Heretikoak, elkarren aurka

Martinez de Irujo da faborito gaur Atanon, Bengoetxea VI.aren aurkako buruz burukoaren finalerdian

Bengoetxea VI.a eta Martinez de Irujo, BaraƱaingo Zentrum kirol prestaketa zentroko atletismo pista motzean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Buruz buruko jokoa XXI. mendeko kirol profesionalaren eskakizunetara egokitu zuten bi pilotariak dira. Bote joko klasikoa kantxan ezbaian jarri eta jokatzeko beste modu bat badagoela munduari erakutsi ziotenak. Gerora, agian, Aimar Olaizolak gehiago perfekzionatu du bide hori, baina eurak izan ziren lehen heretikoak: Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea. Gaur elkarren aurka ariko dira berriz, pilotari klasiko baten izenaren itzalpean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Irujok buruz buruko jokoa irauli zuen 2004an txapeldun izan zenean. Dohain tekniko ikaragarriekin, bolea eta aire jokoan oinarrituta jantzi zuen txapela. Gero, beste hiru lortu zituen (2006an, 2009an eta 2010ean), eta aro berri baten urratzaile gisa geldituko da pilotazaleen oroitzapenean. Halere, Bengoetxea VI.ak beste pauso bat eman zuen Irujok urraturiko bidean. Leitzarrak, teorian, ez zuen buruz buruko pilotari handi izateko gihar aldamiorik, baina bere estiloa aurkitu zuen, eta 2008an txapeldun izan zen orain arte jokaturiko final bakarrean. Pilotari lurra ukitzen utzi gabe izan zen txapeldun. Sotamanoa eta erritmoa ziren errezeta, Irujorena baino estilo are biziagoa.

Bengoetxea VI.aren bilakaera, halere, urte hartan gelditu zen, Olaizola II.ak eta Irujok berak ere joko hori nola perfekzionatu duten ikusi baitute. Horren adibide, Iberokoak ordutik irabazitakobi txapelak. Are bizkorrago jokatzea da bidea, eta gaur elkarren aurka ariko diren bi pilotariakespezialista petoak dira. Leitzarrari, baina, kosta egiten zaio finalerdietatik pasatzea. Azken lau urteetan hiru aldiz gelditu da finalaren atarian, eta hiruretan Olaizola II.ak edo Irujok kanporatu du. Mailaketa egitekotan, hura litzateke hirugarrena buruz burukoan.

Irabaziz gero, buruz buruko zazpigarren finala izango da Irujorentzat. Aurtengoa bere ibilbideko hamargarren buruz burukoa da, eta orain arteko batez bestekoak ezin hobeak dira.Bengoetxea VI.aren aurkako aurrekari zuzenak ere aldekoak ditu: bi aldiz jokatu dute elkarren aurka buruz burukoan, eta biak irabazi ditu. Aurrenekoa 2009ko finalerdietan izan zen (22-15). Bigarrena, berriz, 2010ekoaren final-laurdenetako ligaxkan izan zen: 22-10. Bi partida horiek Donostian jokatu ziren; gaurere hor jokatuko dute. Bengoetxea VI.ak, halere, badu buruz buruko garaipen bat Irujoren aurka, 2010eko BBK Mastersean (22-8).

Apustuak, noski, Irujoren alde daude, doblean gutxienez. Bi urte dira ez duela txapelik jantzi, baina iaz txapeldunorde izan zen, eta txapelketako lehen partidan, Mikel Beroizen aurka, erakutsi zuen sasoiko dagoela (22-6). Bengoetxea VI.ak ere partida bakarra jokatu du, Jon Jaunarenaren aurka, eta hark ere nagusitasun handiz irabazi zuen (22-10). Biek ala biek asko bilatu zuten sake-errematea, eta gaur sartuko dira, aukera izanez gero. Manomanista ezin biziagoaren hurrengo pausoa da.

Aldea boteko jokoan egongo da, hor Irujo gehiago baita. Hori izango da Bengoetxea VI.aren buruhaustea eta oreka hautsi dezakeen faktorea. Leitzarrak, baina, fisikoki hobera egin du azken urtean, eta agian hor egon daiteke aurkariaren ahalari aurre egiteko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.