Komunikazioa

Aiaraldea Komunikazio Leihoak euskarazko irrati bat sortu du

Aiaraldea irratiko saioak Internet bidez entzun daitezke, baita FMko 96.5ean ere, Uhinak irratiaren bidez

Aiaraldea irratiak aste honetan hasi ditu emanaldiak, euskara hutsean. AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA.
urtzi urkizu
2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euskarazko irrati bat jaio da aste honetan Araban: Aiaraldea irratia. Airaldea Komunikazio Leihoak sortu du proiektua, eskualdeak zuen «gabezia» bati erantzunez. Txabi Alvarado irratiko arduradunak azaldu duenez, Radio Llodio, Zaraobedigital eta Uhinak izan dira eskualdeko irrati bakarrak: «Elebidunak diren arren, euskarak oso presentzia txikia izan du horietan. Horregatik, euskara hutsezko irrati bat sortzea erabaki dugu».

Aiaraldea irratia Internet bidez entzun daiteke joan den ostegunetik, www.aiaraldea.com webgunean. Internet duen edozein sakelako telefonotan ere entzun daiteke, Uhinbak aplikazioaren bitartez. Halaber, irratiko saioak Uhinak irrati libreko programazioan txertatuko dituzte, eta FMko 96.5 frekuentzian entzun ahalko dira. Facebooken eta Twitterren ere kontua zabaldu du euskarazko irrati berriak.

Aiaraldea irratiak bi motatako programak emango ditu: batetik, irratsaio arruntak, ordu erditik gorako iraupena izango dutenak. Eta, bestetik, mikrosaioak: 15 minutuko programa laburrak. Hainbat gai jorratuko dituzten saioak egingo dituzte: gazteria, historia, musika, bertsolaritza, mendia, nekazaritza... Literatura eta musika proposamenak bilduko ditu, adibidez, Kultur leihoa irratsaioak, bertsolaritzakoa izango da Ai zapotxin eta gaurkotasunari buruzkoa Harian magazina.

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, Aiaraldea irratian saio bat egiteko hiru gauza baino ez dira behar: «Euskaraz egitea, gogoa eta konpromisoa». Programa bat ekoiztera animatzen denari ikasturte osoan zehar saioari eusteko baldintza betetzeko eskatuko diote, ekainera arte. Baita irratiko batzarretan irratsaioaren ordezkariren baten presentzia egotea ere. «Aiaraldea Komunikazio Leihoak ateak beti izangoi ditu eskura eta zabalik euskaraz komunikatu nahi duen banako zein kolektibo ororentzat», azaldu du Alvarazok. «Aiaraldeko errealitatea islatzeko asmoz, elkarte askorekin jarri gara harremanetan. Horren emaitza da Bizkaiko Urtxintxa eskolak balioen hezkuntza zabaltzeko egingo duen Aiszirimola saioa, Taupaka sortzaile elkartearen Taupadaz Taupada programa edo Amurrioko Bertso Eskolaren saioa».

Irratsaioa ekoizteko behar den formazioa eta trebakuntza Aiaraldea Komunikazio Leihoak eskainiko du. Irratiarekin harremanetan jartzeko, honako helbide elektroniko honetara idatzi behar da: [email protected].

Arrosa irrati sarearen partaide

Aiaraldea irratia Arrosa sarearen parte izango da hasieratik. «Horrek lagunduko dio irratiari Aiaraldean egiten den lana ezagutarazten. Gainera, hainbat irratitako saioak hartu ditugu gure programazioa osatzeko. Era berean, Aiaraldea irratiko programa gehienak eskura egongo dira Arrosa sarearen beste komunikabideetan eman daitezen», dio Aiaraldea irratiko arduradunak. «Halako hartu-emanak oso garrantzitsuak dira, Euskal Herriko irrati libreak aberastea bermatzen dutelako».

Arrosa sarearen bitartez, besteak beste, honako saio hauek emango ditu Aiaraldea irratiak: Quark, Zebrabidea, Ibaizabal, Esanak esan, Artayorrean baino Radioformulan hobeto, Matxura buruan ta ibili munduan, Celosamente Gordea eta Gonekin ero bero.

Aiaraldea irratiak «autogestioa, irudimena eta asanblearismoa» ditu oinarri. «Egia bakarraren aurrean, ikuspegi plurala eta zalantzak planteatu nahi genituzke». Euskararen normalizazioa helburu izaki, irrati «herritarra» egiten saiatuko dira. «Herritarrek egina eta herritarrentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.