Futbola. Europako Ligako final-laurdenak:Schalke 04-Athletic

Ehiztariaren eremura

Athleticek Schalke kanporatu gura badu, gertutik zaindu beharko du Klaas-Jan Huntelaar. Ismael Urzaiz Athleticeko jokalari ohiak ondo ezagutzen du aurrelari herbeheretarra, Ajaxen taldekide izan baitziren.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Athleticek badaki zer daukan zain bihar Gelsenkirchengo Veltins Arenan (Alemania). Giro beroa egongo da, eta harmailak bete egingo dira: oilo ipurdia jartzen duten bultzada izango du Schalke 04-k, San Mameskoaren parekoa. Zelaian, berriz, Bundesligako hirugarren sailkatua izango dute aurrean Marcelo Bielsak zuzendutako jokalariek. Une gozoan dago Schalke 04. Bayern Munich eta Borussia Dortmund baino maila bat gutxiago dauka, baina, okerrik ezean, Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatuko da. Jokalariak dira arrakastaren erantzule nagusiak. Christian Fuchs ezker hegalekoa ahozabalik uzten ari da futbol mundua; Bartzelona gertutik jarraitzen ari zaio jokalari alemaniarrari, Eric Abidalek utzitako lekua betetzeko. Jermain Jones AEBetako erdilari indartsua ere nabarmentzen ari da; eta baita Julian Draxler eta Martin Farfan hegalekoak ere; Raul Gonzalez beteranoak, berriz, maila gorenean lehiakor izateko ezinbestekoa den irabazle sena ematen dio. Baina, guztien gainetik, erdiko aurrelaria ari da nabarmentzen: Klaas-Jans Huntelaar (Voor-Drempt, Herbehereak, 1983). Taldearen gidaria da, izarra: Herbehereetako ehiztaria.

Beste gauza guztien gainetik, goleatzailea da Huntelaar. Gazte- gaztetatik erakutsi du golak sartzeko erraztasuna duela. Berezkoa du, eta gutxik duten dohain hori lantzen ahalegindu da jokatu duen talde guztietan. Huntelaar Ajax taldean egin zen ezaguna, baina ez da Johan Cruyff, Marco van Basten, Patrick Kluivert eta beste hainbat aurrelari bikain atera dituen taldeko harrobian hazitakoa. Gaztetxoa zenean, PSVrekin izan zuen lotura, baina Eindhovenen ez zuten haren alde egin. Bistan da ez zutela asmatu. Ajaxek eman zion goi mailako talde batean nabarmentzeko aukera, eta aurrelariak ez zuen trena pasatzen laga: bi aldiz izan zen Herbehereetako Ligako goleatzaile onena. Ordurako, bere errematatzaile senaren berri erakutsia zuen selekzioko beheko mailetan. Bera da, hain zuzen ere, 21 urtez azpiko selekzioan gol gehien sartu duen jokalaria.

Ajaxeko izar nagusia zenean eta Europako talde indartsuenek gertutik jarraitzen ziotenean ezagutu zuen Huntelaar Ismael Urzaizek (Tutera, Nafarroa, 1971). Bi aurrelariek elkarrekin jokatu zuten urtebetez, 2007-2008ko sasoian. Athleticen erreferentzia izan ostean, Ajaxen ordezko bihurtu zen Urzaiz hilabete gutxiren buruan. Ordurako onenak emanda zegoen, eta ezin zen lehiatu gazte bikain harekin. Ondo gogoan du nolakoa zen aulkian utzi zuen jokalaria. «Gola besterik ez dauka buruan. Gol sen aparta dauka, berezkoa. Oso ondo jaurtitzen du, indartsu. Edozein lekutatik jaurti dezake, eta beti norabide egokiarekin: beti atera jaurtitzen du. Bestela, ez dauka ezer berezirik. Ez da azkarra, eta fisikoki ere ez dauka aparteko indarra», adierazi dio Urzaizek BERRIAri.

Huntelaar arriskutsua da oso baloia area barruan hartzen duenean: ez du barkatzen. Baloia aurkariaren areatik urrun dagoenean, ordea, ez da asko sartzen jokoan. Ez du asko parte hartzen. Indarrak gordetzen ibiltzen dela dirudi, baina ez da gaitasuna falta zaiolako. Entrenatzaile batek beste beste era batean joka dezala eskatuko balioke, laguntzeko moduan egongo litzateke, Urzaizen iritziz. Hori bai, ez lioke eskatuko metro batzuk atzerago jokatzeko. «Talentua dauka eta lagundu dezake, baina area inguruan dagoenean egiten du min. Asmo txarra du beti, eta gose ikaragarria».

Futbolean jokatzen duenetik sartu ditu golak Huntelaarrek. Baina arantza txiki bat ere badauka, ezin izan baitu punta-puntako taldeetan nabarmendu. Ajaxen egin beharrekoak egin ostean, Real Madrilek fitxatu zuen; Espainiako taldeak 20 milioi euro inguru ordaindu zituen Huntelaarrengatik 2009ko urtarrilean, baina ez zuen arrakastarik izan. Madrildik Milanera jo zuen, beste aukera baten bila; Milanek ere apustu gogorra egin zuen haren alde: hemezortzi milioi ordaindu zizkion Real Madrili. Baina Van Bastenen bigarren etxean ere kale egin zuen. Ez zuen segidan jokatu. «Aipatu dituzun taldeetan lehia handia dago. Huntelaar goi mailako goleatzailea da, baina Schalkera ailegatu aurretik jokatu zuen taldeetan zituen taldekideak bera baino hobeak izango ziren. Horregatik ez zuen arrakastarik izan. Huntelaar ezin da gutxietsi, baina zerbaitegatik dago Schalken, eta ez punta-puntako talde batean».

Schalkerekin nekez lortuko ditu Real Madrilen edo Milanen jokatuz gero eskuratuko zituen tituluak, baina arlo pertsonalean nabarmendu eta selekzioan erdiko aurrelariaren postuaren jabe egiteko balio izan dio Alemaniako taldera joan izanak —hamalau milioi euro inguru ordaindu zituen Schalkek 2010eko udan—. Selekzioan eta Europako goleatzaile onenen artean ere Ruud Van Nistelrooyren lekukoa hartu du. Horretarako, hamahiru gol sartu ditu hamar partidatan Europako Ligan, eta 22 Alemaniakoan. Europako Ligan goleatzaile onena da, eta Alemaniakoan bigarren, Mario Gomez Bayern Munichekoak baino gol bakar bat gutxiagorekin. Horregatik dago Schalke dagoen tokian: Huntelaarren golek eta Raulen ekarpenak egiten dute arriskutsu Schalke. «Beteranoa da Raul. Ez da Real Madrilen ezagutu genuena, baina menperatzen ditu aurrelari batek menperatu behar dituen arlo guztiak. Gainera, ohituta dago presio handiko partidak jokatzera, eta ia beti eman du maila. Oso gertutik zaindu beharreko jokalaria da. Aukera izanez gero, ez du barkatuko».

Fin ariko beharko du Athleticek defentsan. Hala ere, Urzaiz baikor da kanporaketaz. Azken bolada ona izan ez arren, Athletic gai ikusten du Alemaniako taldea kanporatzeko. «Antzeko maila duten talde bi dira. Nik ez dut Schalke gertutik jarraitu, baina uste dut Athleticek aurrera egiteko aukera handiak dituela. Athletic denboraldi honetan sarri ikusi diogun maila berdintzeko gai bada, Europako Ligan lehian dagoen edozein talde mendean hartzeko gai da. Beraz, ez da astakeria Athleticek Europako Liga irabaz dezakeela esatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.