Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Venezuela. Maduroren kargu hartzea. Analisia

Kezka

2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Nicolas Madurok hartu du Hugo Chavezen lekua Mirafloresen, baina ez da, inolaz ere, gobernuak eta prozesu bolivartarra osatzen duten herritarrek hauteskundeak egin baino lehen espero zuten agertokia. Komandantearen heriotzak sortutako mugimendu ezohikoak, emozionalak ere bai, bozak igaro arte bizi-bizi iraungo zuela uste izan zuten, eta, are gehiago, hark lortutako boto kopurua gaindituko zutela.

Hamar milioi boto nahi zituzten, eta 7.500.000 pasatxo lortu dituzte, Chavezen azken hauteskundeetan baino 650.000 boto gutxiago. Eta oposizioa, inoiz baino gertuago, ia erdi eta erdi. Chavezen karisma eta lorpenak ez dira nahikoak izan eredu baten egonkortasuna bermatzeko, eta, hura gabe, ondorena zaila dauka iraultzak.

Chavisten aldean gogoa itzalita dago, kezka izugarria da, ez oso berandu, lehengora itzul daitezkeela pentsatu dutelako, aspaldian lehen aldiz. Nicolas, Sorne, Gladys, Mirentxu eta Amalia ekintzaileak izan dira prozesu honetan, milioika horien artean bost kaleko, eta batzuk besteak baino positiboago, inork ez du zalantzan jartzen une gogorrak etorriko direla. Kopetilun, herritar askoren kontzientzia uste baino ahulagoaz ari dira.

Kanpaina amaitzeko astebete geratzen zela, herrialdearen ekonomia ia eutsiezina zen. Elias Jaua txinatarrekin mailegu bat hitzartzera joan zen, baina Chavezen hutsuneak ekar zezakeen desegonkortasunaz bazekiten asiarrek, eta esku hutsik itzuli zen Venezuelara. Diruaren debaluazioak prezioak garestitu ditu beste behin —irinaren prezioa, egunero gehien kontsumitzen den produktua, bikoiztu egin da ia-ia—, eta merkatuetara produktu batzuk ez dira iristen. Amalia haserre dago Chavezek etxea jarri dienetako asko direlako Caprilesen aldera joan direnak, baina era berean, bere buruari galdetzen dio non dauden petroliotik ateratzen diren irabaziak.

Chavez bizirik zela, egoera aldatzeko ilusioa zegoen, baina orain, ilun dago etorkizuna.

Euria ari du Caracasen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.