Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko elkarrizketa. Rui Costa. Lampreko txirrindularia

«Bila nenbilena aurkitu ote dudan jakiteko sinatu nuen urtebeterako soilik»

Igandean eduki zuen Rui Costa Euskal Herriko Itzuliko etaparik gogorrena, aireportuan ordu mordoa igaro behar izan zituenean. Ume garaian bezala ari da gozatzen ostadar maillota jantzita.

GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Gasteiz
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Sentsazio berezia da munduko txapeldun bat parez pare barkamen eske ikustea. «Lehengoan ezin nuen, ezin nuen... Baina, barkatu». Asteleheneko etapaz ari da hizketan Rui Alberto Faria da Costa (Povoa de Varzim, Portugal, 1986). Lau minututik gora galdu zituen etapaz. Oiartzungo hoteleko logelatik irteteko indarrik ere ez zuen izan orduan. «Barkatu, baina...». Sentimenduz betetako keinua egiten hasi zaio Joxean Fernandez Matxin Lampreko zuzendaria bera ere kazetariari. «Belauna minduta zeukan, eta...». Belauna hainbestean zegoen, baina buruan zeukan amorrurik handiena orduan. Urdazubikoa da bigarren barkamen eskaera hori, hirugarren etapa hasi aurrekoa. Bost galdera erantzun ditu. Begietara begira. Lasai. «Barkatu, irteerara joan behar du jada...». Gasteizen itxi da zirkulua. Irteeran. Isiltasun pixka bat, mesedez: munduko txapelduna ari da hizketan.

Zuretzat erotzeko modukoa izan zen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa. Lasaixeago jada?

Bai... Igandea ez zen izan batere samurra niretzat. Zoritxarrez, amesgaizto bihurtu zen itzuliko lehen etapa gogorraren bezperan atseden eguna izan behar zuena. Atzeratu egin zen hegaldia, denbora asko igaro behar izan nuen aireportuan, ez nuen behar bezala atseden hartu, eta, normala den bezala, ondoren, lehen etapan, ez nintzen ondo aritu.

Zaleei barkamena eskatu zenien berehala.

Zaleen babes handia sentitzen dut beti; nire emaitza onen zain egoten dira denak, konfiantza handia daukate nigan, eta ezin izan nuen erantzun nahi nuen moduan. Azalpenak eman ondoren, horregatik eskatu nien barkamena.

Fisikoki ondo zaude, hala ere. Zer edo zer egin nahiko duzu, ezta?

[Barrez] Ez dakit... Egunen batean saiatuko naiz zer moduz nagoen ikusten. Baina oso suzko lasterketa da hau, abiadura bizian ibiltzen gara beti, eta ez da erraza izaten itxura ona ematea. Txirrindulari indartsu asko daude aurtengo itzulian, Alejandro [Valverde] eta Alberto [Contador], adibidez, baina saiatuko gara zerbait egiten.

Ondo aritu zinen Algarven eta Paris-Nizan. Ondo ekin diozu denboraldiari.

Bai, bai. Baina, berriz diot, Euskal Herriko mendateak ez dira egokiak niretzat. Contador, Valverde... horiek baino pisu handiagoa daukat nik, eta ez da erraza erritmo aldaketei erantzutea. Baina sailkapen nagusiko lehiatik kanpo nagoenez, ea gai naizen ihesaldiren batean-edo sartzeko.

Movistarreko Rui Costa borrokalaria Lampreko Rui Costa taldeburu bihurtu da orain. Zer aldatu da zure eguneroko lanean?

Ezer gutxi. Oso gustura nago taldean; babes handia ematen ari dira, oso pertsona zintzoak dira denak, eta asko ari zaizkit laguntzen. Horixe nahi nuen: giro ona eta hainbat lasterketatan taldeburu izatea.

«Atleta handia da Rui; txirrindularitzarako dohain ikaragarriak dituena». Giussepe Saroni Lampreko manager nagusiak egin zituen adierazpen horiek.

Asko poztu nintzen Giussepek nire gisako txirrindulari bat fitxatu nahi zuela ikusi nuenean. Hazten laguntzen ari zait taldea, bizikleta marka zoragarria daukagu eskura, bizikleta gaineko postura lantzen ari gara... Egia esan, zoratzen nago proiektu honekin.

Harrigarri samarra den arren, urtebeterako kontratua soilik sinatu zenuen Lamprerekin.

Benetan bilatzen ari nintzena aurkitu ote dudan jakiteko sinatu nuen urtebeterako bakarrik. Eta, gaur-gaurkoz, oso pozik nago.

Zein da denboraldi honetako erronkarik handiena?

Ez dakit zehatz. Klasikoetan itxura ona eman nahiko nuke, baina badakit txirrindulari asko iritsiko direla oso indartsu. Eta Tourrean noraino irits naitekeen ikustea da beste erronketako bat.

Hiru asteko lasterketetan zer falta zaizu Contador, Froome, Quintana... horien parera iristeko?

Gogotik egin behar dut lan, oraindik, Contador, Purito [Joaquim Rodriguez], Valverde eta beste hainbaten parera iristeko. Ez da erraza izango, baina horretan saiatzen ari naiz. Gogor ari naiz lanean egunen batean eurekin lehian ibiltzeko.

Munduko Txapelketa egun bakarrean irabazten dela baina urte guztian gozatzen dela esan ohi da. Hala izaten ari al da?

Bai, bai; egia esan, bai. Oso polita da maillot zoragarri hau jantzita gozatu ahal izatea, Euskal Herriko errepideetan batez ere, hemen dauden zaleengatik.

Argazkiak atera eta atera ari zaizkizu zaleak egunero, eta horietako askoren idolo bihurtu zara jada. Zuk ba al zeneukan idolorik umetan?

Betidanik gustatu izan zait asko txirrindularitza, eta ni mutikoa nintzela ere zaletasun handia zegoen Portugalen. Candido Barbosa, Jose Azevedo, Miguel Indurain bera... Oso gustura egoten nintzen txirrindulari handi horiei errepide bazterretik edo telebistatik begira. Eta, pentsa, maillot hau jantzita nabil orain... Ametsa bete dut. Baina oso azkar pasatzen da denbora, eta egunero-egunero gozatu beharra dago.

Euskal Herriko zaleekin harrituta geratzen dira atzerritar asko. Hain bereziak al dira benetan?

Bai, bai. Oso zale bereziak dira. Nabaritzen da txirrindularitza asko gustatzen zaiela. Haurrak, adibidez, eskolatik kanpo egoten dira txirrindularien zain, garrasika. Nabari da txirrindularitza tradizio handia dagoela, eta izugarri eskertzen dugu ematen diguten babesa. Oso pozgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.