Donostiako Aste Nagusia. Oscar Garcia. Celtas Cortos taldeko baxua

«Oilo ipurdia jartzen zait 'Aita-semeak' jotzen dugunean»

Celtas Cortos taldeak 'Introversiones' diskoa aurkeztuko du gaur gauean Saguesen, eta beste lanetako kantuak ere gogoratuko ditu.

RAUL SAQREDO.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Celtas Cortos taldea arduratuko da gaur Saguesko kontzertuei amaiera emateaz. Introversiones diskoa antzokietan jotzeko egina dagoen arren, jendearen arreta bereganatuko duen kontzertu indartsu bat eskaintzen saiatuko direla azaldu du Oscar Garcia taldeko baxuak.

Ez da Donostian joko duzuen lehen aldia izango, nolakoa da euskal publikoa?

Duela hamar bat urte jo genuen; leku berean, gainera. Urte dezente igaro dira, eta itzultzeko gogoarekin gaude, hiria asko gustatzen baitzaigu. Publikoari dagokionez, oso arretatsua da, hilaren 1ean Azpeitian eskaini genuen kontzertuan ere nabaritu genuen. Hasieran zer eskainiko duzun zain egoten dira, eta giroan murgiltzea zertxobait kostatzen zaie. Hori bai, behin animatzen direnean, ez ditu inork geldituko. Iparraldean hotzak direlako kontu hori, beraz, ez da egia. Gainera, Donostia tradizio handiko hiria da musika alorrean; plazera da bertan jotzeko aukera izatea.

Introversiones diskoa antzokietan jotzeko egina dago, ondo aterako al du Saguesen, eremu zabal batean?

Horrelako leku irekietan jotzen dugunean, diskoko abesti indartsuenak jotzen saiatzen gara. Horrez gain, diskografia guztiko laburpen bat ere egingo dugu. Jarraitzaileak lasai egon daitezke: giroa ziurtatua egongo da, entzun nahi izaten dituzten abestiak joko baititugu.

Aste Nagusian murgiltzeko asmorik ba al duzue?

Zorionez, kontzertu dezente ditugu abuztuan, eta hiru edo lau egun libre ditugunean, etxera itzultzen gara ahal bezain laster,familiarekin egotera. Nahikoa kilometro egiten ditugu urtean.

Oskorriren Aita-semeak kantuaren bertsio bat ere bada diskoan. Gainera, Jesus Cifuentesek euskaraz abesten du.

Ez da Jesusek euskaraz abesten duen lehen aldia; beste talde batzuekin ere egin ditu kolaborazioak. Betidanik gustatu izan zaigu Oskorri. Bertsioz osatutako disko bat egin nahi genuen, eta guregan eragina izan duten taldeei omenaldi bat egin. Oskorri aspalditik ezagutzen genuen, eta entzundako lehen kantua Aita-semeak zenez, diskoan sartzea erabaki genuen. Diskoa argitaratu aurretik aurkezpen bat egin genuen Viktoria Eugenia antzokian, oilo ipurdia jartzen zait abestia jotzen dugun bakoitzean. Azpeitian egindako kontzertuan jo genuen, eta Saguesen ere gauza bera egitea espero dugu.

Diskoa hiru lekutan grabatu zenuten, eta bat Andoain izan zen.

Mendiz inguratutako baserri batean grabatu genuen, lasai egoteko leku paregabea da. 40 de abril aurreko lana ere han grabatu genuen. Izan ere, Kaki Arkarazo, Garate estudioen jabea, lagun handia dugu, gozamena da berarekin lan egitea.

Zein da formula horrenbeste urte musikaren munduan mantentzeko?

Guk ez dugu kexatzeko aitzakiarik, jende asko etortzen da kontzertuetara. Ez dago sekreturik: denetarik egiteko prest egon behar da, eta jendea erakartzeko kontzertu indartsuak egin. Gauzak ez dira errazak, baina gu hasi ginenean ez zeuden orain dauden hainbat baliabide, Internet kasu. Dena den, lan asko egin behar da.

40 de abril diskoarekin bi urteko bira egin zenuten. Ondoren, Introversionesgrabatu zenuten, eta ordutik antzokiz antzoki ibili zarete; ez al duzue atseden bat merezi?

Bira honetako azken kontzertua Basaurin egingo dugu, urrian, baina oraindik beste zerbait aterako dela uste dut. Lehen helburua bira ongi bukatzea izan ohi da, hara eta hona ibiltzea neketsua baita. Ondoren, bai, atseden txiki bat egingo dugu, baina gure ideia da ahal den lasterren estudioan sartu eta disko berrirako kantuak grabatzen hastea. Hurrengo urterako beste disko bat izan nahi dugu esku artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.