Emigranteak %65 ugaritu dira urtebete eskasean

Hego Euskal Herria utzi zuten 24.617 herritarrek 2010ean, eta iaz 40.598 joan ziren; datu hori jada berdindu da aurten

mikel p ansa
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Susmoa zena datuetan erakutsi du Espainiako Estatistika Institutuak: gero eta gehiago dira emigratzen dutenak. Urtebete eskasean %65 ugaritu dira emigranteak. Azken hamarkadan, joan baino pertsona gehiago etorri dira Euskal Herrira. 2010ean hasi zen joera aldatzen; nazionalitate espainiarraren jabe ez ziren 23.038 pertsona iritsi ziren Hego Euskal Herrira, eta 24.617 pertsonak alde egin zuten. Etorri baino pertsona gehiago joan ziren, beraz, 1.579 zehazki. Iaz joera bizkortu zen: jaso baino 17.000 pertsona gehiago galdu zituen Hego Euskal Herriak. Eta aurtengo behin-behineko datuak are argiagoak dira: iaz urte osoan Hego Euskal Herria utzi zutenen kopurua berdindu egin da bederatzi hilabete eskasean. 2010ean, guztira 24.617 herritarrek utzi zuten Hego Euskal Herria, eta 2011n, 40.598 herritarrek (ia 16.000 gehiagok); aurten, berriz, 39.026 herritar joan dira atzerrira, urtarriletik irailera bitartean.

Iazko datuei erreparatuta, badira aldeak lurralde batetik bestera. Bizkaia da emigrante gehien duen herrialdea. Hego Euskal Herritik joan direnen %38 inguru Bizkaian bizi ziren —zenbaki osotan, 15.562 bizkaitarrek utzi zuten herrialdea iaz, eta aurten 12.318 joan dira dagoeneko iraila bitarte; 2010ean, 8.648k alde egin zuten atzerrira—.

Iazko emigranteen %25,5, berriz, Gipuzkoan bizi ziren: 10.351 herritarrek emigratu zuten Gipuzkoatik 2011n —aurreko urtean baino ia 4.000 gehiagok—. Araban, berriz, bikoiztu baino gehiago egin da emigranteen kopurua urtebetean: 8.821ek utzi zuten herrialdea iaz, 2010ean baino 5.232 gehiagok. Aurtengo behin-behineko datuek aise gainditu dituzte iazkoak: bederatzi hilabetean, 10.749 joan dira Arabatik.

Nafarroan ez da emigrazioaren gorakadarik nabaritu orain arte, gainerako herrialdeetako datuen kontrara. Emigrazio kopuru txikiena ere herrialde horrek izan zuen iaz: 5.864 pertsona joan ziren atzerrira. 2010ean, 5.841 emigrante izan zituen Nafarroak. Apenas sumatu den alderik urtebetean. Aurten bai nabaritu da aldea, ordea; irail arte, 7.789 herritar joan dira atzerrira —iaz urte osoan baino ia 2.000 gehiago—.

Iruñeko Udalak aurreko astean eman zituen aurtengo datu batzuk, eta horietan ere nabaritzen hasi da emigrazioaren indarra: 2012ko lehen sei hilabeteetan, 939 immigrante gutxiago zeuden erroldatuta. Horietatik askok Espainiako nazionalitatea eskuratu dutela azaldu zuen udalak, eta beraz etorkin gisa agertzeari utzi diotela erroldan. Udalak azaldu du, hala ere, krisi ekonomikoaren eraginez etorkin batzuk beren jatorriko herrialdeetara itzultzen ari direla, latinoamerikarrak batik bat. Iruñean 24.269 etorkin daude erroldatuta orain; biztanleriaren %12 dira.

Immigrazioa, jaisten

Emigranteen kopurua gora egiten ari da azken urteetan, baina horrek ez du esan nahi immigranteenak nabarmen behera egin duenik. 2010ean, nazionalitate espainiarra ez zuten 23.038 pertsona iritsi ziren Hego Euskal Herrira; 2011n oso antzekoa izan zen kopurua (23.257). Aurtengo behin-behineko datuetan bai hasi da joera aldaketa bat nabaritzen: urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %20 etorkin gutxiago iritsi dira Hegoaldera, batez beste.

Espainiako Estatistika Institutuak ez ditu bereizten euskal herritarrak, espainiarrak, galiziarrak eta katalanak. Horregatik, ezinezkoa da zehatz jakitea zenbat immigrante jaso zituen Euskal Herriak iaz. 23.257 horiei batu beharko litzaizkieke Espainiatik, Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik iritsitakoak.

Datu horiek izan gabe ere, argi dago: emigranteen artean nazionalitate espainiarra dutenak dira nagusi. Iaz Hego Euskal Herritik joan ziren 40.598 lagunetik, 2.588 baino ez ditu hartzen estatistika institutuak atzerritartzat. 2010ean 2.140 izan ziren Hego Euskal Herria utzi zutenak. Estatistikak, edozein modutan, ez ditu zenbatzen paperik gabe edo egoera irregularrean dauden etorkinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.