Komunikazioa

ETB1en dokumentalak eta informazio saio bat estreinatuko dituzte aurten

Antena3ek magia saio bat hasiko du, eta La1k, sukaldaritzari buruzko bat; AEBetan, telesailak dira nagusi

2013an, Hannibal Lecter pertsonaia ezagunaren inguruko telesaila estreinatuko dute AEBetako NBCn. BERRIA BERRIA / BERRIA.
Donostia
2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gabonetako programazio bereziak bukatzearekin bat, urte berriko estreinaldiak iritsiko dira telebistara. Apustu batzuek erabateko arrakasta izango dute; beste batzuek, berriz, porrot egingo dute. Hasi da lehia.

ETBk iragan urtean txukun ibili diren saioen aldeko apustua egingo du. Berrikuntzarik nabarmenena ETB1eko Debatea zuzeneko saioa izango da, gaur-gaurko gaiei lotua. Astebete barru estreinatuko dute, eta ostegunero emango dute prime time ordutegian. Erpin ekoizpen etxeak egingo du programa, hots, ETB2 katean Ni más ni menos ekoizten duen berak. Iaz ikusle datu oso onak lortu zituen saioak: batez beste, %13,2ko ikusle kuota. Klaudio Landak aurkezten du gaztelerazko programa, eta saio berria gidatzeaz ere hura arduratuko da. Informazio eskaintza zabaltzeaz gain, dokumental sorta bat ere estreinatuko dute ETBko bi kateetan. Azken hiru hamarkadetan, ETB hamaika istorio handi zein txikiren lekuko izan da, eta bertatik bertara jaso ditu euskal gizartearen aldaketak. Gertakizun nabarmenen irudi eta testigantzek beteko dituzte saio sorta horiek.

ETB2n ere izar izandakoen itzalpean segituko dute. Hala, Vaya semanita-ko Nekane Amaya ijito abertzalearen abenturak oinarri dituen ordubeteko saio berezia grabatu dute, eta El conquistador del fin del mundo-ren bederatzigarren denboraldia abiatuko da etzi, berrikuntza ugarirekin.

Magia eta sukaldaritza

Espainiako kateetan estreinaldi bi dira aipagarrienak: Por arte de magia eta MasterChef. Antena3 kateak magia ardatz duen saio bat hasiko du, eta The Magicians saio britainiarraren gaztelaniazko bertsioa izango da: astero, sei pertsonaia ezagun magia ikuskizun ederrenaren saria lortzen saiatuko dira. La1 kateak, berriz, sukaldaritzaren aldeko apustua egingo du denboraldi berrian, sukaldeko lana oinarri duen reality batekin. Saio bakoitzean, sukaldari talde bakoitzak otordu bat eskaini beharko du, aurrekontu jakin batekin eta denbora jakin batean.

Antena3 kateak bigarren saio bat emango dio Carlos Soberari: Increíbles. Partaideek Brain training jokoaren antzeko probak gainditu beharko dituzte. Fikziozko telesail bat ere estreinatuko dute: Cuentos del siglo XXI. Besteak beste, Aitor Luna eta Ester Ballesteros aktoreekin. La1k segida emango dio bere telesail kutuneari: Cuéntame cómo pasó. Gainera, Gran Reserva-ren hirugarren denboraldia hasiko dute astelehenean, Unax Ugalde eta Ursula Corbero aktore berriekin. Amar el tiempos revueltos telesaila Antena3era pasatuko da, Amar es para siempre izenarekin. Cuatrok Homeland eta Elementary telesail arrakastatsuak estreinatuko ditu. Tele5ren apustuak Gran Hermano 14 eta Familia telesaila izango dira. LaSextak Así nos va umore saioarekin beteko ditu arratsaldeak. Anna Simonek eta Florentino Fernandezek aurkeztuko dute. Ostiral gauetan, Iñaki Lopez buru, La Sexta Noche programa hasiko dute. The Walking Dead telesailaren hirugarren denboraldia emango dute.

AEBetan, telesailak izar

Urtea hastean, AEBetan zein telesail estreinatuko zain izaten da mundua. Aurten, nabarmentzekoa da bat: Hannibal (NBC). Brian Cuffek zuzendutako telesailak 13 atal izango ditu, eta Hannibal Lecter pertsonaia ezagunaren istoria kontatuko du, kartzelara sartu aurretik. Noiz aurkeztuko den zehaztu gabe dago. Beste estreinu batzuk: 1600 Penn (hilak10), Banshee (hilak 11), The Carrie Diaries (hilak 14), The Following (hilak 21), The Americans (hilak 30), Do no harm (hilak 31), House of cards (Otsailak 1), Monday Mornings, L.A. Noir, Cult eta Bates Motel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.