Handituz joan den auzia

2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
2002ko apirilaren 29a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, 11 lagun atxilotu eta zortzi miaketa egin zituen Espainiako Poliziak. Erosgune SL, Eneko SL, Ducal, Etxepare, Hator eta Aixa enpresak eta Donostiako Amara Zaharra auzoko

Herriko Taberna miatu zituzten, besteak beste. Herriko tabernetako kontuak blokeatu zituzten, eta jabegoa bahitu.

2002ko maiatzaren 3a. Batasuna «ETAren enpresa handi bat» dela eta herriko tabernak kontrolatzen dituela adierazi zuen Garzonek, hamar lagun espetxeratzeko atera zuen autoan.

2002ko maiatzaren 29a. Euskadiko Kutxako Barne Ikuskaritza Saileko zuzendari Iñaki Mallagarai atxilotu zuten, Garzonen aginduz, herriko tabernen kontrol judizialari «oztopoak jartzea» eta ETAri laguntzea egotzita.

2002ko uztailaren 3a. Garzonek kale istiluen erantzule egin zuen Batasuna, eta 24 milioi euro eskatu zizkion. Hark ordaindu ez zituenez, 107 diru kontu eta 75 elkarte enbargatu zituen. Herriko tabernak ez zeuden Batasunaren izenean, baina hori «benetako titulartasuna ezkutatzeko maniobra» zela argudiatu zuen epaileak.

2002ko abuztuaren 26a. Batasunaren jarduera hiru urterako eteteko agindu zuen Garzonek. Hurrengo egunean, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak alderdiaren egoitzak itxi zituzten Bilbon, Gasteizen eta Donostian; hainbat herritako bulegoekin gauza bera egin zuten, eta Iruñeko bi herriko tabernetako bulegoak ere zigilatu zituzten.

2003ko maiatzaren 9a. Bahituak zituen 75 herriko tabernei administratzaile judiziala jarri zien Garzonek, diruak «ETA erakunde kriminalaren eskuetaraino egiten duen bidea» eteteko helburuz.

2005eko urtarrilaren 25a. ETAko kide izatea egotzita, Batasuneko 36 kide auzipetu zituen Garzonek. Geroago, Eusko Legebiltzarreko kide izateagatik forudun izatea galdu zutenean, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Josu Urrutikoetxea ere auzipetu zituen, eta azken hori bilatu eta atxilotzeko agindua ere eman zuen, ihesean zegoelako. Garzonek aldi baterako Auzitegi Nazionala utzi zuenean, Arnaldo Otegi eta Jon Salaberria ere auzipetu zituen Fernando Grande-Marlaskak.

2006ko urtarrilaren 17a. Garzonek agindutako jardueren etetea beste bi urtez luzatu zuen Grande-Marlaska epaileak.

2006ko otsailaren 10a. Usurbilgo Aitzaga elkartea bi urtez ixteko agindu zuen Grande-Marlaskak.

2006ko urriaren 24a. Auzitegi Nazionalak Batasuneko 37 kideren auzipetzea berretsi zuen, haien helegitea atzera botata.

2008ko apirilaren 1a. 35/02 auziko sumarioa amaitutzat eman eta 41 lagun epaiketara bidean jarri zituen Garzonek, berriz ere Auzitegi Nazionaleko lanpostura itzulita. Zigor salako 2. aretoaren esku utzi zuen auzia, hark epaiketa egin zezan.

2008ko ekainaren 13a. Zigor salak atzera bota zuen hainbat herriko tabernak baimendua kentzeko egindako eskaera.

2010eko apirila. Fiskaltzak txostena aurkeztu zuen, Batasuna eta ETAren arteko «erabateko sinbiosia» nabarmenduz. Zortzi eta hamar urte arteko zigorrak eskatu zituen.

2011ko otsailaren 11. Auzipetuetako hamarrek jarritako azken helegiteak atzera botata, auzia epaiketara bidean jarri zuen Auzitegi Nazionalak.

2013ko ekainaren 3a. Akusazioek proposatutako froga denak onartu zituen auzitegiak, eta defentsak proposatutako batzuk baztertu.

2013ko ekainaren 5a. Epaiketa egiteko eguna ezarri zuen Auzitegi Nazionalak: 2013-10-17.

2013ko urriaren 17a. Epaiketa hasi zen, Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan.

2014ko martxoaren 12a. Epaiketa epaiaren zain gelditu da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.