«Ezkerraren elkarlanaren beharra» berretsi du Alternatibak

Bost urte bete dituela eta, hitzaldi sorta antolatu du, «egiturazko aldaketak bideratzeko ahaleginean»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gaur bost urte egin zen Bilbon Alternatibaren abiapuntu izan zen batzarra, eta alderdiak orain arteko ibilbidearen balorazioa egin du. «Ezker alternatiboaren artikulazioan» eta haren eraldaketan eragitea hartu zuen helburutzat sorrera egunetik bertatik, eta, bide horretan, urrats garrantzitsuak egin direla uste du.

Oskar Matutek eta Asier Vegak azaldu dutenez, EAJ, PSOE eta PPren aurrean «ezkerraren batasunaren alde» lan egitea jarri zuen zeregin nagusitzat. «Ez ginen jaio euskal politikari beste sigla bat gehitzeko, baizik eta ezkerraren artikulazioa indartzeko». Eta hori Euskal Herria Bildu koalizioarekin lortu dutela sinetsita daude.

Orain, sorreratik bost urte bete dituenean, «ezkerrak hamarkadatan izan duen eraldaketarako lanabesik onena bultzatzen jarraitzeko inoiz baino arrazoi gehiago» daudela dio Alternatibak. Beraz, elkarlana sustatzen jarraitzeko asmoa berretsi du.

Eraginkorrak izateko formakuntza ezinbestekoa delakoan, hitzaldi sorta antolatu du bosgarren urteurrenerako. «Egiturazko aldaketak bideratzeko ahaleginean», Erresistentziak hedabideetatik solasaldia egin zuten atzo Gasteizen. Gaur, Alternatibak sistemaren aurrean saioa egingo dute Bilbon. Astelehenean, berriz, Subiranotasuna eta emantzipazioa izango dituzte aztergai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.