Suharriz egindako tresnak ikusteko erakusketa

'Silexaren bila. Euskal kostaldeko lehen biztanleak' erakusketa ireki dute Bilboko Arkeologia Museoan

Ilargi Agirre.
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Suharria zen historiaurrean oinarrizko lehengaietako bat. Duela 250.000 urte baino gehiago suharria nola lantzen zuten erakusten du Silexaren bila. Euskal kostaldeko lehen biztanleak erakusketak. Bilboko Arkeologia Museoan ireki berri dute, Mallona aretoan.

«Historiaurreko petrolioa zen suharria, hein handi batean», azaldu du Diego Garate arkeologo eta erakusketako komisarioak. Suharria zer den azaltzen da erakusketan, eta nola lehengai horrek eragina izan zuen inguruan giza taldeak bizitzen jartzeko orduan. Horrez gain, historiaurrean material horrekin egindako 150 tresna inguru ikusi ahal izango ditu bisitariak.

Hainbat lekutan aurkitutakoak dira tresnak. «Uribe Kostakoak dira batzuk. Barrikako flysch-etan suharri asko zegoen, eta horrek gaur egun Getxotik Gorlizera bitartean aztarnategi asko egotea ekarri du», jarraitu du arkeologoak. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat aztarnategitan bilatutako tresnak ere badaude tartean. 250.000 urte baino gehiago dituzten tresnek balio dute erakusteko gizakiek garai hartan baliabide naturalak nola ustiatzen zituzten.

Suharri minerala oso estimatua zen garai batean, hainbat jardueratarako eskuratzen baitzuten historiaurreko gizakiek. Mozteko balio zuten tresnak egiteko erabiltzen zuten gehienbat, ertzak zorrotzak baititu. Horrez gain, sua egiteko ere balio zuen. Beste zerbaiten aurka jotzean, txinpartak sortzen ditu mineralak. «Suharri, pirita eta ardagaiarekin sua egin daiteke», esan du arkeologoak.

Artea ere begiztatu ahal izango du bisitariak. Jesus Mari Lazkano artistaren margolan bat jarri dute erakusketan. Arkeologoak kontatu duenez, itsaslabarrak irudikatzen dituen margolan bat du Lazkanok, erdian suarekin. Duela 40.000 urteko Barrikako itsaslabarrak irudikatzen ditu artistak. «Gaur egungo margolari baten eta gure arbasoen arteko elkarrizketa moduko bat da margolana».

Familientzako tailerrak

Ohiko bisitez gain, bisita gidatuak egingo dituzte apirilaren 15etik aurrera, 18:15ean. Diego Garate arkeologoak berak emango ditu. Aldez aurretik izena eman daiteke, (0033) 94-404 09 90 telefonora deituta edo [email protected] helbidera idatzita.

Horrez gain, suharria nola lantzen den erakusteko tailerrak egingo dituzte, eta familientzako tailerrak ere bai. Maiatzaren 17an izango da lehenengoa. Haurrek lanabesak egiteko aukera izango dute tailerretan. Norbere kontura joan nahi duten familiek, berriz, fitxa didaktiko batzuk izango dituzte eskura museoan. Erakusketa irailaren 28ra arte egongo da zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.