Donostiako Aste Nagusia

Marmitako usaineko goiza

VI. Marmitako Lehiaketa egin dute Donostiako Konstituzio plazan; 22 bikotek parte hartu dute, eta bi ordu izan dituzteIrungo Mendizaleak elkarteak irabazi du lehen saria: 450 euro eta txapela

Sukaldari entzutetsuek osatu zuten epaimahaia; Konstituzio plaza bete egin zen eguerdian, lehiaketaren irabazleen izenak jakiteko. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Batzuk, tipula txikitzen; besteak, patatak zuritzen; eta baten bat, hegaluzeari azala kentzen. Presarik gabe, baina erritmo bizian, lanean kontzentratuta zeuden atzo Donostiako Aste Nagusiko VI. Marmitako Lehiaketan parte hartu zuten 22 bikoteak. 10:30erako bildu ziren Konstituzio plazan, eta denbora gutxian, barazkien usain gozoak hartu zituen inguruko kaleak ere.

Hamabi anoa prestatu behar zituzten parte hartzaileek. Horretarako, hegaluzea, patatak, olioa eta ura eman zizkieten antolatzaileek. Gainerako osagaiak eurek eraman zituzten: piper berdea eta txorizeroa, tomatea, tipula, baratxuria, gatza eta ardo zuria. Osagai horiek alboan zituztela, gogoz ekin zioten lanari. Mantala jantzi, eta barazki guztiak txikitzea izan zen lehen lana.

«Tipula eta barazkiak ongi egitea da gakoa», zioen Aurelio Oliveirak. Antton Luna lagunak eta biek parte hartu zuten. «Bosgarren urtez aurkeztu gara lehiaketa honetan; urte batean hirugarren geratu ginen». Gainontzeko lehiakideak bezala, karpa baten azpian ari ziren Oliveira eta Luna marmitakoa prestatzen, antolatzaileek jarritako mahaian. Bete zuten euren funtzioa karpek, hasieran lanbroa baitzegoen.

Iñaki Lujanbio eta Joakin Arzadun Lezoko Ixkulin elkartetik joan ziren Donostiara. Haien ustez ere, barazkiak ongi egitea da marmitakoaren sekretua. «Hegaluzeak ez dio zaporerik ematen marmitakoari». Hirugarren aldiz parte hartu zuten lehiaketan, eta kexu ziren, antolatzaileek aurrekoetan baino hegaluze gutxiago jarri zutelako. «Iaz hiruzpalau kilo hegaluze eman zizkiguten; aurten, berriz, kilo erdi. Gehiago erostera joan behar izan dugu». Irabazteko intentzioarekin, noski, baina ongi pasatzeko helburuarekin parte hartu zuten lehiaketan. «Prestatutako marmitakoa elkartean jango dugu, denon artean».

Joan Mari Rodriguez emandako hegaluzearekin moldatu behar izan zen; ez zuen gehiago erosi. «Bazkaltzeko ez zaigu ailegatuko, baina tira, krisiagatik izango da». Intxaurrondotik joan zen Rodriguez, Intxaurra elkartetik. «Lehendabiziko urtetik parte hartu dugu; behin hirugarren geratu ginen, eta, beste batean, bigarren. Aurten irabaztea tokatzen da». Praktikarik, behintzat, ez zitzaion falta bikoteari, elkartean ere sarri egiten baitute marmitakoa.

Rosa Mari San Jose eta Rafael Diaz senar-emazteak ere trebetasun handiz ari ziren, lanak banatu eta bakoitza berean buru-belarri. Irungo Erlaitz elkartekoak dira, eta, Aste Nagusiko Marmitako Lehiaketan lehen aldiz parte hartu bazuten ere, beste lehiaketa askotan ibiltzen dira. Aste honetan, bakailao lehiaketa irabazi dute Hondarribian (Gipuzkoa).

Eguna ongi pasatzeko asmotan joan ziren atzo Donostiara: «Irabazten badugu, ongi, baina bestela ere bai». Dena den, nahiko haserre agertu ziren emandako hegaluzearekin. «Lotsagarria da. Nola egingo ditugu hamabi anoa kilo erdi hegaluzerekin? Guk erosi behar badugu, esan dezatela aurretik, eta kito», esan zuen Diazek. Umorez hartu zuten, ordea, eta, zutenarekin, ahalik eta otordurik goxoena prestatzen saiatu ziren. «Pazientzia eta mimo handiz lan egitea da sekretua».

Giro ederrean aritu ziren parte hartzaileak marmitakoa egiten, bozgorailuetatik entzuten zen musika eta guzti. Lagunak eta senitartekoak ere joan zitzaizkien; batzuk, bisita egitera, eta, besteak, aholkuren bat edo beste ematera. Eta, noizbehinka, mokadutxoren bat ere egiten zuten, indarrak ez galtzeko. Txorizoa eraman zuten batzuek, baita atun latak ere, ogi tartean sartuta jateko. Konstituzio plazaren izkina batean, gainera, Zapiain sagardotegiko upel bat jarri zuten, eta sukaldariak hara joaten ziren tartean behin, egarria asetzera.

Lehenengo saria, Irunera

Bi ordu izan zituzten lehiakideek lanerako. Eguerdirako, marmitako usain gozoak hartu zituen Konstituzio plaza eta Parte Zaharreko kaleak, eta ontziak itxura ederra hartzen joan ziren.12:30erako bukatu zituzten lanak; batzuek, patxadaz; besteek, azken orduko presarekin. Bikoteek txukun-txukun aurkeztu zuten prestatutakoa, antolatzaileek emandako lurrezko ontzietan, eta epaimahaikideen erabakiaren zain geratu ziren.

Epaimahaikideek 13:00etan eman zuten erabakiaren berri. Irungo Mendizaleak elkarteko Ignacio Mitxelenak eta Maite Mitxelenak jaso zuten lehenengo saria: 450 euro eta txapela. Bigarren saria, berriz, Hernanira joan zen: Tolare sagardo kofradiako Jose Manuel Irigoien eta Tomas Nuñezek jaso zituzten 300 euro eta plaka. Azkenik, hirugarren saria Jokin Ansari eta Hilario Mujikari eman zieten, Donostiako Ardatza Herria elkarteko kideei: 200 euro eta plaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.