«Une bakoitza harribitxi bat da»

«Inguratzen gaituenari buruz behera begiratzen» saiatu da Ana Urkiza 'Atzorako geratzen dena' lanean

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Aforismo sorta mardula jaso du Ana Urkizak (Ondarroa, 1969) Atzorako geratzen dena liburuan (Alberdania). «Ezustekoz, harriduraz, minez, ezinez, inkoherentziaz, apurduraz, galderez, beldurrez eta jarrai dezaketen abarrez beteriko liburua da», idazleak azaldu duenez. Pentsamendua dago atzean, eguneroko bizitzan ikusten duguna, sentitzen duguna, eta baita ulertzen ez dugun hori ere. «Inguratzen gaituenari buruz behera begiratzen saiatu naiz, beste testuinguru batean gauza horiek nola izango zitezkeen pentsatzen».

Baina hori nola egin? «Erraza da, autobusera sartzerakoan zerbait arraroa ikusten duzu. Eta pentsatzen duzu: 'Ikusi dudan horri buelta emango banio?'. Edo aldamenekoak galdera inozo bat egin dizu. 'Eta hori egin beharrean beste bat egingo balit, zer gertatuko litzateke?'».

Etekina atera dio hausnartzen eta idazten emandako denborari. «Gauzak beste era batera ulertzea eta eraman errazagoa egitea lortu dut. Azken finean, zure ingurua, inguratzen zaituena, ulergarriagoa eta zureagoa egitea». Hori lortzeko, momentua harrapatzen saiatu da, «une bakoitza harribitxi bat da eta». Edonon pitz daiteke bonbilla, edonoiz. «Galderak eginez bizitzearen aldeko apustua egin dut, pentsamendu hori sortuz eta hor sortzen zaizkidanei erantzunez. Antena piztuta edukitzea da kontua, eta bizitzak—krisi garaian ere— ematen dizkigun argi txinparta horiei gainbalio bat ematea».

Iraganari begira

Aforismo liburu bat aurkeztea «ez da lan erraza, edo bai». Liburuak ez du tramarik, ez pertsonaia nagusirik, ezta narratzaile bakarrik ere. Itxuraz, esaldiek ez loturarik; hala ere, «gero irakurtzean harremanak bilatzen dira». Lotura izan zein ez, denek dute zerbait elkarrekin: pentsarazten duten esaerak dira. «Hausnartzera derrigortzen gaituzte, edo harritzera, edo bakarrik inpresio bat uztera». Laburrak dira, zehatzak; zuzenak normalean, ironia puntu batekin batzuk, eta umorez tindatuak besteak; bukaerarik gabeak noizbehinka, eta bukaera dutenak beste batzuetan.

Liburuaren izenburuak eta azalak ere badute mamiarekin zerikusirik. Urkizak gogora ekarri du bere aitaren esaldi bat: «Behin lanetik etorri zen esanez lanak egitea eskatzen zaigunean beti atzoko direla, eta egia da. Nik galdetzen dudana da zer izan zen gure atzoaz, eta zer metatu genuen hartaz. Atzoa gelditzen zaigu, atzorako geratzen zaigu».

Azalean ageri direnak itsasertzeko harriak dira. Idazte prozesu luze baten ondoren azken olatuak hondartza barrenera ekarri dituen harriak. «Izan dira, bilakaera bat izan dute, baina guk jasotzen duguna horren emaitza da. Errealitatearen zati bat baizik ez dira. Horretaz guztiaz pentsatu dut». Aforismoekin batera, Urkizaren alaba Maite Bastidak egindako marrazkiak bildu dituzte liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.