Amelia Barquin.

Musika, euskara, generoa... Gasteizko inauteriak

2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Inauteriekin, konpartsen desfilea ikusi dut Gasteizen. Irakurleak badaki kontua nola doan. Kasu honetan, hogei konpartsa izan dira. Bakoitzak mozorrotzeko motibo bat dauka, eta gutxienez bi kanta aukeratu ditu partaide guztiek dantzatzeko, musika ekipo indartsu baten bidez entzunarazten direnak. Konpartsa bakoitzaren aurrean karroza bat joaten da, non lagun batek edo bik bere konpartsako kide guztiei koreografia gogorarazten dieten.

«Zer ikasten ari dira umeak?». Galdera horrekin behatzen dut askotan aurrean daukadan errealitatea. Esan gabe doa umeak eta gazteak etengabe ikasten ari direla errealitatearen eta pertsonen harremanen inguruan, eta jarduera ororen bidez informazioa eta balioak heltzen zaizkiela. Ume asko zeuden bai desfilean bai ikusleen artean, eta begi horiekin aztertu dut jarduera: zer ikasten ari dira desfilean parte hartzen duten umeak? Eta ikusten duten umeak?

Abestiak. Entzun dudana mainstream musika izan da, radioformuletan entzuten dena. LMFAOren I'm sexy and I know it eta PSYren Gnamnam Style abesti biralak ez dira faltatu, ezta beste garai bateko Tengo un tractor amarillo eta Michael Jacksonen Thriller ere. Baina nabarmenena musika latinoa izan da. Hona hemen beste titulu esanguratsu batzuk: Tacata, Chechereche, Te voy a esperar, Mamita loca, Sube las manos p'arriba… Neure buruari galdetu diot ea zenbat aldiz ikusi dituzten umeek eta gazteek abesti horien bideoak Youtuben. Baten bat ikustera gonbidatzen dut, haietan zabaltzen diren emakumeen (eta gizonen) irudiak eta rolak aztertu ahal izateko. Ugariak dira, adibidez, arropa gutxiz jantzitako emakume irribarretsu gazte eta mardulak, matxo harroen edota trafikatzaile txuloen itxura daukaten gizonezko kantariei gustua emateko prest. Zelako bazka ume eta gaztetxoentzat…

Euskara. Abesti guztiak gaztelaniaz eta ingelesez egon dira. Bestela esanda, ez dut abesti bakar bat ere euskaraz entzun. Ordu eta erdian. Lau ikastetxek (gurasoen elkarteek, zehatzak izateko), bi eskaut taldek eta aisialdiko talde batek parte hartuta ere. Nire ustez, zerbait garrantzitsua ikasi dute umeek euskararen erabilpenaren inguruan. Edo zekitena konfirmatu dute, berriro ere: euskarak ez daukala presentziarik eskolatik kanpo.

Ea zerbaitek adierazten zuen Santanderreko, Zamorako edo Soriako desfilea ez zenik? Hizkuntzaren aldetik ezerk ez. Baina bestela, bai, detailetxo bat: konpartsa baten lehenengo ordezkariek ikurrina bat zeramaten eskuetan, Gasteiz eta Arabako Integraziorako Elkarte Dominikarraren (ADIVAren) ordezkariek , hain zuzen. Paradoxa galanta, e?

Generoa. Lehen esan bezala, abestien aukeraketaren bidez asko ikasten ari dira umeak emakumeei eta gizonei buruz eta haien arteko harremanei buruz. Mozorroen aukeraketaren bidez ere bai. Konpartsa gehienetan, emakumeek eta gizonek mozorro desberdina zeramaten, generikoki determinatuta. Kasuren batean mozorro berbera izan arren, emakumeek gonatxo bat eramaten zuten, bereizi ahal izateko.

Inauterietan derrigorrezko dimorfismo hori ikustean, betiko zalantzak sortzen zaizkit. Ze leku dauka queer-a den umeak, tokatzen zaizkion praka eta kapela edo gona eta diadema eramaten gustura sentitzen ez denak? Ze askatasun dauka ume bakoitzak nahi duena aukeratzeko edo generikoki bere burua ez sailkatzeko? Bestalde, egokia da ume bakoitzari generikoki «dagozkion» konbentzioekin derrigorrez hornitzea momentu oro? Zergatik ez aukeratzea umeak eta gazteak generikoki halabeharrez definitzeko eskatzen ez duen mozorrotzeko motibo bat? Queer militanteek esaten dute «binarismoak gaixotzen» gaituela. Hori egia dela uste dugunok kezkatuta ikusten ditugu muturreko binarismo hori bultzatzen duten esparruak.

Genero «transgresio» gutxi ikusi dut desfilean: emakume batzuk «gizonen arropa» eramaten eta gizon gutxi batzuk «emakumeen soinekoak» eramaten. Azkeneko horiek beti geratzen dira barregarri: gizonentzat «emakumeen» gauzak erabiltzea mailaz jaistea da, eta txantxa sortzen du.

Azkenik, ekonomikoki eta sozialki pairatzen ari garen garai latzei eginiko erreferentziarik egon den? Gutxi batzuk. Antzerki eta kultur talde baten karrozaren atzeko partean Stop deshaucios irakur zitekeen , eta auzo batenaren atzean RIP recortes. Horretaz gain, ez da askorik nabaritu 2013 gorrian gaudela eta ez 2007 puztuan.

Hemen aitortu behar dut nire harridura. Alde batetik, argi ikusten dut ze ahalegin dagoen konpartsa bakoitzaren desfilearen atzean: mozorroa aukeratzeko, lortzeko edota josteko, abestiak hautatzeko, koreografiak asmatzeko eta ikasteko, desfilean bertan parte hartzeko… Zenbat ordu, zenbat igande urritik hona. Baina diziplinaz gain, lidergoa ere ikusi dut, eta auto-antolakuntza ere bai. Alegia, gizarte zibilaren ezaugarri nabarienak. Eguna iritsiko da non ludikoak soilik ez diren egitasmoetan ere horrela jokatuko dugun herritarrok?

Hori guztia ikusi dut desfilean; detaile garrantzitsu askok, ziur aski, ihes egin didate. Halere, ziur nago gaurko desfilean umeek eta gazteek ere zerbait ikasteko aukera izan dutela hainbat arlotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.