Katuajeak

Goierri Donostia Goierri

Lorea Agirre.
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Aitor dezadan, halako hozki bat sortzen dit Donostia hiritxo burges garbi atsegin txepel paristxikiak, jakitun izanik ere ez dela erabat irudi erreala, ez behintzat Donostiako auzo eta jende askori egotzi diezaiokeguna, baina hori da dudarik gabe hiriak saltzen duen irudia. Aurreiritziak ere badira, badakit. Goierritarra naiz, zer nahi duzue.

Eta Goierri donostiarrentzat ere bada aurreiritziz eta topikoz betetzeko probintzia barren barrenekoeremu egoki bat. Askorentzat bai behintzat. Nekazari giroko euskaltasunaren gunea. Baserritarren Goierri. Probintzianoena. Eta Goierri ez da hori, Goierri izatekotan buzo urdineko langileak dira. Ez dio alferrik trengintzak, fundizioak, garabigintzak eta industriarako makinagintzak ematen jaten. Batzuetan justuan, baina horrexek elikatzen du. Burdinak. Besterik da burges izatera jokatzen dugula aspaldi honetan. Trena joan den mendea hasterako iritsia zen, eta harekin lehen etorkinak, Espainiako langile jendea, anarkista eta komunista asko tartean. Eta heroina ere etorri zen 80ko hamarkadan, eta salerosketan gamelu euskaldunak ibiltzen zirela, baina ondorioak ez ziren hargatik arinagoak izan. Eta Europako ibairik kutsatuena izan dugu urtetan Oria ibaia —orain marroi koloreko, hurrena berde, eta ondoren beltz—. Eta airearen kutsadurak oraindik ere markak hausten ditu. Euskalduna da Goierri, erdalduna bezainbat, baina euskalduna da. Hori da Goierri, hori ere bada.

Besterik da zer saltzen den, eta nola, eta zer ikusten den. Zeraingo herri museoko dendan orbela eta artilea salgai daude kartoi birziklatuko kaxetan sartuta. Larre berde baserri zuriko Goierriren souvenirra, igurtzi etnikoaren gose diren Donostiako hiritarrek, demagun, eros dezaten. Donostian, Kontxako hondartzako barandaren pitxiak, eta itsas ertzaren argazkiak saltzen dira turismorako dendetan. Hiri erromantiko eta burgesaren souvenirra.

Aurreiritziez harago, Donostia zer gehiago den asmatuko nuke esaten. Badakit gehiago dela, baina gehiago hori ez da hiriaren erakusleihoan ikusten dena. Demagun, Donostia 2016 egitasmoa. Aitor dezadan, ez dut gustuko izan, euskara eta euskal kultura non jartzen dituen ikusita, bai kultur programan bertan, eta baita, sumatu dezakedanez, ekimena bera antolatzeko bidean ere. Euskara eta euskal kultura azpi-alor bat baino ez da programazioan, probintziako barren barreneko eremu exotiko bat, nola Goierri. Donostiaz kanpokoa, baina Donostiari ukitu etniko eta exotikoa emateko balio dezakeena. Euskal ­zera hori. Adjektiboa. Inoiz ez substantiboa. Donostiak ematen dio kulturaren unibertsoan sartzeko eskubidea. Unibertsoan eta unibertsaltasunean, erdaraz nagusiki. Euskal zera hori ez baita berezko, ez eta berez, bestezko eta bestez da. Ez da osotasun bat, ez da beregaina, ez da unibertso bat. Azpi-multzo bat da, Donostiako multzo nagusiaren baitan leku egin zaiona. Zer egin liteke euskarazko kultura nagusiki larunbat goiz-eguerditan, eta kale eta pilotalekuetan programatzen duen hiri honetatik? Umeak eta bertsozaleak, begitantzen ditut, ikusle. Alegia, pailazoak eta bertsolariak. Kultura infantila eta nekazaria, begi askorentzat. Alkate berriaren hitzek besterik adierazten dute, eta orain artean erakusleihoan egon ez den beste Donostia baten oihartzunak dakartza eta gaztelania ez den beste hizkuntza baten gainera. Aitor dezadan, orain artean mutu agertu den Donostia hori erosoago zait. Euskara eta euskal kultura ez da artalde bat Ñañarriren magalean. Goierri oso bat da, berezkoa eta beregaina. Eta Donostia Goierri ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.