Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Larru eta harizko mapak

Bi bikoteek pilota mota ezberdinak aukeratu dituzte: Irujo-Zabaletak luze jokatzeko egokiak; Berasaluze-Albisuk, errematerakoApustuak alde handiz irtengo dira Irujo eta Zabaletaren alde: 100-60ri

Jose Javier Zabaleta, Juan Martinez de Irujo, Juan Mari Juaristi pilota hautatzailea, Jon Ander Albisu eta Pablo Berasaluze, atzo, Bizkaia pilotalekuan, pilota aukeraketan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ez dute sekreturik. Ezta izateko asmorik ere. Igandeko finalean elkarren aurka jokatuko duten bi bikoteek ondo dakite aurkariek nola jokatuko duten, eta zalantzarik bazuten, atzo argitu zituzten. Pilota aukeraketak are garbiago utzi zuen Irujo eta Zabaleta luze jokatzen eta Albisu kargatzen saiatuko direla, eta Asegarcekoak, aldiz, jokoa aurrean ahalik eta gehien nahasten.

Pilotak bainoago, larru eta harizko mapak aukeratu zituzten. Haien bidea zein izango den aurreratu duten lekukoak. Oso desberdinak bi sortak, baina liskarrik gabe. Pablo Berasaluze: «Ez da inolako arazorik egon, nahi genuena aurkitu dugu, eta haienak ere politak dira. Gureak behean ondo ibiltzen dira, frontisetik gutxi irteten dira eta tarteko botea dute. Haienak gehiago irteten dira, eta bote handiagoa dute. Seguru atzera jokatuko dutela». Urdinen aldetik, Juan Martinez de Irujo, ohiko denez, ez zen pilotei buruz mintzatu, baina Jose Javier Zabaletak ondo egin zituen bozeramaile lanak. Beste partida batzuetan arazoak izan arren finalerako pilota egokiak aurkitu dituztela esan zuen.

Berasaluzek ez zituen aurkariaren planak zapuztu. Jakina zena esan zuen, eta Irujok ere oso modu grafikoan deskribatu zuen asmoa. «Berdin zaigu nola jokatu, baina argi dago Albisuk bost t'erditik atzera joka dezan lortu behar dugula. Lautik-eta jotzen hasten baldin bada, akabo». Erreferentzia gertukoa da, ligaxkako azken partidan elkarren aurka jokatu eta Ataungo atzelariak erakustaldia eman zuen. Partida hura, baina, Iruñeko Labrit pilotalekuan izan zen; Iberokoaren ustetan, Bilbokoan gauzak oso ezberdinak dira. «Beste mundu bat da. Bizkaia pilotalekua exijenteagoa da, eta pilota hautatzailea pilota biziagoa sartzen ausartzen da. Hemen jokatzea zailagoa da, biziago doa dena. Bi atzelariak jotzaile handiak dira, eta final deserosoa izango da aurrelarientzat, jokoan sartzea kostako zaigulako».

Pilotalekua osoa Albisuri begira egongo dela dirudi. Finaleko jokoaren ardatza izango dela.Ataungoa, baina, oraingoz lasai dago. «Badakit atzelaria kargatzen saiatuko direla, hala jokatu dutelako txapelketa guztian. Bi atzelarioi dominatzea gustatzen zaigu, eta ea nork irabazten duen. Ni lasai nago, eskuak ondo daude, eta konfiantzarekin nago». Zabaleta, berriz, «urduritasun pixka bat» nabaritzen hasia da. Pasa den asteko entrenamenduan ez zen gustura gelditu, azkenekoan, berriz, bai. Bera ardura, beraz, ondo hastea da. «Lehen tantoak garrantzitsuak izango dira. Ondo hasi eta abantaila txikia lortuz gero, lasaiago jokatzeko aukera izango dugu». Beldur logikoa da, txapelketako hutsune bakarra hor izan baitu, partida batzuetan hotz hasi izana.

Berasaluze da izarra

Pilotalekua goraino beteko da finalean. Bizkaiako harmailetako 3.000 eserlekuak bete egingo dira, eta ikusle gehienak bizkaitarrak izango dira. Haien kutuna zein den argi dago. «Beste 200 sarrera gehiago eman izan balizkidate haiek ere saldu izango nituen», esan zuen umoreko Berasaluzek. Probintzikeria pilotaren bekatuetako bat den arren, ukaezina da jendea mugitzeko ahalmena duen sentimendua dela.

Bizkaiko zaleek buruz dakite honezkero 31 urte pasa direla Roberto Garcia Ariñok bizkaitar batek irabazitako azken txapela lortu zuenetik. Baita Berasaluzek ere. «Gustatuko litzaidake Bizkaia pilotalekuan txapel bat irabazten duen lehen bizkaitarra izatea. Zaleek hala nahiko lukete eta nabaritzen dut, baina badakit oso zaila izango dela. Dena den, nik lortzen ez badut ziur nago goizago edo beranduago gazteren batek irabaziko duela».

Krisi garaietan apustuan jarduteko txakur txikiren bat duenak 100-60ko momioak izango ditu partidaren hasieran. Alde handia da Berasaluzek eta Albisukfinaleko aurkarien kontrako hiru partidetatik bi irabazi dituztela kontuan hartuta. Irujo, halere, ez da iritzi berekoa. «Nik ez dut dirurik jokatzeko asmorik, eta niri dagokidanez finalean parean dago. Diruak ez du partidarik irabazten, ezta emaitzarik aldatzen ere. Horrek ez nau arduratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.