Sorginkeria eta arrantza itsasontzi berean sartu ditu Zubizarretak

'Hiru egun balearen sabelean' haurrentzako ipuina sortu du idazleak, eta Jokin Mitxelenak ondu ditu ilustrazioak

Patxi Zubizarreta, Donostiako Untzi museoan, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Sorginkeriari, San Joan suari eta tradizioari buruzko ipuin bat idazteko enkargua jaso zuen Patxi Zubizarretak Debako Udaletik (Gipuzkoa), eta itsasoan girotutako istorio bat sortu du. Sorginkeria, magia eta garai bateko arrantzaleen bizimodua haur baten begietatik kontatu du Hiru egun balearen sabelean liburuan (Pamiela). San Roke itsasontzian Ternuarainoko bidaia egiten duen txo baten istorioa idatzi du. «Batzuetan haurrek gurasoak salba ditzakete», laburbildu du idazleak.

Ipuina prestatzen ari zela jakin zuen idazleak «Galizia eta Ternua geografikoki bat izan zirela garai batean, Azore uharteak Himalayako mendiak bezain garaiak direla edo balea baten bihotza auto baten neurrikoa izan daitekeela». Jon Maiaren Apaizac obeto liburua ere irakurri zuen. «Eta halako batean konturatu nintzen erdibidea banuela, hau da, San Joan sua arrantzaleek Ternuan ospatuko zutela, gau zuria esaten dioten horretan, han ez dagoelako gaurik».

«Misterio» gehiago ere aurkitu zituen istorioa osatzen ari zela. Afrikako hainbat lekutan suge hitza esan ezin duten bezala, euskal arrantzaleek sagu, katu, deabru eta sorgin ezin zituztela aipatu jakin zuen, «parte txarrekoak» zirelakoan. Sagu hitzaren ordez, belarri txikia esaten zuten; katu-ren ordez, putz egitekoa; deabrua izendatzeko, beste mutila, eta sorgina esan beharrean, pendulen aurkakoa. Lau horiexek dira liburuaren atal bakoitzeko ahots narratzaileak. Idazten zihoana Jokin Mitxelena ilustratzaileari pasatzen zion, eta haren marrazkiak «opari baten moduan» jasotzen hasi zen.«Eta halaxe joan zen poliki-poliki sortzen sorginkeria eta arrantza uztartzen zituen istorio hau».

Ahots ugaritasun horrek liburuari bizitasuna ematen diola iritzi dio Manu Lopez Gasenik, Pamielaren izenean. Herri literatura oso presente dago haren ustez, baina baita literatura klasikoaren oihartzunak ere, Moby Dick, Altxorraren uhartea eta beste, pertsonaia gazteak baitira protagonista guztietan. Beraz, Zubizarretaren literaturaren ohiko osagaiekin egindako liburua dela esan zuen. Idazlearen ustez, «oso istorio tradizionala izan daiteke, baina oso modernoa, kontatzeko moduagatik».

Debako Udalaren ekimenez argitaratu dute lana. Azken urteotan herriko kondaira, ohitura eta tradizioak biltzeko ahalegina egiten ari da udala, Nekane Arakistain zinegotziak azaldu duenez. Bide horretan kaleratzen duten laugarren liburua da. Liburu dendetan jarriko dute salgai, baina Debako haurren artean ere zabalduko du udalak, eskolan lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.