25 urtez marraztutako bidetik

Su Ta Gar baikortasunez mintzo da gai latz eta gogorrez, 'Bizirik gaude' hamargarren estudioko diskoan

Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel, Xabi Bastida eta Igor Diez Su Ta Garreko kideak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren unean uneko egoera sozial eta politikoari kantatu izan dio Su Ta Garrek, betiere hitz borrokalariak baliatuta. Orain, hasi zirenetik mende laurden igaro denean, «botere ekonomiko eta politikoaren aurrean» herriak bizirik segitzen duela aldarrikatu nahi dute Bizirik gaude (Jo ta Ke Ekoizpenak) haien estudioko hamargarren diskoarekin. Eta ohiko estiloari eutsi diote horretarako hamar abestietan, ez baitira atera azkeneko 25 urteotan marraztutako bidetik. Aditu daitezke baladak, hard rocka, heavy metala, eta baita trash metaleko doinu gogorrenak ere. Baina musikaren iluntasunari «baikortasunez» landutako gai «gogor eta latzen» hitzak kontrajartzen zaizkio, Aitor Gorosabel taldearen abeslari, konpositore eta gitarra jotzailearen iritziz.

Estiloari dagokionez, Zure baitan kanta da salbuespena, haren ustez. «Diskokoa singlea da, eta badauka lelo poperoago bat. Hitz egiten du taldeaz, eta esan daiteke dela abesti diferenteena». Pentsatzen du askotarikoa, zuzena eta freskoa atera zaiela Bizirik gaude. «Eta oso bat-batekoa da, gainera. Azkar eta modu naturalean egindako abestiak dira. Halere, horrek ez du esan nahi denbora hartu ez dugunik horiek fintzeko».

Iazko irailean hasi zen Gorosabel abestiak konposatzen, eta joan den udan grabatu zituzten Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan, Aitor Ariño teknikariarekin. Munstro hilak (1993) geroztiko lan guztiak han grabatu dituztela argitu zuen Xabi Bastida gitarra jotzaileak, atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Diskoaren masterizazioa ere han gauzatu dute. Euskal Herrian badira taldeak kanpoan egiten dutenak, eta Bastidari iruditzen zaio interesgarria izan daitekeela, baina baita arriskutsua ere. Onartu zuen ez direla beti, beharbada, erabat konforme egoten diskoak edukiko duen soinua bilatzerakoan, baina badakitela, behintzat, elkar ulertu ahal izango dutela Ariñorekin. «Beldurra ere ematen digu kanpoko produktore batengana jotzeak. Zure gainetik jar daiteke, eta azken emaitza lardatsa izan daiteke... Nahiago dugu hemen: dela erosotasunagatik, dela beldurragatik-edo...».

Hala egin dute azkeneko 25 urteotan. Diskoaren izenburuarekin haiek tarte horretan egindako lana aldarrikatu nahi dutela dirudi, baina zerikusirik ez duela azaldu zuen Gorosabelek atzo. «Langile mugimenduak garai batetik aurrera egindako lanaz mintzo da». Halere, izenburua taldearen lana goraipatzeko ere erabili ahal izango litzatekeela aitortu zuen, umorez. «Izan ere, talde batekin 25 urte egitea ez da ohikoena».

Kanta baten izena ere bada, eta Iker Rocandio Su Ta Garren ohiko kolaboratzaileak egin dizkio hitzak. Borxa Arrillaga taldeko bateria jotzaile ohiak ere ondu ditu beste birenak: Poema-renak, eta Nana-renak. Gainontzekoak Gorosabelenak berarenak dira. Eta «herriari zuzendutakoak» izaki, mintzo dira gaur egungo gaiez. Badira, esaterako, bizpahiru, krisi ekonomikoaz. «Etxeen desjabetzea pairatzen ari den jendeaz hitz egiten dut batean, eta Borxak [Arrillaga] ondutako batek Espainiak Euskal Herriari aplikatzen dion politika ekonomikoa du hizpide». Maitasunezko pare bat ere badira diskoan, Iñigo Cabacas Ertzaintzak hildako gazteari eskainitako Txakurrak solte, eta Nazkatu naiz euskararen aldekoa. adibidez. «Zein zaila den euskaraz mintzatzea... Gai korapilatsua da... Tentuz ibili beharra daukazu euskaraz hitz egiteko eskubidea aldarrikatzen duzunean».

Egitekotan, zerbait txukuna

1988ko abuztuaren 14an eman zuen Su Ta Garrek lehen kontzertua, eta 25. urteurrenaren harira «zerbait» egin zezaketela pentsatu zutela onartu zuen Gorosabelek. Baina egitekotan, zerbait horrek txukuna izan beharra zeukan: «Ez genuen argi ikusten zer egin. Ez genuen erdipurdiko ezer egin nahi. 20. urteurrenean CD bikoitz bat eta DVD bat kaleratu genituen. Hura modu indartsuan ospatu genuen, eta 25.a berehala etorri da». Igual 30 urte betetzen dituztenean egingo dutela iruditzen zaio.

Hasieratik Gorosabelek eta Bastidak jarraitzen dute. Galder Arrillaga bateria jotzailea, Borxaren anaia, 2001ean hasi zen, eta Igor Diez baxu jotzaileak bi urte daramatza, eta lehen diskoa du, Amets pilatzen-en (2011) ez baitzuen parte hartu.

Xanti Rodriguez argazkilariak egin du digipackaren diseinua. «Harrigarria da gugan, lehen zirriborrotik asko gustatu zitzaigulako haren ideia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.