Zibergela

Macintosh, Appleren ordenagailuak

Erabiltzaileentzat PC motako ordenagailuak dira ezagunenak, baina Macintosh markakoak gero eta gehiago ikusi eta saltzen dira. Mac erabiltzaileak dira, hain zuzen, Apple etxearen gailu horien publizistarik hoberenak.

Macintosh ordenagailuen ezaugarrietako bat estetika da. BERRIA / BERRIA.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika zerbitzuak

Macintosh edo Mac moduan ezagutzen dira Applek diseinatu, fabrikatu eta saltzen dituen ordenagailuak. PCen erabiltzaileentzat mundu ezezaguna izan badaiteke ere, Mac motako ordenagailuak erabiltzen dituztenak asko dira, eta, oro har, egin duten hautuaren aldeko jarrera sutsua agertzen dute. Ordenagailu horiek probatu ez dituztenen artean ere oso zabaldua dago ordenagailu egonkorrak direla eta birusek ez dietela erasotzen. Ordenagailu hauen nondik norakoak erakusten saiatuko gara.

Historia

Lehen Macintosha 1984. urtean merkaturatu zuen Apple etxeak. Arrakasta komertzial itzela izan zuen kontsola interfazea alde batera utzi eta sagu eta interfaze grafikoa eskaintzen zuen ordenagailuak. Gaur egungo begiekin museoko pieza dirudien ordenagailu hark 2.500 dolarreko salneurria zuen, 9 hazbeteko pantaila eta 128 Kilobyte DRAM, hau da, Megabyte laurdenera ere ez zen iristen. 80ko hamarkadan izadako arrakasta apurka-apurka itzaltzen joan zen MS-DOS eta ondoren Windows sistema eragilea erabiltzen zituzten PCak agertu zirenean.

1998. urtean, berriki zendu den Steve Jobs Apple konpainiara itzuli eta urte batera, iMac moduan ezagutzen den ordenagailua merkaturatu zen, eta berarekin, egun diharduen arrakastaren bidea berreskuratu zuen Apple etxeak. Ordenagailu hauetan, pantaila eta prozesadorea, dena da bat, eta ondorengo urte guzietan ere, ikono bihurtu den diseinua mantendu egin da.

2006. urtetik aurrera, Applek ordenagailu hauek erabiltzen zituzten prozesadoreak aldatu zituen. PowerPC markako prozesadoreak utzi, eta Intel etxekoak erabiltzen hasi zen. Txip berri hauekin, Applek saltzen dituen ordenagailuek Windows sistema eragilea erabiltzeko aukera dute. Mac OS X sistema eragilea duten makina hauetan, Boot Camp izena duen softwarea erabili behar da Windows instalatu ahal izateko.

Ezaugarriak

Apple etxeak bere gain hartzen du ordenagailu hauen euskarria den hardware eta softwarearen diseinu, fabrikazio eta mantenua. Makina itxiak direla esan daiteke: Macintoshek Applek diseinatutako hardwarea dute, Applek sortutako Mac OS X sistema eragilearekin eta Applek berak garatzen dituen aplikazio sortarekin. Enpresa honek bere produktuaren atal guztiak kontrolatzen dituenez, sistema hauen egonkortasuna handia da PCekin alderatzen baditugu. PC munduan, enpresa batzuek hardwarea bakarrik egiten dute (Acer, Asus, Dell, HP...); Microsoft eta horrelako enpresek sistema eragilea eta milaka eta milaka enpresek softwarea sortzen dute.

Macintosh ordenagailuen beste ezaugarri bat estetika zaindua izan da. Bere iMac G3 ordenagailuaren plastiko garden koloreduna azken hamarkadako ikono bat izan da, eta zer esanik ez azal metalikoa duten Macintosh eramangarriak: macBook ezagunak, eramangarriaren tapan argiztatua agertzen den sagarra eta guzti.

Mac OS X sistema eragileak, Linuxek bezala, Unix du oinarri. 2002. urtetik aurrera, Macintosh ordenagailu guztietan presente dagoen sistema eragilea da. Sistema honen xedea erabiltzaileari gauzak erraztea izan da: adibidez, keinuak erabiliz, akzio ezberdinak burutzen dira.

PCekin alderatuz, oro har, sistema garestiagoak izanda ere, nabarmena da Macen erabiltzaileek markarekiko erakusten duten atxikimendua. Interneten, PC eta Mac erabiltzaileen artean dauden ezberdintasunak erakusten dituzten hainbat ikerketa aurki daitezke. Oro har, maila ekonomiko ezberdinen artean dauden diferentziak nabarmentzen dira: goi mailako ikasketetan, gehiago dira Mac erabiltzaileak, politikoki liberalagoak eta gazteagoak. Ikus daitekeenez, trufarako behintzat ematen du gaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.