Komunikazioa

«Telebista publiko eta pribatuen ondoan, bestelako eredua da gurea»

Ximun Karrerek Kanaldude herri telebistari buruz hitz egin du tokiko VDPQ telebisten topalekuan

Ximun Karrere, ostiralean, Bidarrain emandako hitzaldian. SYLVAIN SENCRISTO.
Adrian Garcia.
2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Gonbidatu ugari izan ditu egunotan Ximun Karrerek (Lekuine, Lapurdi, 1973). VDPQ Herri eta Auzoetako Bideoen Federazioko urteroko mintegia antolatzea egokitu zaio aurten Kanaldude herri telebistako kudeatzaileari. Urtero biltzen dira tokian tokiko telebista baten egoitzan, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko. Bretainiako, Okzitaniako eta Frantziako 30 tokiko telebista inguru bilduko dira Bidarrain (Nafarroa Beherea) gaur arte. Herenegun Kanaldude herri telebistaren historia eta ereduari buruzko mintzaldia eskaini zuen Karrerek.

Herri telebistaren hastapenetik dabil lanean Karrere, 1990eko hamarkadatik. «Hor agertzen dira lehen kamera arinak». Mikel Erramuzpe egungo Euskal Kultur Erakundeko presidentea hasi zen orduan kamera batekin probak egiten. «Herrietako gaur-gaurko gaiak hasi zen grabatzen». VHS euskarrian banatzen zituzten ondoren bideoak. Laborariekin eginiko bideoa erakutsi zion Erramuzpek garai hartako prefetaordeari. «Biziki aurrerakoia antzeman zuen». Ondorioz, mendiko leku «galdu» haietako errealitateak bideogintza proiektu baten bidez jaso zezaten diru laguntzak ematea adostu zuten Akitaniak eta Frantziak.

Erramuzpek lanagatik proiektua garatzeko denborarik ez zuenez, harremanetan jarri zen Karrerekin. Garai hartan bukatu berriak zituen ikus-entzunezko ikasketak Baionan. Lagun batzuk bildu, eta proiektuari ekin zioten. Horretan ari zirela, VDPQrekin egin zuten topo. Beste tokiko telebista proiektuak ikusita, euskarazko telebista bat martxan jartzea erabaki zuten. «Irratiak-eta bazeuden euskaraz». Horrela sortu zuten 1993. urtean Kanaldude telebista. Denborarekin, jende ugari batu zaizkie proiektura. «Lurraldeari eta euskarari atxikiak. Garrantzitsua zeritzoten komunikazio mota hori lantzea».

Gaurkotasunari horren lotuta ez egoten saiatzen dira. «Denborarekin lan egin nahi dugu, jendearekin. Telebista pribatu eta publikoen ondoan, beste telebista bat egiteko eredua da gurea». Telebista hedatzeko hainbat saialdi egin dituzte. Hilero bideo zinten bidez banatzen zuten magazin bat. Gero, baimenik gabe hedagailu bat instalatu zuten bi hilabetez emankizunak zabaltzeko. 2007tik aitzina, baina, TVPI katearekin hitzarmena egin, eta ordubete ematen dute egunero. Hego Euskal Herriko tokiko telebistetan ere ikusgai da aste hontatik. Hamaikan, esate baterako, asteazkenero ordubeteko tartea edukiko dute Kanaldudeko edukiek. Bestalde, kanaldude.tv -n ere ikus daiteke telebista.

Parte hartzailea

Herri telebista eta parte hartzailea da Kanaldude. Izaera horretan pauso bat gehiago eman nahi dute. «Ez dugu jendearen ideien antolatzaileak izan nahi. Jendeak ongi ezagutzen du euren lurraldea, eta, beraz, horiek jakin behar dute noiz eta zer gaiak aipatu behar diren».

Telebista egiterakoan «garrantzitsuak» zaizkie laneko momentuak. Gai baten bueltan lauzpabost pertsona biltzen dituztelarik horien artean ere komunikazioa sortzen baita. «Erreportaje bat egitean hautu batzuk egiten dituzu, eta horrek ematen dio ikuspuntua. Fase hori ere irekia izatea nahi dugu». Ikuspuntu askoko jendea gai baten inguruan biltzea «abesgarria» zaie.

20 urte baino gehiago daramatzate telebista ulertzeko era hori aurrera eramaten. «Zepo anitz izan dira bidean, baina lortu dugu pasatzea». Ipar Euskal Herriari «proiektu interesgarria» eskaintzen diote, Karrereren hitzetan. «Euskara telebistaren muinean dago. Pentsatzen dugu zentzu handiagoa duela hemengo bizia euskaraz kontatzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.