Jone Miren Hernandez Garcia.

Martxoko ospakizunez

2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Egutegi bat egunak antolatzen dituen sistema da. Antolaketa horrek lotura zuzena du gizarteak, erlijioek, merkataritzak edo administrazioek dituzten helburuekin. Gure ohiko egutegiaren barruan egun, aste, hilabete eta urteak dira definitzen diren denbora tarteak, eta horiek batzuetan zenbait fenomeno astronomikoekin bat etortzen dira; esate baterako, eguzkiaren edo ilargiaren zikloekin. Kultura askok berezko egutegi bat garatu dute, haien behar bereziei egokitua. Dirudienez, antzinan, ba omen zen berezko euskal egutegi bat.

Egun, eguzkiak lurra planetaren inguruan egiten dituen zikloak dute oinarri egutegi gehienek. Baina eguzkian oinarritutako egutegiaz gain, bada beste bat azken urteotan nahiko zabaldu dena: nazioarteko egunena. Horretan data bakoitzak ospakizun edota oroitzapen bat du abiaburu, normalean Nazio Batuek bultzatako aldarriren baten alde eginez.

Horrela gertatzen da Emakumeen Nazioarteko Egunarekin esate baterako, aurtengo Martxoaren 8an ere, ekitaldi eta aldarrikapenez kaleak bete dituena. Euskal Herrian 1977an lehenengo aldiz ospatu bazen ere, mendebaldeko hainbat herrialdetan 1910etik aurrera hasi ziren emakumeen eskubideen aldeko eguna aldarrikatzen. Otsaileko eta martxoko hainbat egunetan kokatuta egon eta gero, 1917tik aurrera egungo data finkatzen hasi zen.

Hasiera-hasieratik, Emakumeen Nazioarteko Egunean zabaldutako mezuak berdintasuna eta eskubideen aldarrikapena izan dute abiapuntu, garaian garaikoak. Talai ezin hobea dira data horren inguruan gauzatzen diren ekimenak feminismoek, emakumeen taldeek edota emakume soilek une eta gizarte bakoitzean dituzten kezkak eta errebindikazioak ezagutzeko.

Aurten, gurean, argi dago abortuak protagonismo berezia izan duela. Sexualitatea, ugalketa eta (emakumeen) gorputza berriz erdigunean. Eztabaidak ezin du izan oinarrizkoagoa. Agian, horregatik berpiztu da espazio publikoa okupatzeko beharra.

Dena dela, martxoak badu ospakizun zerrenda luzeagoa. Hor dugu martxoaren 19a, aitaren eguna. Printzipioz ez dago aitortua nazioarteko egun gisa, baina esan behar da herrialde askotan ospatzen dela, nahiz eta denak egun (edo hilabete) berdinean ez izan. Data aldatzeaz gain, herrialde bakoitzak egun honi atxikitzen dizkion ideologia edota helburuak zertxobait ezberdinak dira.Gauza bera gertatzen da jai horren jatorriaren arrazoi edo motibazioekin.

Antza denez, amaren egunak tradizio oso luzea du historian zehar eta jai hori osatu nahian asmatu zen aitaren eguna hainbat tokitan. Espainiako kasuan nahiko ospakizun berria da. Andereño batek sortu omen zuen 1940ko hamarkadan aita «jeloskor» batzuen haserreari erantzun bat-edo eman nahian. Emakume erlijiosoa izanda, pentsatu zuen martxoak 19, San Jose eguna alegia, egun aproposa zela; santu hori aita eredugarria izateaz gain, familia kristaukoa zen, umila eta langiletzat hartua.

Andereño bera hainbat egunkaritako kolaboratzailea izan zenez, prentsa erabili zuen bere ekimenaren berri emateko. Hedapen handiko irrati saioetan ere parte hartu zuen, eta horrela ekimena zabalduz joan zen. Azkenik, 1950eko hamarkadan Galerias Preciados zein El Corte Ingles-eko buruzagiek aurrea hartu zioten andereño horri eta eurek bereganatu zuten ospakizuna bultzatzeko ardura.

Gaur arte.

Aurtengo martxoaren 19an Gipuzkoako egunkari batek eguna datu adierazgarri batekin gogoratu zuen. Bere iturrien arabera, Gipuzkoak du Estatuan amatasun baimena hartzen duten aiten kopuru altuena: %5. Estatu osoan %1,7 da zifra, eta Euskal Autonomia Erkidekoan kopurua %4,2 da. Horiek dira zenbaki zehatzak: 2013an, Gipuzkoan 5.344 emakumek hartu zuten amatasun baimena; 287 gizonek hartu zuten baimen horren zati bat.

Horrekin batera, beste aipamen interesgarria: azken hiru urteotan gero eta gehiago dira legez onartutako aitatasun baimenari (15 egun) uko egiten diotenak. Aurreko urtean, kopuru hori %20ra ere iritsi zen. Amatasun baimenarekin gertatzen denak jarraipena du denboran, izan ere egun seme-alaben zaintzaz arduratzeko hartzen diren baimenen edo eszedentzien %94,8 emakumeek hartzen dituzte.

Zaintzaren argazkia ezin argiagoa suertatzen da gurean parekotasunak duen dimentsio erreala ezagutzeko; izan ere, aipatutako datu borobil horiek beste portzentaje batekin egiten dute topo: balioen inguruan behin eta berriz egiten diren inkestek aho batez aldarrikatzen dute, pertsonen zaintzan eta etxeko lanetan gizonezkoek emakumezkoek bezainbesteko ardura hartu beharko luketela euren gain. Oso gutxi dira kontrakoa esatera ausartzen direnak, gutxi gorabehera %5.

Estatistikoki, %5 zifra ia ikusezina da. Ikusezinak dira berdintasunaren inguruan politikoki zuzena ez den diskurtsoari eusten diotenak; ikusezinak ere, paradoxikoki, tradizionalki amen rola izan dena hartzen dutenak. Nola ulertu diskurtsotik praktikara dagoen jauzia? Nola ulertu tartean sortutako amildegia? Gakoetako bat izan daiteke ulertzea zaintza produktibitatearen ikuspegitik arazo gisa definitu dela, zama bat ikuspegi ekonomikotik, oztopoa garapenerako. Horregatik, zaintza estigma bilakatu da neurri handi batean emakumeentzat; eta, horregatik, ez da ulertzen eta ez da onartzen gizonezko batek horren alde egin nahi izatea. Amatasun baimena hartzen duen aita batek gizarte antolaketa desorekatua, kultura bateko balioen pitzadurak eta sistemaren esklabotzak airean uzten ditu. Baita amatasunaren edota aitatasunaren eredu zurrunak ere. Horregatik, sistemak presio egingo du gauzek dauden moduan iraun dezaten.

Zoriontasunaren eguna izendatu dute berriki martxoaren 20a. Agian, horren izenean eta parekotasunaren izenean, beste motatako aiten eguna aldarrikatu beharko litzateke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.