Komunikazioa

Gaur eginen dute EITBren elkartasun maratoia, haurren minbizia ardatz

Maratoiarekin bat egingo dute EITBko programa ugarik eta, pertsona ezagunek hartuko dituzte deiak

Kanpainarako pertsona ezagunekin eginiko iragarkiaren grabazioa. EITB.
Donostia
2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Bada oraindik ere minbizia duten haurrekin solidario izateko aukerarik. Iragan asteetan, EITB taldeko hedabideek Izan heroi egun batez kanpaina egin dute, haurren minbiziaz informatu eta sentsibilizatzeko. Eta gaur amaituko dute kanpaina, urteroko elkartasun maratoiarekin. Pilatutako diru guztia ikerkuntzara bideratuko da. Gaurko egun osoan, ohi bezala, pertsona ezagunak ariko dira dirua eman nahi duten herritarren telefono deiak erantzuten. Musikari, aktore, kazetari eta kirolari ugari egongo dira bertan. Maratoiarekin bat egingo dute EITBko programa ugarik ere. Egun On Euskadi saioak ekingo dio zuzeneko kontakizunari, eta Forum saioan, Gurutzetako ospitaleko Haur Onkologia Saileko buruarekin hitz egingo dute. Egun osoan, EITBko hedabide guztiek konexio laburrak egingo dituzte diru bilketa nola doan jakiteko. Albistegietan, tarte zabalagoa eskainiko diote maratoiari. Eguerdian Oihane Mateos kazetaria izango da deiak jasotzeko gunean, eta gauean, Amaia Uribere. Zuzeneko elkarrizketa laburrak egingo dituzte bat egite bakoitzean. Halaber, arratsaldean, Ni más ni menos eta Euskadi directo programek ere tarte zabala eskainiko diote maratoiari. Gauean, ETB2n saio berezi bat gidatuko du Africa Baeta aurkezleak, deigunetik bertatik. Bestalde, ETB1en haurren minbizia ardatz duen erreportaje bat ekarriko du Bisitaria saioak. Bukatzeko, gauerdi aldera, Alberto Surioren ahotan jakingo dute EITBko ikusleek zenbat diru bildu duten. Dirua eman nahi duten lagunek 902-54 25 25 telefonora deitu beharko dute. Eitb.com webgunearen bidez ere egin ahal izango da ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.