'On line' irakaskuntzarekin, Euskal Unibertsitatearen «hazia erein» nahi du UEUk

Profesionalen beharrei erantzun eta euskarazko ikasketak egituratu nahi ditu UEUk, ikasle eta irakasleak saretzeko

Zigor Etxeburua, Karmele Artetxe eta Ana de Castro, atzo, Eibarren, UEUren ekitaldian. JON URBE / ARP.
urtzi urkizu
Eibar
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Internet bidezko irakaskuntzan «jauzi kualitatibo bat» emateko lanean ari da UEU Udako Euskal Unibertsitatea. Irakaskuntza horren bitartez, «euskal campus ireki» bat irudikatzen duela esan zuen atzo Karmele Artetxe UEUko zuzendariak Eibarren (Gipuzkoa). «Urruneko irakaskuntzan saretua» eta «Euskal Herriko unibertsitateekin eta irakasleekin elkarlanean». UEUren 2013-14ko ikasturtearen hasiera ekitaldian aurkezle lanak egin zituen Artetxek, eta honako asmo hau iragarri zuen: «Euskal Unibertsitatearen hazia erein, eta landarea hazten ikustea».

UEUren on line irakaskuntzaren ildoak bi helburu ditu: batetik, goi mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan, formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrei erantzutea. Eta, bestetik, Euskal Unibertsitatearen hazia ereitea, hazi horrekin euskarazko unibertsitate ikasketak egituratu eta ikasleria zein irakasleria euskalduna biltzeko eta saretzeko.

UEUko zuzendariak nabarmendu du «egungo egoerara» egokitzen ari direla. On line irakaskuntzan ikaskuntza elektronikoaren eredua hartu du UEUk. Artetxeren arabera, eredu horretan ikasleak dira hezkuntza prozesuaren ardatza. «Halaber, profesional euskaldunei begirako prestakuntza eskainiko dugu, ikastaro laburrekin eta denbora luzeagoko formatuekin».

Azkeneko bi urteak UEUrentzat «oso zailak» izan direla azaldu zuen Artetxek. «Duela bi urte, Eusko Jaurlaritzak diru saila kendu zigunean, UEUren etorkizuna kolokan geratu zen. Baina aurrera egin dugu, gure egitekoa beharrezkoa dela sinisten dugulako». Eusko Jaurlaritza berriak UEU laguntzeko «erakutsi duen borondatea» nabarmendu zuen, bestalde, Artetxek. Atzoko ekitaldian Francisco Javier Alonso Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateetako zuzendariak parte hartu behar zuen, baina «agenda kontuengatik» ez zen Eibarren izan. Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskararen Sustapeneko zuzendaria, berriz, izan zen Markeskoa jauregian.

UEUko zuzendariak garrantzitsutzat jo zuen Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek emandako babesa ere. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak azaldu zuen«elkar hartuta» lankidetza esparru bat finkatu dutela diputazioak eta UEUk: ikasgela birtualaren egitasmoa. «Ikasgela birtualari esker, graduondoko ikasketa ofizialak eskaintzen hasi da UEU, eta munduko euskaldun guztiok dugu izena emateko aukera». Baldintza bakarra Interneterako konexioaizatea da.

Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, halaber, esan zuen «funtsezkoa» dela Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean aritzea. «Hemendik aurrera ere ahalegin guztiak egingo ditugu bi erakundeen arteko lankidetzak aurrera jarrai dezan».

Rolak aldatzeko beharra

UEUren ikasturteko hasiera ekitaldiko sarrera hitzaldia, bestalde, Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle eta UEUko zuzendaritzako kideak eman zuen: Ikasteko ingurune birtualak: erronka teknologikotik erronka pedagogikora.

Esnaolaren ustez, hezkuntzako rolak aldatu egin behar dira. «Ikasteko ingurune bat sortu behar du irakasleak. Irakaslea konstruktibista bada, ikaslea ere bihur daiteke konstruktibista. Erronka pedagogikoa hor dago». Ingurune birtualetan, irakasleak gidari edo tutore izan behar du, informatika ingeniariaren arabera.

Euskal campus bati begira, euskarazko teknologiak eta gaitasunak dituen irakasleria badagoela iruditzen zaio Esnaolari. Moodle irakaskuntza kudeatzeko sistema Euskal Herriko unibertsitate gehienetan erabiltzen dute; euskaraz erabil daiteke. «Beraz, euskaraz ikasteko ingurune birtuala posible da, baina pedagogia aldatu behar da». Bere tesia esaldi honekin laburbildu zuen: «Ezarpen teknologikotik integrazio pedagogikora pasatzea litzateke benetako iraultza».

Aurrez aurreko eskoletan oinarritutako euskal unibertsitate fisiko bat posible litzatekeen galdetu zioten Esnaolari, eta erantzun zuen ez zaiola bideragarria iruditzen. «Urruneko ikasketek dute [Internet bidezkoak] etorkizuna dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.