Emigrazioak ugaritu direla ukatu du Eustatek, INEren datuei kontra eginez

Immigrazio-emigrazio balantza positiboa izan zen iaz, Eustaten datuen arabera; INEk dio 17.261 lagun joan zirela

mikel p ansa
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ez datoz bat Espainiako Estatistika Institutua (INE) eta Eustat, Eusko Jaurlaritzaren mendeko estatistika institutua. 2011n emigrazioek dezenteko igoera izan zutela esan du INEk aste honetan bertan. Gezurtatu egin du datu hori Eustatek. INEren arabera, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik 34.734 pertsona joan ziren atzerrira iaz; Eustaten arabera, 21.380 baino ez ziren joan (13.000 gutxiago). Immigrazio datuetan ere ez dira ados: INErentzat, 17.473 pertsona iritsi ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iaz; Eustaten arabera, horren bikoitza baino gehiago izan ziren (36.366). Balantza positiboa izan zen Eustatentzat —14.986 pertsona gehiago iritsi ziren, joan zirenak baino—; INErentzat, negatiboa izan zen—iritsitakoak baino 17.261 pertsona gehiago joan ziren—.

INEk astelehenean emandako datuaren arabera, immigrazio-emigrazio balantzan 17.000 pertsona gutxiago zituzten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak iaz; alegia, emigrazioa nabarmen handitu zen. Eustatek gezurtatu egin du datu hori: azken hamarkadan atzerrira jo dutenen kopurua egonkor mantendu da, 21.000 eta 22.000 pertsona artean, baita iaz ere. Eustaten arabera, joandakoak baino 8.333 pertsona gehiago hartu zituen iaz Bizkaiak, 2.949 Gipuzkoak, eta 3.704 Arabak.

INEk nabarmendu zuen immigrazioak zerbait behera egin zuela 2011n, eta, hala, azken urteetako joera aldatu zela. Ez da halakorik sumatzen Eustaten arabera: 2004tik, urtero 30.000 lagun baino gehiago iritsi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Kopuruak ez zuen behera egin iaz. Guztiz kontrakoa, 2010ean baino 2.000 etorkin gehiago hartu zituzten herrialde horiek iaz. Beste datu bat ere eman du Eustatek: migratzaile tasa baxua dutela mendebaldeko hiru probintziek, beste lurralde batzuen aldean. Eta, gainera, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Espainiara, Galiziara eta Herrialde Katalanetara joaten direnak gutxiago direla, lurralde horietatik etortzen direnak baino.

Errolden «proiekzioa»

Nolanahi ere, alde handiak daude bi estatistika institutuek emandako datuen artean. Metodologia ezberdinak erabiltzen dituztelako gertatzen da hori, Martin Gonzalez Eustateko Estatistika Demografikoen koordinatzailearen esanetan. INEk udal erroldak jasotzen ditu, baina «proiekzioak» egiten ditu gero, hau da: ez ditu ematen udal errolden datuak, datu interpretatuak baizik.

Hara zer gertatzen den, Gonzalezen esanetan: «INE ez da fidatzen udal erroldetako datuez». Erroldetan etorkin askoren datuak ez direla ezabatzen edo datuak ez direla egoki kudeatzen uste du INEk. Benetan udal erroldetan erregistratzen diren bajak baino gehiago gertatzen direla pentsatzen du. Alegia, erroldetan agertzen direnak baino gehiago direla udalerria uzten dutenak.

Uste horretatik, kalkulua egiten du INEk, kalkulu orokor bat, eta gero kalkulu hori aplikatzen die Espainiako, Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako herriei. Datu orokor hori partitu egiten du, alegia. Banaketa horretan, «udal erroldak hobeto kudeatzen dituzten udalek emigrazio tasa handiagoak jasotzen dituzte», Gonzalezen hitzetan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak puztu egiten dira. Bartzelonari gauza bera gertatzen zaiola erantsi du. Eustatek, aldiz, udal errolden datu huts-hutsak erabiltzen dituela erantsi du. Onartu du, hala ere, erroldetan jasotakoa baino zerbait handiagoa izan daitekeela emigrazioa berez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.