Herri oso bat 'All Blacks'-ekin

Lau milioi biztanle bakarrik ditu Zeelanda Berriak, baina bigarrenez irabazi du Munduko Errugbi Kopa, eta bigarrenez etxean. Ez da bide erraza izan faboritoena, besteak beste, Frantzia hobea izan zelako finalean.

Eneritz Zabaleta.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Aucklanden (Zeelanda Berria) egun handietako giroa bizi izan zen atzo. Bezperan, Frantziari estu eta larri irabazi ondoren (8-7), Zeelanda Berriak bere historiako bigarren Munduko Kopa irabazi zuen. 1987an bezala, etxean jokatzera itxaron behar izan du munduko txapeldun izateko. Lehiaketa hastean, garaipena zen Ozeaniako artxipelago txiki horretako lau milioi biztanleek espero zutena. Hilabete pasatu ondoren, esperotakoa eman zieten All Blakcs-ek herritar guztiei.

Final osteko gaua luzea izan zen, eta biharamuna, ospakizun ofizialagoen eguna. Goizean, selekzioko jokalari eta prestatzaileak autobusera igo ziren, Aucklandeko karriketan zaleekin batera garaipena ospatzeko. Hiriburu ekonomikoaren irudiak ikusgarriak izan ziren. Mundua bildu egin zen, alde guztietatik jendea eta jendea ageri zen, jokalarieninguruan batuta. Gizon, emazte, zahar eta gazte, Auckland osoa karrikan zegoen. Herri oso bat bere errugbilariekin batuta.

Hunkigarria izan zen ospakizuna Zeelanda Berriko jokalarientzat. Pozik, begi zuloekin eta hunkituta agertu ziren. «Nire bizitzako unerik harrigarriena da. Ez nuen horrelako jendetzarik espero. Harrotasuna sentiarazten dizu, eta oso hunkituta nago», zioen autobusetik jaistean Richie Mc Caw All Blacks-en kapitainak.

Poza handia zen zeelandaberritarren artean. Kostata lortutako garaipenek ekartzen duten sentipena izan zuten. Zeelanda Berriak anitzek uste baino dezente gehiago sufritu zuen finala irabazteko. Jokalari batzuek, Piri Weepuk adibidez, oso partida zaila bizi izan zuten: «Egia da ezinean aritu nintzela. Minutuak aitzina joan ahala, erantzunik gabe geldituz joan nintzen. Irabazi ez bagenu, kolpe izugarria jasoko nuen».

Finala partida bakarrera jokatzen da, eta igandean Frantziak Zeelanda Berriak baino lan hobea egin zuen. Alde horretatik, hark merezi izan zuen munduko txapeldun izatea. Dusautoirrek, Hariñordokik eta Bonnairek osaturiko hirugarren lerroak partida antologikoa jokatu zuen. Aitzinean, Frantziako taldeak Zeelanda Berrikoa zigortu zuen. Baina, azkenean, Frantzia galtzaile atera zen. Zeelanda Berriak iragarpenak bete zituen, eta munduko txapeldun bihurtu. Azken lau urteetako ibilbideari behako bat ematean inork ez du erranen, baina, merezi gabe lortu zuela bere bigarren Munduko Kopa. Hura izan da selekziorik onena lau urte luze hauetan, eta bera da munduko txapelduna.

Lievremonten agurra

Frantziarentzat kolpe latza izan zen. Marc Lievremontek bere jokalariak omendu zituen partidaren ondoren: «Gaur Frantziako XVekoa handia izan da, erraldoia. Atzo, kazetariengana azkenekoz azaldu zen, laguntzaileei eskerrak emateko. Negarra begian, omenaldi beroa eskaini zien: «Lau urtez sekulakoak entzun ditugu. Mila esker nirekin lan egin duten laguntzaileei. Lau hilabete hauetan elkarrekin bizitakoagatik, eta haien konpetentziagatik». Didier Retiere aitzinekoen laguntzailea hunkitu zuen hitzekin.

Final handiak horrelakoak dira. Batzuek irri egiten dute, eta besteek, negar. Aldi honetan, Zeelanda Berriarenak izan dira irriak, eta Frantziarenak, negarrak. Lau urte barru beste historia bat izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.