Komunikazioa

Euskal irratigintzaren 80. urteurrena ospatzeko jardunaldia antolatu dute

Sortzaileak gogoratu, eta orduko ondarea aurkeztuko dituzte martxoaren 1ean eta 2an, Donostian

Mikrofonoaren aurrean lagun talde handiak bildu zituzten lehenengo euskarazko irratsaioek. BERRIA.
Donostia
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez zen euskara uhinen bidez hedatzen zen lehendabiziko aldia, baina bai euskal irratigintzaren mugarria : 1932ko martxoaren 2a. Lauaxetak, pozez, hala idatzi zuen El día egunkarian: «Txorijak legeixe ibili gura dau geure mintzuak». Egun hartan hasi eta 36ko gerra lehertu bitartean, Igeldoko menditik Euskal Herri osora zabaldu zen hegan zuzeneko lehen euskal irratsaioa, Union Radio garai hartako irrati bakarra medio. Gaueko zortzietatik bederatziak bitartean lekua izan zuten euskal kulturaren momentuko ekintzaile ezagun askok, hala nola Basarri eta Lopetegi bertsolariek, txalaparta taldeek, txistulariek eta bestelako musikariek, eusko abesbatzak eta zenbait idazleek, tartean Lizardi, Aitzol eta Orixe.

Orain 80 urte beteko dira euskal irratigintza oparoari hasiera eman zitzaionetik, eta, horren harira, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak Euskaraz hegaz: euskal irratiak 80 urte bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu, lehen euskal irratiari buruzko hausnarketa egin, Joseba Zubimendi, Ander Arzelus Luzear eta Amale Arzelus sortzaileak omendu eta orduko dokumentazio ondarea aurkezteko. Martxoaren 1ean euskal irratigintzaren historia izango dute hizpide, eta euskal irratia zer izan zen eta nola txertatu zen aztertuko dute, 19:30etik aurrera. Hizlariak Koldo Ordozgoiti, Elixabete Garmendia eta Inazio Mujika Iraola izango dira. Martxoaren 2an oraina eta iraganaren arteko zubia eraikiko dute, sortzaileei omenaldia eginez. Bertan izango da, esaterako, Amele Arzelus, irratiko lehen emakume esataria. Zortzi urterekin euskal irratiko ahotsik ezagunenetarikoa bilakatu zen gatza eta piperra zituen aktorea. Eta, noski, Joseba Zubimendik eta Luzeak egindako lana ekarriko dute gogora.

Kalitatezkoa eta modernoa

Igeldotik emititzen hasi eta urtebetera, Bilboko eta Iruñeko hedagailuak ezarri zituzten. Bi urtera, Gasteizkoa. Uhin ertaineko igorpenak kalitate onekoak ziren, Ipar Euskal Herrian jarraipenaizan zuten eta itsasoz beste aldera ere iritsi ziren, Amerikan saioa inoiz entzun izan zutelarik. Euskararen munduan mobilizazio izugarria ekarri zuen abian jarritako ekinbide horrek, eta errepublikako debekuei aurre egiten asmatu zuten, jakin bazekitelako euskara garapenarentzat zelako garrantzia zuen irratiak. 1935ean, estropaden zuzeneko emanaldia egin zuten lehendabizikoz, eta urtebetera irrati bidez euskara ikasteko eskola jarri zuten martxan. Irrati moderno eta indartsua sortu zuten, hain zuzen, euskal irratiaren garapena beste hizkuntzek irratian izan duten ibilbidearekin parekatu daiteke.

Altxorraren kutxa

Luzear eta Zubimendiren arteko apustu batetik piztu zen euskal irratia sortzeko deia, eta bi kazetariek rol garrantzitsua jokatu zuten irratigintzaren nondik norakoan. Irratia zuzendu eta kudeatzeaz gain, orduko istorioak eraikitzeko egun ezinbestekoa den dokumentazio ugari pilatu zuten: fakturak, gutunak, gidoiak, eta abar. Gipuzkoako Foru Aldundiari lagapenean eman eta digitalizatze bidean den altxorrak garrantzi berezia dauka, 36ko gerra aurreko euskal kulturaren pizkundearen lekuko gisa eta euskarazko kazetaritzaren garapenaren eta kalitatearen adierazle delako. Grabaziorik ez dagoen arren, irratsaio osoen gidoiak daude, hitzez hitz, agian, inoiz halako irratsaiorik errepikatuko delakoan. Behintzat, euskarak irratian hegan egiteko xedea lortu zuten, Luzearren hitzetan: «arranoa baiño erosoago, arranoa baiño kementsuago hegaz dabilkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.