Beatriz Zabalondo.

Loratzeko bake bila

2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bizitzak pertsonekin harremanetan jartzen gaitu. Heriotzak ere bai. Ez da egia heriotzak loturak hausten dituela. Aurrez aurreko harremanez gabetzen gaitu, bai, baina beste lotura batzuk sortzen ditugu. Antzematen ez direnak, azaldu ezin direnak, inorentzat ez direnak, soilik norberaren barru-barrurako geratzen direnak. Eta hain forma eta intentsitate partikularretan garatzen dira, ezen ez baikara ausartzen ez inori galdetzen, ez geurea azaleratzen. Intimotasun behineneko uneak izanik, sekretupean gordetzen ditugu.

Duela urtebete joan zinen, Joxan. Nik neuk bortxazko ekintza bat bezala bizi izan nuen zure joatea, hain izan zinen modu ankerrean bizitzatik erauzia. Hutsak eta isiltasunak bete zuten zure lekua nire bihotzean. Urte honetan, ez dut esango hutsak eta isiltasunak alde egin didatenik, zure lekuari inork ez baitio tokirik kendu. Deserrien eta ezlekuen bila abiatu nintzen zuk utzi zeniguna gordetzeko, seguruenik, heriok utzitako herioan ez nekielako besterik zer egin.

Hileroko bileretara zure begiradaren bila sartzen naiz oraindik ere. Eta ez zaude. Une batez, hara-hona begiratu, eta batzuetan iruditzen zait beste norbaiten keinu edo hitzen batean ezagutzen dudala zure barrea, zure txantxaren bat, zure bizitzarako alaitasuna, eta lagunarterako zenuen bizipoza. Baita begirada irmoa eta ideien sendotasuna ere. Bilerak berez-berez gerta zitezen eskua luzaturik zenuen beti; inoren hitzari muzin egin gabe, inoren gainetik jarri gabe, etxearen habeari eusteko bideari ekinik soilik.

Bileretatik etxera natorrenean —batez ere bueltakoan, baina, egia esan, baita beste une gogoangarri batzuetan ere—, mesanotxean kendu gabe daukadan autore bati ekiten diot. Ez dakit zergatik lotzen dudan zurekin. Neure kabuz deskubritutakoa da, ez zenidan aholkatu, ez genuen hartaz hitz egin… Ez du lotura zuzenik zurekin, ez bada neuk ematen diodana aspaldian; zure gomuta dakarkidan ezleku horietako bat da: Falardeau montrealdarrak bizitzan zehar idatzitako hamaika idatzik osatzen dituzte haren liburuak. Askatasun kantu bat dira artikulu/kapitulu guztiak.

Ideia zoragarri asko irakurri dizkiot, eta bere soiltasunagatik dira apartak. Herriaren askatasunaz mintzo da bereziki, herriaren bizitzaz eta heriotzaz. Honela dio, neure hitzekin esanda: herriaren bizitza ez da ataletan bereizten den kontu bat: hemendik ekonomia, handik politika, gero ikastolak eta orain triki-poteo kulturalak. Zein baino zein alderdi kutsatuagoak, eta bakoitza bere aldetik zerbait balitz moduan. Herriaren bizia osotasun bat da. Tradizioaren hausturari erreparatzea, nagusiek erakutsi digutenari omen egitea, kanpoko telebistek eta geure sasi-kulturetek sartu dizkiguten ideia berrien aurrean hesia altxatzea, geureari begiratzeko kemena, etxekoa maitasunez hartzeko apaltasuna, arrotzari arrotz esateko ausardia, eta mediokritateari muzin egiteko erne egon beharra… Eta gogoratzea herri bat izatea ez dela txantxetako gauza, askatasuna ez dela debaldekoa, eta hemen gaudenok aurrekoek egin dutenagatik gaudela. Zerbait oinarrizkoari heldu diotelako, hain zuzen ere.

Publizitateak eta postmodernitateak iruditeria berria ekarri digute, geure-geurea ahanzturan jarraraziz. Gure hitz egiteko berbak baztertzera gonbidatu eta pertsuaditu gaituzte, eta sinetsarazi digute gure elipsiak eta isiluneak ez direla gaurko sinfoniaren ezaugarri. Moderno izatearren, pentsatu dugu eta aldarrikatu dugu «munduko hiritar» (edo «herritar») garela; eta, horretarako, bazter utzi dugu askoz sentziloagoa dena eta geureagoa, alegia: euskaldun garela munduan. Hortxe bat egiten duzue zuk eta Falardeauk. Irakurgai hauetan aurkitzen zaitut, ez dakit oraindik oso ondo zergatik. Zugandik hartu ez nuen azken besarkadaren faltan, beste helduleku bat behar dudalako, seguruenik.

Erraza da esatea hemen geratu garenok aurrera egin behar dugula. Bizitza ez dela gelditu. Baina hori entzutea bera ere plaustada galanta izan zen hasieran. Zure gertukoenengan ere pentsatzen ari naiz, etxekoak eta lagunak. Haiengan bereziki. Bizitza eta heriotzaren artean dagoen aldea laburbiltzeko esapidea ohi dugu —aurrera egin behar da—, baina bizitzaren alderik samurrena kendu dizutenean ez da izaten holakorik entzuteko gogorik. Esan ere neurriz esaten duzu. Zertarako, gainera, badakizu eta. Ez dago esan beharrik ere; ez behintzat lehen uneetan, ez zeure barruak bakea bilatu artean… Eta norberak baino ez daki noiz iristen den une hori.

Badakit kimu berriak sortu direla, udaberria loratu dela berriz, baina guk, gure bizian, zurea falta, Joxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.