Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

'Katrina'

2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Erritmo dantzagarri sendoetan oinarritzen diren doinuak ez dira inoiz musika serio edo artistikotzat hartzenĀ». Arthur Russell amerikar musikari handiak 1986ko elkarrizketa batean esandako horrek,zoritxarrez, 30 urte beranduago indarrean jarraitzen duela esan daiteke. Azken batean, Arthurrek berak garai hartan sortu zituen disko erritmoaren eta abangoardia esperimentazioaren arteko nahasketa miresgarriak oraindik ere ez baititugu erabat hausnartu eta hainbat eta hainbat zaleen harridura sortzen jarraitzen baitute.

Hitz horien harian, zaila zait Treme telesailak ederki azaltzen duen New Orleanseko kulturaren gatazka baino adibide hobea aurkitzea. Orain dela gutxi bukatu berri dut hirugarren eta azken denboraldia osorik ikusten eta kapitulu askotan Arthurren hitzak etorri zaizkit burura. Laburrean esateko Treme-k Katrina ekaitzaren ondorengo New Orleanseko hainbat biztanlek beren kultura, egoitza, ohitura eta izaera mantendu ahal izateko bizi duten etengabeko borroka erakusten digu.

Ekaitzak hiriko bihotzean kokatutako pertsona, eraikuntza eta auzo osoak txikitu zituen, eta hondamendiak urteetan garatutako kultura aberats eta imitaezina deuseztekotan egon zen. Baina filmak zenbait musikariren ekitaldi zoragarrien laguntzaz, kultura tabernatan, eskolatan eta kaleetan bizirik diharduela erakusten digu, garai bateko grabaketa estudioak eta antzokiak uholdeak desegin zituen arren.

Azken kapituluetan jazzaren historiari eta ondareari dedikatutako museo bat eraikitzeko proiektua bultzatzen saiatzen da New Orleanseko Udala, eta emaitza ikusten ez dugun arren, finantzaketa kapitalistan eta azpiegitura erraldoietan oinarritutako proiektua auzoetan bizi eta garatu den musika hilezkor eta dantzagarri horrekin zerikusi gutxi duela garbi azaltzen da. Musika herrikoia entzun, jan, usaindu eta bizi egiten den musika da, eta, museotatik kanpo bada ere, beste edozein ondasun artistiko bezain serioa eta zaindu beharrekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.