Bildu «bide onetik» doala adierazi du Maixabel Lasak

Aurrerapausotzat dauzka Lohitzune Txarolak esandakoa eta Tolosako Udalak Jauregiren oroitarria konpontzea

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako biktimen arreta guneko zuzendariak atzo adierazi zuen ezker abertzaleak eta Bildu koalizioak azken egunetan egindako keinuak «norabide onean emandako aurrerapausoak» iruditzen zaizkiola. Bi keinu hartu ditu kontuan Lasak hori esateko orduan: batetik, Lohitzune Txarolak biktimen omenaldietara joango direla esanez egindako iragarpena eta, bestetik, Tolosako Udalak Juan Mari Jauregi zenaren oroitarria konpontzeko hartutako erabakia.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarolak herenegun publikoki adierazi zuen Bilduren agendan dagoela ETAren biktimak gogoratzeko egiten diren ekitaldietan parte hartzeko gaia. Gaiari helduko diotela eta omenaldietara joango direla jakinarazi zuen, baina ez zuen zehaztu noiz.

Era berean, Tolosako Udalak adostutakoa ere garrantzitsutzat jo zuen Lasak. Atzo 11 urte bete ziren ETAk Juan Mari Jauregi, Gipuzkoako gobernadore zibila eta Lasaren senarra hil zutenetik. Hura gogoratzeko Tolosan dagoen monolitoak kalteak izan ditu egunotan, eta Bilduk, Tolosako Udalean agintean dagoela, konponketa lanak udalak ordaintzea erabaki du. Lasaren ustez, «orain gutxi arte ezker abertzaleak horrelako erabaki bat hartuko zuela pentsatu ezinezkoa zen, baina egoera eta modu berrietara egokitzen ari da Bildu, eta hori nabarmendu beharreko kontua da».

Aurrerapauso hori jende askok, baita berak ere, denbora luzean espero zuela ere erantsi du Lasak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Baina ezker abertzaleari autokritika egin dezan eskatu dio biktimen arreta guneko zuzendariak, hasitako bideak jarraipena izan dezan.

Lasak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak izendatutako Memoriaren Egunerako lanean dabilela. Biktimen eguna azaroaren bata da. Hala ere, aurrerapausoak aurrerapauso, ez du espero ezker abertzaleak ekitaldi horrekin bat egingo duenik, «goizegi» iruditzen baitzaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.