Jon Eskisabel.
Ilaran

Belarria lekuko

2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Raul Garcia musikari beratarrak ukelelea, banjoa, zerra musikala, baxua, xilofoia, gitarra, triangelua, kalinba eta aho-soinua jotzen ditu, eta bi ahotsetara a cappella ondo abesteko gai da. Ez du eskolan ikasi, bere kasa baizik, eta ikasitako horrekin nahikoa du kantuak sortzeko, Dylan, Cohen edo Cashenak berera ekartzeko eta emanaldi ederrak eskaintzeko. Pare bat disko grabatu ditu Mugaldekoak taldearekin, azkena duela aste batzuk kaleratutako Begiak lekuko (Gaztelupeko Hotsak). Mugaldekoak zuzenean ikusi eta egun batzuk geroago, gaur zortzi, Joseba Tapiaren ahotik jaso nuen Raul Garcia bezalako musikarien izaeraren definizioa: «Herri musikaren jotzaileari instrumentuak maiseatzea gustatzen zaio, enamoratu egiten da tresna guztiekin; haien sekretuak asmatzen ibiltzea asko gustatzen zaio musikari autodidaktari, eta nahikoa zaio bakoitzarekin zerbait jotzen jakitea».

Musika irakaskuntzaren inguruan azken hiru urteetan egindako hausnarketak 25 foliotan bildu eta jendaurreko saio praktikoak ematen hasi da Joseba Tapia. Belarriak soinu izenburua jarri dio saioari, «belarriaren garrantzia» azpimarratzeko, eta azalpenak hornitzeko hainbat instrumentu baliatzen ditu (aho-soinua, ukelelea, baxua eta soinu txikia). Donostiako Euskal Jaietan emanzuen lehenengoa, eta joan den astean Larraulgo Kultur Astean errepikatu zuen. Herri musikak (trikitixa, folka, rocka…) «ganbaratik akademiara», entsegu lokaletik musika eskolara egin duen bideak kezka sortzen dio Tapiari, musika klasikoa irakasteko pedagogia bera ezartzen ari delakoan herri musikaren esparruan. Hor ere interpretaziorako prestakuntza nagusitzen ari delakoan.Baina herri musikak jotzaileari eskatzen diona eta akademiak eskatzen diona gauza diferenteak direla dio Tapiak: «Akademiak interpretazioa du helburu, ikasleak partitura bat ahalik eta zehatzen irakurtzea; herri musikak festa antolatzea eskatzen dio jotzaileari, jendea dantzan edo kantuan jartzeko abilidadea edukitzea, giroaren arabera doinua aldatzea, inprobisatzea…». Horretarako, partitura irakurtzen jakitea baino gehiago, «belarria, intuizioa eta bista» lantzea komeni zaio jotzaileari. Horiek dira bere armak.

Tapiaren iritziz, nerabezaroa da herri musika ikasten hasteko adin egokia. «Gizakiari garai horretan azaleratzen zaizkio gogoak, haserreak, gustuak, asmoak, zaletasunak. Berdin zaio gurasoei gustatu ala ez». Haatik, musika eskolan 7-8 urterekin sartzen dira haurrak. Beraz, zer egin nerabezaroa iritsi arteko lauzpabost urte horietan? Tapiaren iritziz, haurren musika zaletasuna piztea izan beharko luke gutxieneko helburua. «Hori lortuko bagenu, kristorena litzateke, adin horretan maiz gertatzen baita kontrakoa: musika gorrotatzera iristen dira ikasle asko». Zaletasuna pizteko, frustrazioak uxatzea komeni. Etxeko lanak izaten dira, Tapiaren irudiko, frustrazioaren iturri «ikaslearentzat, gurasoentzat eta irakaslearentzat berarentzat». Etxeko lanik ez agintzea eta klasean musika entzutea, musikari buruz hitz egitea, ipuinak kontatzea, dantza egitea, abestea edota ikasgelatik ateratzea proposatzen du trikitilariak. Halaber, «bizioei» (eskuak jartzeko, behatzak erabiltzeko edota tresnari heltzeko moduari) garrantzirik ez ematea eta zuzendu ordez «motibazio» bilakatzea aholkatzen du, «autodidaktaren mentalitatean hezi eta ohituko ditugu haurrak».

Adin horretan tresna bat hautatzeko presioa ere kendu behar zaio ikasleari, Tapiaren ustez. Horren ordez, tresnak «maiseatzea» proposatzen du, «denetarik probatzea eta irakasleak bakoitzetik dakien apur hori irakastea haurrei. Tresnak maiseatzeak belarria eta bista esnatzen ditu, eta motibazioa ere sortzen du». Horrela, benetan gustuko duen tresna aukeratzeko informazio gehiago izango du ikasleak nerabe denean. Horrek ikaslearen aurrerapena «jotzen dakien pieza kopuruaren arabera» neurtzeko ohituran ere aldaketa ekarriko luke.«Tresnak maiseatzen egiten diren beste aurrerapen batzuk kontuan hartu beharko genituzke: psikomotrizitatea lantzen da, erritmoa, abilidadea, belarria».

Gaur egun irakasle askoren kezka omen da musika eskolak haurtzaindegi bihurtu direla. Ados, dio Tapiak, izan daitezen haurtzaindegi, baina «musikara hurbiltzeko haurtzaindegi». «Musikarekin jolasteko gune bihurtu beharko genuke eskola, seriotasun eta kezka guztietatik urrun dagoen gune. Plazerezko gune, erlaxagarri, eder, polit, gozoa».

Azkenik, osaba Eleuteriorengandik jasotako «irakaskuntza integrala» gogoan harturik, eztabaidarako galdera bat bota zuen Tapiak: teknikoki ez ezik, ideologikoki ere prestatu beharko lituzke eskolak ikasleak? Tapiaren iritziz, irakasleen lana litzateke gaiak proposatzea, elkarrizketak sortzea eta ikasleek horri buruz esaten dutena entzutea. Gai posibleetako batzuk bota zituen Tapiak. Baserritarrez jantzita atera behar al dute trikitilariek? Zer da folklorea? El Corte Inglesen bertako produktuak iragartzeko trikitixa jotzea zilegi al da? Kontzertuetan sarrera 3 euro kobratzea ez al da taldea gutxiestea? Zenbat ordu jo behar da erromeria batean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.