Askatasun politikorik ez!

2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak, Frantziakoaren laguntza bikainarekin, itxura guztien arabera, irabazi egin dio independentismo armatuari, eta kalte-ordain politikoak eskuratzen dihardu. Justizia eta askatasuna, zer dira horiek? Gerra irabazi du, eta garaileari zor zaiona jasotzea dagokio.

Atzo frankistak zirenak, eraildako, torturatutako eta erbesteratzera behartutako euskaldun askoren erantzuleen ondorengoak, bidegabekeria haiez batere damutu gabe, nahi dugunari botoa emateko eskubidea ukatzen ari zaizkigu, GALen bitartez egindako balentriez harro eta zigor-beldur den txikienik gabe ageri zaizkigunak bidelagun dituztela.

Damutzeko eta barkamena eskatzeko arrazoi anitz dutenak ari dira ongiaren ordezkari balira bezala, iritziengatik «kutsaturik» omen daudenak joko politikotik kanpo uzteko zerrenda anitz aurkaratzen.

Trikimailu juridikoren bat asmatu baietz, babes eskea Auzitegi Konstituzionalera hel ez dadin eta Sorturekin gertatu dena Bildurekin gerta dadin. Konstituzionalera heldu eta «hau gehiegi da» esaten badu hark, espainiar demokrazia sasoian dagoela entzun beharko dugubozgorailu guztietatik; baina,bata ala bestea gertatu, gezurra da.

Ekonomian oso gaizki doakio Espainiari, eta politikariek ez dakite zer egin, baina politikan oso ongi doakie, inoiz baino mendeanago gauzkate katalanak eta euskaldunak.

Zer diote oraingoz jazarpenetik libre diren abertzale direlakoek? Ez dela zuzena, kontra daudela baina beraiengan konfiantza izanda eta botoa emanda gauzak zuzenduko direla, gauzak hobeto egingo dituztela, garbiago, interes komunaren alde. Ez dute sinesgarritasunik, politikoki burujabe izan nahi dugunok bai baitugu lehenagokorik, alderdien arteko nor zintzoago eta nor kudeatzaile hobea antzezpenak pairatu baino.

Alderdien Legea bertan behera uzteko eta benetan Euskal Herria subjektu politikoa izateko bidea elkarlanean jorratzeko gai ez badira, sendotu baino ez dute egiten Madrileko botere faktikoek inposatzen diguten sistema politiko autonomista. Gezurra da haiei botoa emanda gauzak hobetuko direla.

Moraltasunetik batere ez duten politikariak ari gara ikusten moraltasun labelak ukatzen, frankismoko krimenak estali ziren bezala GAL eta estatu-terrorismoa zuritzen eta zigorgabetasuna deklaratzen. Martxa honetan, laster hasiko dira torturak ere zilegitzen, ozenki adierazten ETAren aurka zilegi zela torturak erabiltzea, frantsesek Aljerian egindako izugarrikeriak justifikatu zituzten bezala.

Euskaldun asko botoa emateko eskubiderik gabe egonda, ez da bidezkoa eta ez sinesgarria kanpainan parte hartzea, normaltasun politikoan bizi garen itxurak eginez. Askatasun politikorik gabe aurkitzen gara, Madrilek hala nahita. Politikari abertzaleak eta herritarrok, gaitezen geure konbentzimenduekinkontsekuente!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.