Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (VIII)

Lehia desorekatuan parte hartzera «behartuta»

Gaur bukatzen da proiektuak aurkezteko epea; Antxeta, Tas-Tas, Justuri eta Hala Bedik atzo aurkeztu zituzten

Iñaki Ziarsolo Hala Bediko kidea eta Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzailea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Irrati lizentziak banatzeko deialdiaren oinarrietan irrati libre eta komertzialen arteko desoreka egon arren, deialdian parte hartzera «behartu» dituztela salatu dute Antxeta eta Hala Bedi irratietako ordezkariek. Alde batetik irrati lizentzia lortzeko deialdi bakarra dela gogorarazi dute, eta ez dela bereizten irrati komunitario eta komertzialen artean. Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak gaineratu du «moralki behartuta» ere aurkezten direla, euskararen gutxieneko presentzia bermatzeko.

«Orain hartzen diren erabaki hauen ondoren, agian, hamabost urtean irrati diala ez da berriro ere euskaldunduko», gaineratu du Iñaki Ziarsolo Hala Bedi irratiko kideak. Gaur egungo dial erdalduna euskalduntzeko aukera galdu dela salatu dute. EAEko deialdian, euskara hutsezko irratientzat lizentzia gutxi banatuko dira, eta, gainera, betetzen ez direnak gaztelerazko irratien deialdian aurkeztu direnen multzora pasako dira. Bestalde, euskara gutxi baloratzen dela gogorarazi du; Nafarroan baino gutxiago.

Testuinguru horretan irrati komunitarioek irrati komertzialekin lehiatu beharko dute dialean leku bat izateko, baina lehia desorekatua dela nabarmendu dute. Azaldu dute, besteak beste, irratien egitasmoak puntuatzean alor ekonomikoek eta teknikoek irratiaren edukiak baino gehiago puntuatzen dutela, eta aurretik egindako lana ere ez da kontuan hartzen. Hau da, Madrilgo irrati komertzial handiek aukera handiagoa izango dute, nahiz eta irrati komunitarioek aspalditik inguruko biztanleekiko lotura estuagoa duten.

Horrez gainera, irrati egitasmoak aurkezteko berme handiak eskatu dituztela azaldu dute, eta horrek irrati txikiei parte hartzeko aukera zaildu diela. Egitasmoa aurkezteko epea ere laburra izan da, hilabete batekoa. Lan kargari aurre egin ezinik, zenbaitek uko egin diote aurkezteko aukerari. Ordea, Arrosa Irrati Sarearen barruan dauden Antxeta, Justuri, Hala Bedi eta Tas-Tas irratiek egitasmoak aurkeztu zituzten atzo, besteak beste.

Gaur bertan bukatuko da EAEko irrati lizentziak banatzeko deialdia, eta Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko eta jakinarazteko.

«Indartsuenaren legea»

Diala arautzearen garrantzia gogorarazi dute Arrosa Sareko kideek. Diala «indartsuenaren legearen» arabera arautzen dela azaldu du Ziarsolok. «Edonoiz edozein irrati etor daiteke, zure alboan jarri, potentzia gehiagorekin emititu eta zapaldu egiten zaitu; potentzia gehien duenak agintzen du». Hori dela eta, diala arautzearen alde egin dute irrati libreek, txikienak diren heinean kaltetuenak direlako.

Nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzaren deialdiak ez duela konpontzen egoera, eta azaldu dute irrati gehienak egoera «alegalean» utziko dituela, bai irrati libreak bai komertzialak. Arrosa Sareko lau irratiek dialaren azterketa sakona eta behin betiko konponbidea lortzea «guztiz beharrezkoa» dela gaineratu dute. «Premiazkoa da Euskal Herritik sortutako hedabideen euskal lege bat sortzea», aldarrikatu dute.

Era berean, gogorarazi duteirrati lizentziak banatzeko eredu egokiagoak daudela nazioartean. Frantzian, adibidez, frekuentzia batzuk gorde dituzte irrati komunitarioentzat; Ipar Euskal Herrian, lizentzia duten hamar irrati libre daude, besteak beste. Irrati horiek urtero justifikatu behar dute haien jarduna, eta egiten duten lanaren berri eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.