Euskara informatikaren aroan txertatu duela eta, Abadia saria Ixa taldeari

Ixa taldekoak, Saria banatzeko ekitaldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, euskara sustatzeko egindako ahaleginak eskertuz, Ixa taldeari eman zion atzo arratsaldean Anton Abadia saria. 1996an eman zuen lehenengoz sari hau Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzen diharduten» eragileak saritzea da betiere asmoa. Eta Ixa taldearekin, alde horretatik, gizarteak «zor handia» duela aitortu zuen atzo Garitanok. 1987. urtetik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen abaroan ari den talde bat da, hizkuntzaren prozesatze automatikoaren alorrean. Euskara informatikaren arora egokitzeko erabakigarria izan da haien jarduna. Ekoizpen garrantzitsuak egin ditu: Xuxen zuzentzaile ortografikoa, BertsolariXa errimak bilatzeko tresna eta Anhitz euskararako 3D aditu birtuala, besteak beste. 53 ikertzaile ari dira gaur egun: berrogei informatikari, hamar hizkuntzalari eta ikerkuntzarako hiru teknikari. Berebiziko prestaketa dute denek: 31 doktoreak dira; zazpi, doktoregaiak. Zuhar Iruretagoiena artista gazteak egindako oroigarri bat jaso zuen taldearen izenean Arantza Diaz de Ilarraza ikertzaileak. Halaber, Euskara zuzendari Zigor Etxaburuak aditzera eman zuenez, hemendik aurrera beti artista gazteen lanak erabiliko dituzte oroigarri gisara emateko.

Balendin Lasuen idazleari, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak ohorezko Lauaxeta saria eman dio, euskara sustatzeko egindako ahaleginak eskertzeko asmoz. Euskalerriko Lagunen Elkarteko kidea da, eta kultur jarduera askoren suspertzailea; besteak beste, Durangoko Azokaren sustatzaileetako bat izan zela nabarmendu dute aldundiko iturriek. Zaldibarren sortua da Lasuen, 1924an, eta herriko alkate izandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.