Ezer ez da berdin

Eurokopa ez irabazteak asko aldatu du Uxue Bilbo Basketen egoera. Titulua irabazi eta Euroliga ziurtatuta, sasoi bukaera askoz lasaiagoa izango zuen Bilboko taldeak, bai kantxan bai kantxatik kanpo.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Charleroin (Belgika) bizkarreko handia hartu zuen Uxue Bilbo Basketek. Partida bukaeran tristura zen nagusi. Zaleen negarrei taldeko arduradunen kezka gehitu zitzaien. Titulua irabazi eta Euroliga ziurtatuta asko aldatukozen egoera, apiril erdi alderako sasoiko helburu nagusia lortuta zegoelako. Era berean, Euroligako erakusleihoarekin, egoera ekonomikoa argitzen lagunduko zukeen bultzada jasoko zuen. Galduta, baina, ezer ez da berdin. Eta orain, hurrengo hilabeteetako helburuak zehazteko garaia da. Bi dira lehentasunak: liga, noski, eta taldearen egonkortasuna.

1. ACB ligan,lehen lauren artean

Kirol mailan gelditzen zaion lehiaketa bakarra da ACB liga. Sei partida falta dira liga erregularra bukatzeko, eta egun bosgarren sailkatua da Bilbo Basket, Valentziarengandik garaipen batera eta partida bat gutxiago jokatuta. Azken hilabeteetan Eurokoparekin uztartu behar izan du ACB liga, eta aurrerantzean buru-belarri arituko da bertan. Helburua argia da: lehen lau sailkatuen artean bukatzea final-laurdenetako kanporaketan pista abantaila edukitzeko. Gorka Arrinda taldeko bazkide nagusiak Uxue «Euroligako taldea» zela esan zuen finalaren aurretik, eta jokalariek hurrengo asteetan dute hori erakusteko aukera.

Baskoniaren aurkako derbia maiatzaren 1ean jokatuko du Uxuek, eta beste partidei erreparatuta, itxaropentsu izateko moduko egutegia dauka: Kanarias, CAI etxean, Cajasol, Valentzia etxean eta Xacobeori bisita. Behin kanporaketetan, Uxue finalerako sailkatu beharko litzateke Euroligarako sailkatzeko.

2. Zorren eragina

Kirol mailakoen adinako oihartzuna izan dute taldeak jokalariekin dituen zorren inguruko berriek. Arrindak agindu du jokalariei zor zaien guztia ordainduko dutela, eta denek bukatuko dutela denboraldia; alegia, inork ez duela taldea utziko. Uxue babesle nagusiak denbora gehiago eskatu du 900.000 euroko zorra ordaintzeko eta zuzendaritza jokalariak lasaitzen saiatu da. Orain ikusi beharko da promesa bete daitekeen, edo finalaren inguruko giroa lasaitzeko hitzak izan diren.

Euroligarako sailkatuta, arazo ekonomikoek konponbide errazagoa lukete. Jokalariek dute orain azken hitza. Duela bi aste Adrien Moerman izan zen, ustez, Frantziako hedabide bati adierazi ziona finalaren ondoren jokalariek greba egin zezaketela. Gerora, haren ordezkariak leundu zituen adierazpenak. Alex Mumbru kapitainak ere jendaurrean adierazi du jokalariek ez dutela halako asmorik. Beste talde batzuetan, Valladoliden kasu, egon dira jokatzeari uko egin dioten jokalariak, Bilbon, halere, badirudi egoera lasaiagoa dela. Taldeko zuzendaritzak lanean jarraitzen du arazoari irtenbidea emateko.

Euskal Herriko beste kasu batzuetan, talde profesional jakin baten egoera ekonomikoa asko gaiztotu izan denean, erakunde publikoak agertu dira suhiltzaile lanetan. Sasoia hasi zen arte Bizkaiko Aldundiaren eta Bilbo Basketen arteko harremana ona zen. Taldearen oihartzuna funtsezkoa izan da irailean NBAko talde bat Bilbora etor dadin, eta hurrengo Munduko Txapelketan AEBetako selekzioak BECen joka dezan lortzeko egiten ari diren negoziazioetan. Hori eta taldearen 8.000 bazkideak karta onak dira aldundiarekin musean egiteko.

3. Ziklo aldaketa?

Bilbo Basketek aurrekontu murrizketa larria izan du. Aldundiak 1,9 milioi euroko laguntza kendu zion, Gescrapek babes akordioa eten zuen 700.000 euroren truke, eta Uxuek oraindik ez du ezer ordaindu. Hala, eta ligan Euroligarako sailkatzea lortu ezean, badirudi heldu den sasoirako aurrekontua xumeagoa izango dela. Horrek taldean eragina izan beharko luke. Lehen zurrumurruak badaude. Kostas Vasileiadis eta Lamont Hamilton joan daitezke ekainean. Bilbo Basketek jokalari beterano eta garesti asko ditu: Mumbruk eta Raul Lopezek 33 urte dituzte, eta Roger Grimauk, 34. Ez litzateke harritzekoa baten batek taldea uztea. Fotis Katsikarisek ere Errusiako hautatzaile kargua hartuko du udan, eta hori gozokia izan daiteke entrenatzailearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.