Audience, Gari eta Joseba Irazokik hartuko dute parte Viceko azokan

Euskadiko Soinuak programaren bitartez joango dira; musika merkatuak aurten 25. ekitaldia izango du

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Audience, Gari eta Joseba Irazoki izango dira aurten Euskal Herriko musikaren ordezkariak Viceko musika azokan, Herrialde Katalanetan, Euskadiko Soinuak ekinbidearen bitartez. Ekinbide beraren bidez, hainbat enpresa eta elkarte ere Viceko azokan izango direla iragarri dute Euskadiko Soinuak programaren arduradunek: Kultura Live areto pribatuen elkartea, MIE Musika Industrien Elkartea, Baga-Biga, Black Izar, Bidasoa Folk, Elkarlanean, Errabal, Emankor, Gaztelupeko Hotsak eta Producciones Serrano.

Audience taldea El Sucre aretoan ariko da bihar, 22:45ean, Mistress Games bilduma osatzen duten zazpi kantuak aurkezten. Gari ere bihar ariko da, baina 00:15ean, Jazz Cava aretoan, Ez da amaiera diskoko kantuak aurkezten, bere bakarkako ibilbideko zazpigarren lana. Joseba Irazokiren txanda etzi izango da, 13:30ean, larunbatarekin, Club MV aretoan. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa eskainiko ditu Berako musikariak bere saioan.

Viceko Mercat de Musica Viva azokaren 25. ekitaldia izango da aurtengoa. Euskadiko Soinuak «Euskal Herrian ekoizten den musika zabaltzera eta bertako industria sendotzera bideratutako Eusko Jaurlaritza eta Etxepare Institutuaren programa» bat da, eta hamar urtetik gora daramatza azokara Euskal Herriko musikaren ordezkariak eramaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.