Protesta egin dute Bilbon, Zulueta eta Sagarminaga auzokideak askatzeko

Hainbat elkartek protesta debekatzeko eskaera egin arren, Auzitegi Nazionalak ez du arrazoirik ikusi

Bilboko Alde Zaharrean atzo egindako manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ehunka lagun bildu ziren atzo arratsean Bilboko Santiago plazan Konponbideari erasorik ez zioen pankartaren atzean. Hilaren 8an Arantza Zulueta eta Aitziber Sagarminaga Alde Zaharreko auzokideak atxilotu zituzten, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzakidetza Lanetarako Taldeko beste sei kiderekin batera. Horiei babesa agertu eta aske uzteko eskatzeko manifestazioa egin zuten atzo. Hainbat biktima elkartek manifestaldia debekatzeko eskaera egin bazuten ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak ez zuen deialdia debekatzeko zantzurik ikusi.

Lasaitasun osoz igaro zen manifestazioa. 19:30ean abiatu zen Santiago plazatik, eta Alde Zaharreko kale estuetatik igaro ostean, Zamudio plazan eman zioten amaiera. Sagarminaga eta Zulueta askatzeko oihuak izan ziren gehien entzun zirenak. «Alde Zaharrean nahi ditugu», adierazi zuen Iurgi Vidalek, manifestaldiaren deialdia egin zuten auzokide, lagun eta senide guztien izenean.

EPPK-ko zortzi mintzaideak atxilotzea eta espetxeratzea hainbat pausori emandako erantzuna dela adierazi zuen Vidalek: «EPPKren adierazpenean eta preso ohien agerraldian Aitziberrek eta Arantzak erakutsitako konpromisoari etsaiek egindako erasoa da». Bestalde, hainbat hedabidek zortzi atxilotuekin, eta bereziki, Zuluetarekin izandako jarrera «gogoangarria» salatu nahi izan zuten. Vidalek nabarmendu zuen bake prozesuak aurrera egin dezan ezinbestekoa dela euskal presoen eskubideak errespetatu eta betearaztea: «Hemen gaudenok eskubide horiek defendatzeko konpromisoa berresten dugu, Aitziberrek eta Arantzak egin bezala».

Debekurako «zantzurik» ez

Atzo eguerdian eman zuen manifestazioa egiteko baimena Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak. Joan den astean Bilboko senide eta auzokideek deialdia egin eta berehala igorri zuten hori debekatzeko eskaera AVTk eta Terrorismoaren Biktimen Babeserako Taldeak Auzitegi Nazionalera. Ostegunean Dignidad y Justicia elkartea gehitu zitzaien debeku eskaerara, «terrorismoa goraipatuko» zutelakoan. Mobilizazioa debekatzeko eskatzeaz gain, epaileari eskatu zion «berehala» emateko Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari deialdiaren inguruko txostena egiteko agindua. Baina epaileak atzo adierazitakoaren arabera, ez zuen debekurako arrazoirik ikusi.

Eloy Velasko epaileak zuzendutako operazioan atxilotu zituzten, joan den urtarrilaren 8an, EPPKren bitartekaritzako kide diren Zulueta, Sagarminaga, Jon Enparantza, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Atzo hamar egun bete ziren epaileak bitartekariak espetxera bidaltzeko agindua eman zuenetik, «ETAko kide» izatea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.