18. Korrika. Balantzea

Korrikan azaldutako indarra «bideratzera» deitu dute, eta leloa betetzen hastera

18. Korrikak inoiz baino herritar gehiago elkartu dituela nabarmendu du AEK-k, eta inoiz baino pluralagoa ere izan dela

Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusietako ordezkariak Korrikan, elkarrekin, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Zenbat jende, eta zer jende. «Inoiz baino handiagoa izan da parte hartzea. Inoiz baino pluralagoa izan da, orain arte parte hartu ez dutenek ere bat egin dutelako». Edurne Brouard arduradunak 18. Korrikak emandakoaren balantze ona egin du, AEK-ko kideen eskutik. Pozik daude hamaika egun eta hamar gauetan bildutako indarrarekin —«mundiala izan da»—, baina aurrera begira jarri dira. «Kezka bat badugu: hemendik aurrera, zer?». Korrikan batutako indarra «bideratzera» deitu du AEK-k, eta egunez egun ahotan izan duten leloa —Eman euskara elkarri— eguneroko bizitzan martxan jartzeko eskatu du.

Igandean bukatu zuen ibilbidea aurtengo Korrikak. Andoain (Gipuzkoa) eta Baiona arteko bidean, 2.587 kilometro egin zituen. Inoiz baino gehiago, Brouarden esanetan. Jendetsua izan da leku gehienetan Korrikaren bidea, eta, bereziki, Baionan. «Lapurdiko hiriburuak inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena izan zen».

Korrika pasatu ez den lekuetan eta desorduetan igaro den tokietan ere antolatu dituzte ekitaldiak. Baita nazioartean ere: munduan, 30 tokitan baino gehiagotan egin dituzte Korrikarekin lotutako ekitaldiak, AEKren arabera.

«Kohesiorako tresna»

Euskara elkarbizitzarako tresna gisara aurkeztea zuen xedeetako bat lasterraldiak, «kohesiorako tresna» moduan. Hala, Korrikan zenbat atera diren ez ezik, zein atera diren ere nabarmendu dute.

Eusko Legebiltzarrak erositako kilometroak utzi du argazki esanguratsuenetako bat aurten: parlamentuko lau alderdi nagusietako ordezkariek elkarrekin jardun zuten lasterka Gasteizen. EAJkoek, EH Bildukoek, PSE-EEkoek eta PPkoek. Beste erakunde batzuen kilometroetan ere elkarrekin atera ziren korrika alderdi horietako ordezkariak. Eta ez horiek bakarrik: iritzi eta alor oso diferenteetako ordezkariak atera dira lasterka aurtengo Korrikan, herrialde guzti-guztietan.

Euskararen aldeko indarra badela erakutsi du Korrikak, beraz. Kontua da lasterketa igarota zer gertatuko den orain. «Gure benetako erronka da Eman euskara elkarri leloa eguneroko bihurtzea», adierazi du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Hori lortzeko, ohartarazi du «bideratu» egin beharra dagoela hamaika egunez agertutako indar hori.

Hiru baldintza aipatu ditu Mugikak. Bat: euskaldunek euskaraz jardutea. «Euskara daukanak eman egin behar du; euskaldunok euskara erabiltzeko joera indartu egin behar dugu». Bi: erdaldunek euskara ikastea. «Aukera eman behar diote euskara erabili nahi duenari. Inoiz baino argiago geratu da euskara kohesiorako tresna dela, eta, horretarako, euskararen ezagutza unibertsalizatu behar da». Euskaltegiek duten zeregina nabarmendu du. Eta hiru: aukerak eta baldintzak jartzea euskaraz ikasteko eta aritzeko. «Berezko hizkuntza normalizatzeko sustapena eginez eta ikasteko eta erabiltzeko baliabideak jarriz ematen zaio euskara elkarri».

Korrikaren lekukoaren itzalean joan ziren eragileei dei egin die, beraz, Mugikak, bide horretan lan egitera. «Euskalgintza osoak beteko du euskararen aldeko bere konpromisoa. Berdin egitea eskatzen diegu zeregin horretan zer egina eta zeresana duten guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.