Sektore publikoan errelebo kontratua kentzeari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak

ELAko eta LABeko ordezkariek ez dute parte hartu funtzio publikoko mahai orokorraren bileran

2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Sektore publikoan errelebo kontratuakentzeko proposamena bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak. Hala jakinarazi zuen atzo Juan Carlos Ramos Funtzio Publikoko sailburuordeak, sektore publikoko mahai orokorraren bileraren ostean egindako agerraldian. Beharrezkoa deneanmota horretako kontratuak egingo direla ziurtatu zuen Ramosek, eta zehaztu zuen lanaldiaren %75 langile berriak beteko dela eta %25 ordezkatua izango den langileak.

ELA eta LAB ordezkaritzarik handiena duten bi sindikatuetako ordezkariek ez zuten parte hartu bileran. Jaurlaritzak azaroaren 23an aurkeztu zituen murrizketa neurri guztiak baztertu arte mahaian ez esertzea erabaki zuten.

Funtzio publikoko mahai orokorraren lehenengo bilera hartara, sei proposamen eraman zituzten Administrazioko ordezkariek: erretiro aurreratua hartzeagatiko pizgarriak kentzea; errelebo kontratua kentzea; 65 urte bete ondoren lanean jarraitzea galaraztea; lanerako ezintasun iragankorra duten langileei soldata osoa ez pagatzea; ahal den neurrian, ordezkapenik ez egitea; eta lanbide karrerengatiko ordainketak etetea. Neurri horiekin ehun milioi euro aurreztea espero zuen Jaularitzak.

Bigarren bileran, abenduaren 15ekoan, lanbide karrerengatiko ordainketak eteteko proposamena bertan behera lagatzeko prest azaldu zen Administrazioa. Atzo, berriz, uko egin zion errelebo kontratua kentzeari. Baina ez horri bakarrik, ezintasun iragankorragatik soldata osoa ez pagatzeko proposamena ere zehaztu egin baitzuen Ramosek. «Ez da egia ezintasun iragankorren bat duten langileei soldata osagarrien %25 murriztu nahi zaiela», azaldu zuen. Haren esanetan, Administrazioaren asmoa eskubide hori arautzea da, «lan absentismoa gutxitzeko». «Kontua ez da gaixorik dauden langile publikoak kriminalizatzea, kontrakoa baizik: absentismoa gutxitzeagatik hobari ekonomikoak ematea». Hobari horiek nola eman ez dutela erabaki esan zuen.

Kritikak ELAri eta LABi

Ramosen hitzetan, erretiroa 60 urterekin hartzeagatiko pizgarriak kentzea da Administrazioak planteatzen duen murrizketa bakarra. Neurri hori, gainera, urtebetez baino ez ei da indarrean egongo. «Jaurlaritzak enplegu publikoa defendatzeko konpromiso argia du». Horren adierazgarri, 2012an eta 2013an 12.000 lanpostu betetzeko lan eskaintza publikoa egingo duela.

Gainera, Ramosek jakinarazi zuen «garapen profesionalerako asmo handiko prestakuntza plan bat» prestatzen ari dela Jaurlaritza eta aurki iragarriko dituela langile publikoei laneko eta familiako betebeharrak uztartzen laguntzeko neurri berriak ere, lanaldi guztia jarraian egiteko aukera, kasu.

ELAren eta LABen jarrera kritikatzeko ere baliatu zuen agerraldia Funtzio Publikoko sailburuordeak. «Arduragabe» deitu zien, ordezkaritzarik zabalena izan eta bilerara ez azaltzeagatik.

Bi sindikatu horiek eta EILASek deituta, sektore publikoko dozenaka langilek murrizketen kontra elkarretaratzea egin zuten Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren kanpoaldean.

Funtzio publikoko mahaia abenduaren 22an bilduko da berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.