Kirmen Uriberen «arima» liburu batean jaso du Jon Kortazarrek

'Bar Puerto', 'Bitartean heldu eskutik' eta 'Bilbao-New York-Bilbao'-ren azterketa kritikoa egin du 'Bitartean New York' lanean«Metodologiarik gabeko irakurketa saioak» dira, egilearen hitzetan, obrako testuak

Kirmen Uribe ondoan zuela aurkeztu zuen Jon Kortazarrek Bitartean New York, atzo, Bilboko Liburu Azokan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Adiskide batek esaten du Kirmen Uriberen lanek arima dutela, eta bat nator». Jon Kortazar (Mundaka, 1955) literatura kritikariaren hitzak dira, Kirmen Uriberen «arima» Bitartean New York liburuan (Utriusque Vasconiae) gorpuztu berritan. 112 orritan Uriberen unibertso literariora bidaia proposatu dio irakurleari. Horretarako, Bar Puerto, Bitartean heldu eskutik eta Bilbao-New York-Bilbao lanak erabili ditu hegazkin gisa.

Azaldu duenez, oso liburu onak argitaratu dituelako aukeratu zuen Uribe: «Bitartean heldu eskutik ikaragarri gustatu zitzaidan, oso liburu garrantzitsua iruditzen zait». Lan hori hartu du lagin gisa idazlearen egitura, pertsonaien ahotsak, testuaren gorputza, intertestualitatea eta artea iruzkintzeko, besteak beste. Nabarmendutako ekarpenen artean txikitasunaren hobespena, nitasunaren ugaritasuna edo literatura gizarteratzeko komunikazio estrategiak daude.

Bilbao-New York- Bilbao liburutik, esaterako, lau enbarka txartel mahaigaineratu ditu: autofikzioa, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak, literatura komunikaziorako era berriak eta familiaren historia. «Bilbao-New York-Bilbao ez da nostalgia liburua. Etorkizuna da Uriberen literaturan estimatzen dudana».

Izan ere, literatura beste arte munduekin elkartzea garrantzitsua da, Kortazarren iritziz: «Bideoklipa, performancea, gorputzarekin egiten den literatura, Interneteko hizkuntza... Literatura eta beste arteen arteko elkarrizketa beharrezkoa da». Horren adibide gisa aipatu ditu poesia gauzaleengana hurbiltzeko kanta bilakatutako Uriberen zenbait lan liburuaren aurkezpenean. « Literatura ezin da ulertu gaur egun munduan dauden beste eremu batzuekiko zubi lanik gabe», gaineratu du. «Globalizazioa eta Ondarroa kontuan hartu gabe, ezin da Uriberen literatura ulertu».

Komunikaziorako bide berriak erabiltzeak dakartzan abantailez ere mintzatu da Kortazar kaleratu duen liburuan. «Bide erabiliagoak erabiltzen badira, publikoaren ohituretara errazago heltzen da. Zentzu horretan, literaturak gaur egungo munduarekin lotura izan behar du».

«Metodologiarik gabeko irakurketa saioak». Hala definitu ditu Kortazarrek liburua osatzeko egindako azterketak: «Irakurketa saioak dira, saiakera moduan emanda. Ez dago literatura teoria handirik». Bitartean heldu eskutik eta Bar Puerto poema bildumei eskainitako bi kapituluak, 2002an eta 2004an idatzi zituen, hurrenez hurren. «Proiektuak ez zuen aurrera egin, eta orain arte ez dut argitaratu». Bilbao-New York- Bilbao ardatz duena, berriz, 2009an. Zatietako bakoitza garatzeko, batez beste hiruna hilabete eman ditu lanean. Emaitza, Txikiaren handitasuna, Gorputzak eta ahotsak eta Lau enbarka txartel Kirmen uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelarako kapituluak dira.

Kortazarren lana irakurri ez badu ere, proiektuari interesgarria irizten dio Uribek: «Jonen azterketak oso zehatzak dira, eta lotura handiak egiten ditu garaiko estetika eta kanpoko idazleekin. Egiten duguna argiago ikusten laguntzen digute kritikek».

Baina bera ez dela lan hori merezi duen bakarra adierazi du. «Ni hemen banago aurretik idazle asko egon direlako eta atzetik beste batzuk datozelako da». Erreferentziatzat dauzka, besteak beste, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Iñigo Aranbarri, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano. «Hainbat dira asko gustatzen zaizkidan idazleak. Ez naiz ezer aurreko idazlerik gabe, kritika literarioa idazle gehiagok merezi dute».

Kritikak, beharrezko

Kortazarren ustez, literatura kritikak beharrezkoak dira: «Estetika desberdinak daude sistema literarioan. Kritikak normalak dira eztabaida literario batean, batzuetan mingarriak badira ere».

Uribek «neurrian eta errespetuz» hartzen ditu kritikak. «Idazleak badaki zertan egiten duen kale eta non den ona, pilotariek bezala. Kritikak modu baikorrean hartu behar dira. Hori bai, fede onez eginda badaude». Haatik, idazleen lana eusteko oinarrizko zutabetzat du «aparatu kritikoa».

Uda ostean, egungo haur eta gazte literaturaz egindako azterketa kaleratzeko asmoa du Kortazarrek. Aurrera begira, 80ko eta 90eko hamarkadetako ipuingintzaren idazle esanguratsuenekin lan bera egiteko asmoa ere badu. Zerrenda luzea badu ere, Iban Zaldua, Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano eta Koldo Izagirreren lanak dituela buruan aurreratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.