Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Euskal Rock Erradikala (II)

2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Euskal Rock Erradikalaz pentsatzean, Loty Negarty musikariak IGUA posta-zerrendan zioen bezala, «mugimendu hark mainstream izateko eduki zuen gaitasuna» interesatzen zait eta, horrekin batera, kanten hitz politizatuak hegemoniko bihurtzen lagundu izana —ñabardurekin, nahi baduzue—.

Boterean dagoenak hegemonia sortzeko bitarteko askoz gehiago ditu. EAJk kulturaren gaineko interes handiagoa eduki izan balu —interes interesatua, nahi bada, baina ez soilik interes interesatu ekonomikoa, gertatu den bezala—, hitz politizatuak egiten z/dituzten musikariei —nahita edo nahi gabe— hegemonia borrokatuko zieten taldeak edukiko genituzke agian, baina jeltzaleek egindakoa CiUrekin alderatzea baino ez dago EAJk kultura kontuetan zein modu estupidoan jokatu duen ikusteko. Esango nuke ezker abertzaleak eta mugimendu autonomoak hegemoniaren partida irabazi diotela eskuinari musikaren —eta, neurri handi batean, kulturaren— arloan, eta ez da ohikoa.

Dena dela, zalantzan jarri nahiko nituzkeen pare bat kontu ekarri ditu hitz politizatuen hegemoniak. Hitz politikoak kantatzea hain orokorra bihurtu zenean, hitz horiek indar politikoa galtzen hasi zirela uste dut. Presoei buruzko lehen hitz politizatuak, bosgarrenak indarra izan dezake; gaia 100 aldiz modu berean tratatu denean, musikari laguntzen dion betegarri bihurtzen da, «ze barne mundu interesgarria dudan» estiloko hitzen hustasunera irits daitekeena. Koldo Izagirrek Joseba Tapiarentzat idatzitako Lagun galduaren geografia izan daiteke kontrakoaren adibide.

Kritikagarriagoa iruditzen zait hitz politizatuek musikaren gaineko ikuspegi politiko falta estaltzea, hitz jakin batzuk egiteagatik talde bat politizatutzat jotzea. Nork bere esparruan ikuspegi eraldatzailea, antikapitalista izan behar duela uste dut. Horrenbestez, ez diot zentzu askorik ikusten musika industriaren parametro kapitalistak zalantzan jarri gabe hitz politizatuak, batzuetan antikapitalistak, kantatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.