Komunikazioa

'Guaixe' eta Beleixek bazkide berriak lortzeko kanpaina jarri dute abian

Herri batzordeak eta webgunea sortu dituzte proiektuari babesa emango dioten bi mila herritar erakartzeko
<em>Guaixe</em> astekariak ale berezia egin du kanpainaren berri emateko.
Guaixe astekariak ale berezia egin du kanpainaren berri emateko. Z / BERRIA

Ainhoa Arano -

2012ko apirilak 10
Sakanako (Nafarroa) Guaixe astekariak eta Beleixe irratiak kinka larrian hasi dute urtea, eta, halabeharrez, proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duten bazkide berriak lortzeko kanpaina jarri dute abian, apirila eta maiatza bitartean. 2000 esker izenarekin, argi adierazten da helburua: urtean 50 euro ordainduko duten bi mila herritarren babesa lortzea. Babesaren truke, irratia entzuten eta astekaria irakurtzen jarraitzeko aukera izango dute bazkideek, eta, desagertzear dauden honetan, asko da hori. Gainera, eskualdeko 70 dendatan deskontuak eskuratzeko txartela jasoko dute bazkideek. Ekimenaren inguruko informazioa jasotzeko, www.2000esker.blogspot.es webgunea sortu dute. Bestalde, hedabide horien euskarazko komunikazio proiektua babestuko duten bazkideak erakartzeko, batzordeak sortu nahi dituzte eskualdeko herri guztietan.

Tripak eta azalak aldatuta

Nafarroako Gobernuak diru laguntza kendu ostean, Bierrik Fundazioak zenbait neurri hartu ditu gastuak murrizteko. Latzena, langile bat kaleratzea eta bi langileren lanaldiak erdira murriztea. Eta horrek, jakina, eragina izan du hedabideen kalitatean. Guaixe-k zortzi orri izanen ditu kanpainak irauten duen bitartean— eta hortik aurrera 16—. Beleixe irratiak, berriz, bi ordu eta erdira mugatuko du bere zuzeneko emisioa, betiko —11:00 eta 13:30 bitartean—. Komunikabideok erreferentzia dira eskualdeko gertaeren berri euskaraz izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna