Kopa eta estutasunak

Ohorezko Mailako euskal taldeetako entrenatzaileek denboraldia aztertu dute. Ampo Ordiziak Espainiako Kopa irabazi du, Hernanik eta Getxok mailari eutsi diote eta Bizkaia Gernikak duintasunez amaitu du sasoi zaila.

Arnaitz Lasarte.
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Nahi baino lehenago batzuek, eta nahi baino geroago besteek. Ohorezko Mailan jokatu duten euskal errugbi taldeek dagoeneko oporretan daude. Final-laurdenetan, titulurako lehiatik kanpo gelditu dira Ampo Ordizia eta Bizkaia Gernika. Getxo Artea ez zen sailkatu kanporaketetarako, baina sufritu gabe eutsi dio mailari. Hernanik, sufrituta, baina eutsi dio mailari. Lau entrenatzaileek sasoia aztertu dute.

OSKAR ASTARLOA

Bizkaia Gernikako entrenatzailea

«Denboraldiak bi zati izan ditu; otsailean diru arazoak hasi zirenean dena aldatu zen»

Denboraldi «oso zaila» izan da Bizkaia Gernikarentzat. Talde indartsua osatu zuen udan, Espainiako Kopako eta Ligako finalak jokatzeko helburuarekin. Otsailean, ordea, «dena» aldatu zen. Diru arazoen ondorioz, jokalari atzerritar gehienek taldea utzi zuten, baita entrenatzaileak ere. «Gure sasoiak bi zati izan ditu»,azaldu Oskar Astarloak (Elorrio, Bizkaia, 1974), otsailetik aurrera taldearen ardura hartu zuen jokalariak. Ligan lider zihoazen ordura arte, eta Europako Amlin Kopan bi partida irabazi zituzten. Gero, ia atzerritarrik gabe, etxekoekin segitu du lanean Astarloak. Kopako finalerdietan lanak eman zizkioten Ordiziari, eta titulurako kanporaketan Atletico Madrili: «Esperientzia polita izan da. Ohorezko Mailan jokatzeko itxaropenik ez zuten gazteek ilusioz hartu dute erronka». Astarloaren ustez, hurrengo hilabeteetarako lan asko du klubak: «Diru kontuak argitu ondoren hasiko gara taldea osatzen. Etxea oinarrietatik egiten hasi behar dugu, ez teilatutik».

AXIO ARAÑA

Ampo Ordiziako entrenatzailea

«Lanean ondo ari garela erakusten du bi urtez jarraian Espainiako Kopa irabazteak»

Axio Araña (Beasain, Gipuzkoa, 1961) Ampo Ordiziako entrenatzailea «pozik» dago bere taldeak egindako denboraldiarekin. Ligan «urrunago» iritsi nahi zuten, baina bigarren urtez jarraian Espainiako Kopa irabazi dute: «Lorpen horrek erakusten du lanean ondo ari garela». Santanderren(Espainia) jokatutako finalera 2.500 zale inguru joan ziren Ordiziatik. Araña «harro» dago taldearen jarraitzaileez: «Amets bat da lortu genuena. Ohore bat da herri guztia gure atzetik egotea. Zaleen bultzada oso garrantzitsua izan zen, gainera, finala irabazteko». Ez da urte erraza izan goierritarrentzat, talde laburragoa izan baitute. Iragan sasoian jokalari batzuek taldea utzi zuten, eta lesioekin ez dute zorterik izan. Liga bosgarren postuan amaitu eta titulurako kanporaketan El Salvadorrek gainditu zuen, partida estu batean: «Garaipenetik hurbil gelditu ginen, baina kirolean ez da beti asmatzen». Sasoia amaitu berri, Araña hurrengoari begira dago jada: «Hankak lurrean izan behar ditugu. Lehenengo aurrekontua finkatu behar dugu. Horren arabera osatuko dugu taldea». Errugbia utziko dute taldeko hainbat beteranok: Joanes Aierbek, Xabier Lermak, Iñaki Susok... Hala ere, hurrengo denboraldirako talde «lehiakorra» osatzen saiatuko da.

TODD DAMMERS

Getxo Arteako entrenatzailea

«Gorago egotea espero genuen, baina merezitako postuan amaitu dugu liga»

Getxo Arteak zortzigarren postuan amaitu du Espainiako Ohorezko Liga. Titulurako kanporaketetan sartzea zen bizkaitarren helburua, baina egindako denboraldi «irregularrak» saririk gabe utzi ditu azkenean. Todd Dammers entrenatzaileak (Brisbane, Australia, 1980) hamarretik 4,5eko nota jarri dio taldeari: «Partida oso onak jokatu ditugu, baina baita oso txarrak ere». Dammersek sailkapenean gorago egotea espero zuen, baina onartu du «merezitako» postuan amaitu dutela liga. Denboraldi hasiera kaskarra egin zuen Getxo Arteak, lehen lau partidak galduta. Entrenatzailearen esanetan, jokalariei «sendotasuna» falta izan zitzaien sasoi hasieran: «Jokalari gazteak ditugu, eta esperientzia handiagoa duten taldeen aurka larri ibili ginen». Partidak pasatu ahala, ordea, «sendoago» jokatu dute bizkaitarrek. Goranzko joeran amaitu dute sasoia. Hori dela eta, aurtengo «blokeari» eustea da Getxo Artearen asmoa. Dammersek jarraituko du entrenatzaile karguan: «Ilusioz gaude datorren sasoirako; gazteek asko ikasi dute, eta pare bat jokalari fitxatuta gorago egon gaitezkeela uste dut».

JAVIER SECO

Hernaniko entrenatzailearen laguntzailea

«Batez ere fisikoan nabaritu dugu Ohorezko Mailaren eta beste mailen arteko aldea»

Hernanik helburua bete du. Luze egin zaio denboraldia, baina hurrengo denboraldian ere Ohorezko Mailan jokatuko du, mailari eusteko lehian Alcobendas garaituta. Gorengo mailara igo berria izanik «pozik» dago Javier Seco (Donostia, 1974), Hernaniko entrenatzailearen laguntzailea. Denboraldia indartsu hasi zuten hernaniarrek: «Talde berarekin urte asko daramagu, eta hori baliatu genuen; Gabonak pasatu eta gero gehiago kosta zaigu». Aurkariek baino talde laburragoa dute hernaniarrek, eta lesioen ondorioz justu antzean amaitu dute denboraldia. Bigarren Mailatik ohorezkora alde handia igarri du Secok: «Gehienbat fisikoki dago aldea. Denak gu baino handiagoak dira, profesionalak daude... Hori guztia nabaritzen da». Hala ere, etxekoekin lanean jarraitzeko asmoa dute hernaniarrek. Lau beteranok, Seco tartean, taldea utziko dute, eta aurten gazte direnak igoko dituzte: «Harrobia da gure indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.