Biharko janzkera eta zinema

Zinemak salto ikaragarria egin du Cannesen. Itxuraz, portaeraz, belaunaldiz eta 'look'-ez aldatu da, aspaldiko maisuek (Cronenberg, Leone, Godard) babestua. Zinemajaleok, lekuko.

Nuri Bilge Ceylanen Winter Sleep-ek jaso du Cannesko sari nagusia. BERRIA.
begona del teso
Cannes
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Oraindino dabiltza bueltaka Kosta Urdinean, ea Nuri Bilge Ceylan Turkiako zuzendariak merezia duen ala ez Winter Sleep filmarekin lortu zuen Urrezko Palma. Guk baiezkoa esango genuke. Guk kasik existitzen ez diren lekuetan kokaturiko hotelak maite ditugulako. Guk elurpean den Turkia ia ezezagun hori gogoko dugulako.Guk film luzeak —onak, jakina— gustuko ditugulako. Zergatik? Bertan, pantaila zabalean, ia mugarik ez duen horretan, zeure burua murgil dezakezulako pentsamendu eta irudi galduetan. Guk film hiztunak —hitzen inspirazioa Txekhoven eta Shakespeareren lanetan badute bederen— miresten ditugulako, berba, askotan, zinema bilakatzen baita.

Baina ez gara gehiago pausatuko ika-mika horretan. Badakigu sari banaketa bukatu eta geroko jaian Sissakoren Timbuktu film mardul eta paregabearen ekoizleak haserre bizian jardun zuela epaimahaiko kideekin, Maliko maisua sari banaketan baztertuzutelako. Badakigu aipamenik sikiera merezi zuela. Badakigu ikusleek (bereziek, dohaintsuek, benetakoek) emango diotelaepaileek eman ez ziotena.

Guk ere, ez pentsa, hala nahi izanez gero badugu kexatzeko franko. Cronenbergen Map to the Stars i-ka-ra-ga-rria, po-zoin-dua eta oz-pin-dua, palmaresean gorago ikusi nahi genuelako. Epaileen erabakietan Tommy Lee Jonesen western zehatzaren, gordinaren falta sumatzen dugu, hots, EITBn etengabe jartzen zituzten western horietako bat ez den film krudela: The Homesman.

Baina ez, ez gara hitz txikietan galduko. Baliteke —kasik seguru gaude horretan— Le meraviglie Alicia Rohrwacherrenak lortu zuen sari ordaina —epaimahaiaren Grand Prix, hain zuzen ere— horren merezia ez izatea... Esango genuke hark ere badakiela. Baina lan fina da, xumea, oso lurrekoa. Eta, gainera, agertokian duen portaerarekin adinaz, estiloz, itxuraz aldatzen ari den seinaleetako bat suertatu zen.

Sarien bila Grand Auditorium Lumiere jauregiko tauletara igo zirenak inoiz baino gazteagoak ziren. Inoiz baino modernoagoak. Hizkeraz, janzkeraz, orrazkeraz, ibileraz, tatuajeetan, belarritakoetan… Erreferentzietan. Bai zeluloidezkoetan bai bizitzarenetan.Baita musikan ere. Adibide bi: Mommy (Xavier Dolanen dohain fotogrametakoa) eta Bande de filles, Celine Schiammarena, Zuzendarien Hamabostaldia ireki zuen lan libre eta beldurgabea. Lehenengoan bada parekorik ez duen eszena bat, non Celine Dionen On ne change pas horrekorain arte ez zuen esanahia hartzen duen. Bigarrenean, askatasunaren alde borroka, burla, eraso egiten duen nesken lagunartean jolasean hasten da hoteleko gela ziztrin batean gau petral bat igaro eta gero. Rihannaren Diamonds entzuten da soinu bandan (I choose to be happy...), eta irudiek guk uste ez genuena esaten digute.

Zinema erreferentziak, zinema mito eta jainkoak aldatu dira. Pulp Fiction-ek jada hogei urte ditu. Dolanek Jane Campioni esan zion, kasik zotinka, berak ikusi zuen lehendabiziko filma The Piano izan zela eta Rohrwacherrek hikaz egin zion aldamenean zuen Sofia Loreni… Hikaz, baina lilurak harturik. Bost axola benetan neurri, tamaina, xede eta mami gutxiko eztabaidak. Jakina, Zvayagintsevek egindako Leviathan-ek aparteko zuzendaritza maila goresten duen saria merezi zuen. Eta ez zuen lortu, baina ez dugu horretan lerro bat ere galduko, oraindik ez baititugu aipatu hurbilean dituzuelarik ezinbestean harrapatu beharko dituzuen zinema puskak: Thomas Cailleyen Les combattants, non inoren islari erreparatzen ez dion sortzaile baten berri jasotzen dugun; Respire beltz-beltza. Han, Tarantinoren Inglorious Bastards-en diz-diz egiten zuen Melanie Laurentek kamera hartzen du gupidarik gabe. The Tribe, keinuen hizkuntzarekin sortutako lan harrigarri eta bortitza; azpititulurik gabe…

Amaierarik izan ezin duenari amaiera jartzekotan, beste bi izen: Lisandro Alonsoren Jauja, Argentinako basamortuan gertatzen den fabula odoltsu eta aseezina, auskalo zergatik, Werner Herzogen Aguirre burura ekartzen diguna; eta, jakina, Godarden Adieu au langage. Han, maisu zaharrak, Resnaisek Berlinen Aimer, chanter, boire-rekin egin zuen bezala, jendea zur eta lur utzi du, eta benetako filosofoaren aldean duen beste horren islak dar-dar eginarazten duela aldarrikatzen du, smartphone-ak eta oraindik existitzen ez diren kamerak lepoan harturik.

Leatherface eta Leone jabe

Kontu, pasadizo eta estropezu arraro eta ezin hobeak bizi izan ditugu Cannesen. Ez da gaur egungoa, baina Kosta Urdinean aspalditik saritzen dute txakurrek pantailan egindako lana, Palme dog izeneko garaikurraz. Sari estimatua. Ez bakarrik txakurrek, baita haien entrenatzaileek ere; ohore handitzat hartzen dute.

Ez egin barre, arren. Aurtengo zinema festa horretan ikusgai, eztabaidagai izan diren film askok txakurrak dituzte protagonista. Eta ez pentsa bigarren mailakoak direnik. Un Certain Regard saileko saria jaso zuen Fehér Isten (Jainko zuria) ez litzateke existituko ez baleude han Luke eta Body animaliak. Tronpatu zarete; filma ez da komedia, ezta umeentzako ipuina ere. Dar-dar eginarazten duen gizarte fabula politikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.