlandaren arteko partida jokatu zen. Partida horretan, Astarloak bigarren zatia jokatu eta Iparraldeko ikuskatzaileengan interesa piztu zuen: Miarritze eta Baiona; bata Ohorezko Mailan, eta bestea, Bigarren Mailan. AstarloakBaiona aukeratu zuen, «Miarritzera joan eta gutxi jokatzea gehiegi arriskatzea» zelako. Iparraldeko azken denboraldiak Donibane Lohitzunen eta Baionan, berriro ere, eman zituen. Ondoren, trena Hego Euskal Herrira itzuli zen.

Iparraldeko urteetan, bertako giroa ezagutu zuen. Bertan errugbia da kirol garrantzitsuena eta derbiek desberdintasun handia dute Hegoaldekoekin alderatuz. «Oso desberdinak dira. Adibidez, Baigorri edo Garaziren kontra jokatzen genuenean, astelehenetik zegoen giroa kaleetan, entrenamenduak intentsitate handikoak izaten ziren...», dio jokalariak.

Bestalde, Astarloaren ibilbidean jokalari gutxik izan dezaketen lorpen bat dago: Munduko Txapelketa jokatu izana. Eskozian izan zen, 1999. urtean. Espainiako selekzioak behin bakarrik jokatu du, eta bertako testigu izan zen Elorriokoa. Errugbiaren sorgunea ezagutu zuen, kirol horren sustraiak. Eskozian errugbia desberdina da, erlijioa ia. Hitzekin adieraztea ere zaila egiten zaio Astarloari: «Beste mundu bat zen. Autobusean gindoazenean, izarrak ginen. Polizia autobusaren aurretik joaten zen, semaforoetan ez ginen geratzen, kaletik jende guztia txaloka aritzen zen…». Euskal jokalariak ez daude 68.000 ikusleren aurrean jokatzera ohituak. Astarloak, berriz, esperientzia hori bizi izan zuen eta zaila egiten zaio hitzekin adieraztea: « Ileak tente jartzen zaizkizu. Zelaia beteta ikusten duzu, eta gu gehienez mila pertsonaren aurrean jokatzera ohituta gaude. Oroitzapen horiek adieraztea oso zaila da, ez izan zalantzarik».

Iaz, Euskal Kirola saria

Euskal Herrian inor gutxik ditu bizkaitarraren markak. Iaz, Euskadiko Errugbi Federazioak proposatuta, Euskal Kirola saria jaso eta bere ibilbide luzea saritu zuten. «Asko eskertzen da horrelako errekonozimendu bat, eta are gehiago erretiroa hartu baino lehen jasotzen bada. Askotan sari hauek erretiroa hartzen denean etortzen dira baina nire kasuan ez da horrela gertatu. 20 urte pasa ditut goi mailan eta hasiera oso gogorra izan zen, errugbiak ez zuelako apenas oihartzunik. Ilusio handiko saria izan zen».

Astarloaren trenak martxan jarraitzen du, nahiz eta jakin azken kilometroak egiten hasia dela. Egun, taldeko entrenatzaile Jorge Jimenezen laguntzaile lanetan aritzen da, eta epe motzerako aukera on bat izan daitekeela dio: «Entrenatzaile titulua lortzeko lanetan ari naiz. Hirugarren eta bigarren mailak eskuratu ditut, eta taldeak entrenatzen arituko naizela uste dut. Elorriora jokalari bezala iristen ez banaiz, entrenatzaile gisa aritu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.